Komunikazioa

Erreportaje saio bat gidatuko du Nagore Aranburuk ETB1en, bihartik

Euskal Herrian bizi diren txinatarren lekukotasuna jasoko du estreinako saioan, 23:15etik aurrera

Nagore Aranburu aktorea, Nago erreportaje saioko grabazio lanetan. EITB.
Iñaki Lasa Etura.
2014ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Nago erreportaje saioa ematen hasiko da ETB1 bihartik aurrera. Nagore Aranburu aktorea izango da programa berriaren aurkezlea. Jakin-minez beteriko elkarrizketagilearen rola hartuko du azpeitiarrak, eta «begirada propioa» emango dio astero gai edo pertsonai jakin bati. Tribuaren berbak saioaren ondoren emango dute, 23:15 aldera, eta 35 edo 40 minutu iraungo du atal bakoitzak.

Euskal Herrian bizi diren txinatarrekin izan da estreinako saiorako Aranburu. Haiekin hitz egin du, eta haien bizipenak ekarriko ditu pantailaren aurrera. Txinatarren kulturari buruz ariko dira: ea mantentzen dituzten ohiturak sorlekutik hain urrun eta ea nola egokitu diren hemengo ohituretara.

Elkarrizketa bitartez harilkatuko du erreportajearen mamia aurkezleak, protagonistekin solas eginaz. Elkarrizketatuaren esanei emango die garrantzia saioak, lekukotasunari. Horren bidaide bihurtuko da Aranburu: «Aukeratutako gaiak edo pertsonaien bizipenak du protagonismoa, ni programako lotura naiz». Iritzi berekoa da Maider Egues Nago-ren zuzendaria: «Lekukotasunari ematen diogu garrantzia, elkarrizketatuak zerbait interesgarria esateari».

Askotariko gaiak jorratuko dituzte datozen asteetan, gai sozialak, ikus-entzulearentzat gertukoak izan daitezkeenak. Ez dira zertan puri-purian dauden gaiei buruz ariko, baina bai airean dauden kontuen inguruan. Astebeteko saioa izanik, gai horiek lasaiago lantzeko aukera izango dute, ikuspegi propioa emateko moduan.

Aurkezle lanak egitea ez da erronka guztiz berria azpeitiarrarentzat. Aurretik Ipupomamua haurrentzako literatura programan aritu zen, euskal telebista publikoan. Nolanahi ere, antza gutxi dute bi saioek. Ilusioz eta errespetuz hartu du erronka berria: «Ilusioa dut proiektu berri bat hartzeagatik, eta errespetua, ez dakizulako inoiz zer gertatuko den, nola moldatuko zaren».

Oraingoz «lekua bilatzen» ari den arren, «eroso» ikusi du bere burua lehen grabazioetan; batez ere, aurkezpena egiteko garaian. Izan ere, gaiari heldu aurretik, aurkezpen modukoa egiten du. «Kazetari baten lanera baino gehiago, aktore baten lanera hurbiltzen gara forman; elkarrizketetan-eta eroso nago ere, gustura».

Hasierako une horretan nabari zaio gehien aktore jatorria. Lantaldeak kameren atzean idatzitakoari «zentsu osoa» ematen dio, Eguesen irudiko: «Oso ondo interpretatzen du». Saioaren zuzendariaren arabera, Aranbururen lanak badauka zerikusirik kazetariaren rolarekin, elkarrizketak egiten dituenean batez ere. Baina uste du nolabaiteko «plusa» ematen diola, antzematen dela badagoela desberdintasunik.

Nago telebistan ikusteko gogoa daukate Aranburuk eta Eguesek, nahiz eta aitortu nahiago luketela programa goizago ematea. Harrera ona izan du Tribuaren berbak, eta Kike Amonarrizen saioak biltzen dituen ikus-entzuleei eusteko erronka izango du Nago-k.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.