Maddalen Arzallusek 32 izeneko bertso musikatuak kantatu zituen ostiral goizean Euskadi Irratiko Faktoria saioan. Ion Parot euskal preso ohia hizpide hartuta abestu zituen bertsoak: 32 urte egin ditu preso hark, eta bertsolariak bere ibilbide biografiko propioa egin zuen, 32 urteotan Parot espetxean egon dela gogorarazita. Sare sozialetako iruzkin batzuen ostean, EITBk kendu egin zuen webgunetik Arzallusen bideoa, eta askok zentsuratzat jo dute. Euskadi Irratiko eta EITB.eus-eko erredakzio kontseiluek ohar batean zera esan dute: «Sarean sortu den polemikagatik EITBko zuzendaritzak Maddalen Arzallusen kantua webgunetik kentzeko hartu duen erabakia larritzat jotzen dugu».
Erredakzio kontseiluek «adierazpen askatasuna babestearen garrantzia» nabarmendu dute. «Salbuespen kasuetan soilik mugatu daitekeen eskubide bat da, eta hau ez zen horietako bat». Hau gaineratu dute langileak ordezkatzen dituzten bi kontseilu horiek: «Ez dugu ulertzen eta ez gatoz bat EITBko zuzendaritzak hartu duen erabakiarekin».
Bi kontseiluek, era berean, elkartasuna adierazi diete Faktoria albistegiko lantaldeari eta Iñaki Guridi aurkezleari, «jaso dituzten irainengatik eta neurrigabeko kritikengatik».
Erredakzio kontseiluek larritzat jo dute Arzallusen bideoa kentzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu