Errepresioari pultsua TV3en

'Pressumtes culpables. Els altres Altsasu' dokumentala 345.000 herritarrek ikusi dute TV3en. 'Altsasu auziko' bi gaztek Kataluniako errepresio kasuak ezagutzen dituzte hartan.

Jokin Unamuno eta Adur Ramirez de Alda dira Pressumptes culpables. Els altres Altsasu dokumentaleko gidariak. TV3.
urtzi urkizu
2022ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Aurreko astean ikusle datu oso onak lortu zituen TV3eko Sense ficció saioan Non dago Mikel? dokumentalak. Eta, aste honetan, oihartzun handia izan du programa berean eman duten Pressumtes culpables. Els altres Altsasu lanak. Hartan, espetxean zer bizi izan duten kontatzen dute Altsasu auziko Jokin Unamunok eta Adur Ramirez de Aldak, eta erabakitzen dute Kataluniara joatea «beste Altsasu auzi batzuk» ezagutzera. Jasotako elkartasuna itzultzeko ahalegina azaltzen dute biek. Dokumentala izan zen asteartean bere ordutegian gehien ikusi zen emanaldia —Albert Segura eta Anna Sanmarti dira zuzendariak—: %15,2ko ikusle kuota lortu zuen Katalunian (345.000 ikus-entzule).

Gau berean, Amets Arzallusek eta Marc Parramonek zuzendutako Altsasu (gau hura) dokumentala eman zuen TV3ek. %9,8ko ikusle kuota lortu zuen (123.000 ikus-entzule).

Bi dokumentalak TV3eko webgunean ikus daitezke —Arzallusenak muga batzuk izan ditzake datozen asteetan, jaialdietako parte hartzeak direla eta—.

Monste Armengou dokumentalgile eta Sense ficció saioko zuzendariak —2008an sortu zenetik ari da programan lanean, eta 2017an izendatu zuten zuzendari— nabarmendu du azkeneko bi asteetan «gai gogorren pultsua» berreskuratu dutela eta «oso ondo funtzionatu» dutela dokumentalek. Non dago Mikel? eman zuten gauean, errepresioarekin lotutako beste lan bat eman zuten ondotik: Ipar Irlandako familia batzuek Erresuma Batuaren gerra zikineko kasuak azaleratzeko egindako borrokari buruzkoa.

Armengouk aitortu du gaueko bigarren dokumentalak ikus-entzule gutxiago izaten dituela normalean. «Baina Altsasu (gau hura)-ren datua oso ona da. Kontuan izan behar da bigarren lana berandu ematen dela eta ikus-entzulea emozionalki nekatuta egoten dela. Sarri herritarrek nahieran ikusten dute gero».

Dokumentalgileak nabarmendu du programak ikus-entzule «enpatikoak» dituela. «Ikusleek elkartasun handia erakusten dute besteen tragediekin». Zera ohartarazi du: «Kataluniako prozesuaren nekeagatik eta pandemiaren efektu emozionalagatik, nabaritu dugu ikus-entzuleak nekatuta daudela gai gogorrekin. Konfinamenduak erraztu zuen plataformetako fikzio asko kontsumitzea. Baina azken bi gauetan errepresioarekin lotutako gaiak izan dira, eta jendeak ez gaitu abandonatu. Nabarmentzeko moduko datuak lortu dituzte dokumentalek».

Telebista emisioaz harago

Azkeneko bi asteetan TV3ek eman dituen dokumentalek oihartzuna izan dute Kataluniako beste hedabide batzuetan, bereziki Mikel Zabalzaren auziari buruzkoak. Zazpi egunez TV3eko webgunean ikusgai egon da, eta normalean baino ikustaldi gehiago izan ditu Kataluniatik kanpo. Asteburura arteko datuak ditu saioak, eta 15.000 ikustaldi baino gehiago izan ditu Amaia Merinoren eta Miguel Angel Llamasen filmak —telebistako estreinaldiak 359.000 ikus-entzule izan zituen—. Saioko beste dokumentalekin alderatuta, %58 egin du gora Kataluniatik kanpoko ikustaldien kopuruak. ETBk esan du Non dago Mikel? aurten emango duela.

Interneteko sare sozialetan ere iruzkin asko eragin dituzte Mikel Zabalzari buruzko lanak eta Altsasu auziari buruzkoek. «Halako gaiek oihartzun handia dute Katalunian», azaldu du Armengouk. «Gure publikoa kidekoa da euskal gaiekin».

Pressumtes culpables. Els altres Altsasu dokumentalak Euskal Herrian izandako errepresiotik Katalunian jasandakora jauzi egiten du, eta Poliziaren jokabidea eta justizia eredua auzitan jarri. Armengouk gogoratu du TV3ek Altsasu auziari buruzko dokumental bat eman zuela 2019an; eta iaz, K2000 ekoiztetxearen telesaila —katearen urteko emankizunen artean, gehien ikusietan bigarrena izan zen—.

«Auzia formatu desberdinetan esplikatuta zegoen, baina hortik harago doa estreinatu berri duguna. Jokin Unamunori eta Adur Ramirez de Aldari egin zaien mina erreparatu ezinezkoa den arren, ziklo bat amaitu dute, eta beste Altsasu auzi gehiago daude jende gehiagorentzat. Lanean ikusten da segurtasun indarrekin edozein istilu baldin baduzu terrorismo auzi batean amaitu dezakezula». Dokumentalgileak uste du herritarrak «desmobilizatzeko» mezua zabaltzeko saiakera dagoela horren atzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.