Geroz eta garrantzi handiagoa hartzen ari dira emakumeak kirol munduan. Eta ez da gutxiagorako; izan ere, nahiz eta urte luzez itzalean egon, ez diote lan egiteari utzi. Txapelketak, dominak eta lehen postuak erdietsi dituzte euren ibilbidean, eta askotan ez zaie behar zuten garrantzia eman.
Emakumeen kirolari balioa emateko asmoz, Basque Team fundazioak eta Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak Geldiezinak proiektua sortu dute. Europako Batasuneko Next Generation diru laguntzei esker jarri dute martxan. Joan den asteazkenean izan zen egitasmoaren aurkezpena.
Kirolean dabiltzan edo ibili diren hamabi emakumeren testigantzak jasotzen ditu proiektuak, eta ikus-entzunezko piezetan eta podcast formatuko saioetan jaso dituzte. Korima Films ekoiztetxearen ardura izan da horiek ekoiztea. Bideoak hainbat lekutan ikus daitezke: ETB1eko Helmuga saioan, igandeetan, 11:30ean; Primeran plataforman —EITBrekin elkarlana du fundazioak—; eta baita Basque Teamen sare sozialetan eta Youtubeko kanalean ere. Podcasteko saioak EITB taldeko plataformetan egongo dira eskuragarri. Bideoen egitura antzekoa izango dute, baina aldaketa batekin: Oihana Maritorena aktoreak jarriko die ahotsa. Gai desberdinen arteko haria izango da haren ahotsa.
«Datozen belaunaldientzako erreferenteak sortu nahi izan ditugu», aipatu du Elena Etxebarrietak, Basque Teamekokomunikazioa arduradunak; berak izan du proiektuaren ardura. Horretarako, ikus-entzunezkoez eta podcastez gain, haurrentzako ipuinak ere sortu dituzte, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Lehen Hezkuntzako ikastetxe guztietan banatzen ari dira. Paul Caballerok eta Ane Undurragak elkarlanean sortu dute liburua.
Kirola baino gehiago
Etxebarrietak proiektuaren ardura hartu zuenean, kirolarien aukeraketa egin behar izan zuen, eta harrituta geratu zen topatu zuenarekin: «Oso testigantza eta informazio gutxi topatu nuen. Kasu batzuetan hutsetik hasi behar izan dugu».Emakumezkoen kirol egokituko emaitzak begiratu zituenean, ez zuen ezer topatu. Ez zegoen emakume euskaldunen erregistro bat bera ere. Hauek dira Geldiezinak-en parte hartu duten kirolariak, belaunaldi eta kirol ezberdinetakoak: Ibone Belaustegigoitia, Maider Unda, Maialen Chourraut, Ainhoa Ibarra, Ainhoa Murua, Eli Pinedo, Almudena Cid, Leire Olaberria, Maider Telleria, Sara Carracelas, Edurne Pasaban, Karmele Gisasola, Nerea Arruti eta Alazne Etxaburua.
Elkarrizketak, ordea, ez dira kirolaren inguruan soilik: «Protagonisten ibilbidea izan dugu ardatz, baina zeharka, beste gai batzuk lantzeko aukera ere ikusi dugu». Besteak beste, Maialen Chorraut piraguistaren kasuan, amatasunaren gaia ere jorratzen da; nolakoa den kirolari profesional izanda, ama izatea, nola egin behar diren entrenamenduak haurdun egonda... Eli Pinedo eskubaloi jokalaria izan zen 2016ra arte. Kirola utzi osteko bizitzaz mintzo da Pinedo bere atalean.
Etxebarrietak pena du, ezin izan dituztelako nahi beste kirolariren testigantzak jaso. Hala ere, espero du lehen pauso hori etorkizunean sortuko diren proiektu berrietarako bultzada izatea. «Dena dago egiteko, eta ez dakit aukera gehiago egongo diren; guk behintzat aprobetxatu dugu geurea», gehitu du.
Basque Teameko komunikazio arduradunak kontatu du ez dela erraza izan, agenda kontuengatik, protagonistekin hitzorduak jartzea: «Jendeak pentsatzen du kirolari profesional batek kirola uzten duenean askoz ere denbora libre gehiago duela, baina ez da hala». Nahiz eta kasu batzuetan kirol profesionala alde batera utzi, emakumeak beste mota bateko lanak egiten aritzen dira, zaintza lanak esaterako. «Ez dago kontziliaziorik».
Hala ere, horrelako proiektu batean parte hartzeko aukera «oso pozik» hartu dute: «Oso ibilbide garrantzitsuak izan dituzte, eta sentitu dute ez zaiela garrantzia eman», esan du Etxebarrietak.
Erreferenteak eraikitzen
Emakume kirolarien lanari balioa emateko asmoz, Eusko Jaurlaritzak eta Basque Team fundazioak 'Geldiezinak' proiektua sortu dute. Podcastek, bideoek eta ipuinek osatzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu