Battitt Crouspeyre. Aurkezlea

«Errezeta bera da, baina zapore berria eman nahi diot saioari»

Sei urte eman zituen Crouspeyrek Euskal Irratietan, eta lehen esperientzia du telebistan, Kanaldudeko 'Harri Salda'-n. Adierazi duenez, bertako «kodeak eta moldeak» ezagutzen ari da.

KANALDUDE.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Kanaldudeko Harri Salda saioa aurpegi berriekin itzuli da. Aurkezle berria du: Battitt Crouspeyre (Baigorri, Nafarroa Beherea, 1989). Duela hiru urte hartu zuen kazetaritza uzteko erabakia, baina Kanalduderen eskaintza onartzea erabaki zuen. Kazetaria, bertsolaria eta mahastizaina da familiaren etxaldean. Bertan lanean ari zela hartu du kazetariaren deia.

Nola iritsi zitzaizun saioa aurkezteko aukera, eta nola hartu zenuen zuk?

Duela hiru urte utzi nuen kazetaritza, mahastizaintzan aitaren segida hartzeko. Sei urtez Euskal Irratietan aritu naiz. Uda honetan iritsi zait galdera programatik, etapentsatu ostean, eta tarte batez, bederen, kazetaritzara itzuli naiz.

Noiztik datorkizu mahatsenganako interes hori? Eta nola uztartzen dituzu bi lanak?

Programa aski egokia da nire mahastizain lanarekin uztartzeko, asteroko maiztasunarekin egiten baita. Kazetaritza utzi nuen arren, beti bizi izan dut hurbiletik. Tokiko hedabideetatik edaten dut, eta interes hori beti egon da ene barnean. Lantaldearen babesa neukala ziurtatu nuen eskaintza onartzeko. Ni icebergaren punta naiz, baina egun eta erdiz egiten dut lan bertan. Beste egun guztiak mahastietan igarotzen ditut, eta lantaldeak egiten du saioaren lan hori.

Aurkezle lanak bakarrik egiten dituzu? Zehazki zer lan duzu saioan?

Ez. Gonbidatuak lotu behar ditut, eta kronikariekin harremanetan jarri beharra dut. Astean bilkura bat egiten dugu, eta asteko lanak banatzen ditugu. Ni elkarrizketen edukian aritzen naiz; mamia lantzen dut. Telebista saio bat egiteko behar den gainerako guztia lantaldeak egiten du.

Ez da saio berri bat. 100 programa baino gehiago ditu. Hortaz, badaukazu erreferentzia bat.

Bai, hala da. Martxan den tren batean sartu naiz. Lau denboraldi pasa ditu saioak, eta bere ohiturak dituen lantaldean sartu naiz. Saioa ezagutzen nuen, eta aurkezleak ere bai. Horiek egin duten lanetik abiatu naiz, baina nire ukitua ere ematen saiatzen naiz, nik nire interesguneak baititut. Errezeta bera da, baina zapore berria eman nahi diot saioari.

Egin dituzue zenbait saio jada. Zer moduz joan dira? Zer moduz irten zara grabaketetatik?

Lan berria da enetzat telebistarena, eta bertako kodeak eta moldeak ezagutzen ari naiz. Lehen fase hori pasatuta, gero eta gehiago erlaxatzen ari naiz. Talk show bat da, eta gorputza tresna garrantzitsua da telebistan, irratian ez bezala. Jarrera hori ari naiz ikasten.

Telebista aurrean inprobisatu beharra izaten da askotan. Zu bertsolaria ere bazara. Errazagoa egingo zaizu inprobisatzera ohituta egonda, ezta?

Orain arte gauzak kontrolaturik atxiki nahi izan ditut beti. Orain ikasten ari naiz gonbidatuak beste toki batera eramaten banau harekin joaten solas hori elikatzeko. Halere, askotan esaten dut: bertso txapelketa batera atera dena beste estres une guztiak kudeatzeko gai izanen da [barrez]. Baina bai, inprobisatzen ibiliak sorpresari erantzuteko gaitasuna ematen du. Hala ere, ez naiz Andoni Egaña! [barrez].

Prentsa idatzian lan egin duzu, Euskal Irratietan ere bai, eta orain kamera aurrean zaude. Zein duzu gogokoen?

Prentsa idatzian gutxi idatzi dut; anekdotikoa da. Eta telebistan ere ezagutza fasean nago oraindik. Zaila da alderatzen. Irratian sei urte egin ditut, eta asko maitatu dut. Arrunt gauza desberdinak dira. Irratiak askatasun handiagoa ematen du, eta bat-batekotasuna. Telebistak beste baliabide batzuk ditu. Gai aski konplikatuak irudiarekin hobeto azaltzen dira, adibidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.