Papereko euskarritik Interneterako jauziak sasiz lepo dagoen bide baten aurre jarri du prentsa idatzia. Komunikazio teknologia berriei egokitzea egunkari eta aldizkarien erronka nagusia da egun, eta ekonomiak sektorea inoiz bezala astintzen duen bitartean, jomuga horretara begira buru-belarri ari dira idatzizko hedabide asko. Hala, geroz eta ohikoagoak dira trantsizio horretan pausoak ematea helburu duten ekinaldiak.
AEBetan, esaterako, inoiz izandako proiekturik handinahiena egia bihurtu da: Next Issue Media. Ipar Amerikako argitalpen enpresa handienek kudeatutako proiektua da —News Corporation, Conde Nast, Meredith, Hearst eta Time Inc.—, eta, arduradunen arabera, «arrakasta handia da AEBetako kazetaritzaren historian». Munduan gehien saltzen diren aldizkarien jabeak dira korporazio horiek, eta, hainbat hilabete negoziatzen jardun ostean, tablet euskarrietarako aplikazio bateratua kaleratu dute.
Aldizkari digitalek urteak daramatzate sarean argitaratzen, eta Interneteko harpidetza hedabide gehienek eskaintzen dute egun. Baina Next Issue Media harago joan da, eta, lehen aldiz, erabiltzailea 32 argitalpenen harpidedun egin daiteke app bakar bati esker. Eskainitako aldizkarien artean, Time, The New Yorker, People, Sports Illustrated eta Vanity Fair ezagunak daude, besteak beste.
Oraingoz, Android euskarrietan dago eskuragai, baina arduradunek esan dute iPadetan eskaintzekoak direla behin Applek baimena emanda.
Prezioa, indargune
Zerbitzuak hainbat aukera eta abantaila bermatzen dizkio bezeroari, prezioen aldetik batez ere. 10 dolarren truke (7,5 euro), 30 egunez hilabetekari guztien harpidedun egin daiteke erabiltzailea. Eta apur bat gehiago ordainduz gero, astekari guztiak eskuratzeko aukera ematen du Next Issue Mediak. Azken aukera horrek 15 dolarreko kostua du hilabeteko (11 euro). Horrez gain, aldizkariak zenbakika eros daitezke, irakurleak hala nahi izanez gero.
Proiektuaren sortzaileek aitortu dute eskaintza zabal hori tablet bidezko harpidetzek izandako emaitza ahulei aurre egiteko formula dela. «Negozioa aldatu behar genuen», azaldu du Morgan Guenther Next Issue Mediako presidenteak Forbes aldizkarian, «aldizkari askoren harpidetza 70 dolar ingurukoa zelako eta oso irakurle gutxi zegoelako ordaintzeko prest». Apustu honen bidez, egoera hori gainditu eta merkatu berrietara heldu nahi izan dute, Mereditheko buru Liz Schimelen arabera: «Aplikazioari esker, irakurle askok sekula irakurriko ez lituzketen aldizkariak topa ditzakete».
Kritikei erantzunez
Zeresan handia eragin du Next Issue Mediak iritzi publikoan. Sare sozialetan, esaterako, proiektua beranduegi egin izana egotzi diete sortzaileei, antzeko ekinaldi ugari egin direlako ikus-entzuneko esparruan. Guenther ez da iritzi berekoa, eta esan du aldizkarien alor digitalerako trantsizioak ez duela zertan azkarra izan, «zentzuzkoa bada behintzat». Tableten negozioa berria dela gogorarazi du zuzendariak, eta azaldu du oraindik hazkunde prozesuan dagoen industria bat dela.
AEBetako hainbat eragilek, berriz, tokian tokiko hedabideak zapaltzeko tresna izatea leporatu diote, estatuko aldizkari indartsuenak inoiz baino eskuragarriago jarri izanagatik. «Herri bateko kazeta batek eta The New Yorker-ek ez dute zerikusirik batak bestearekin», azaldu du Guentherrek, «eta ez dut uste gure proiektuak haien egoera txarra areagotuko duenik». «Erronka eta jomuga ezberdinak dituzte, gainera», gehitu du.
Komunikazioa
Erraldoiek indarrak batu dituzte
Next Issue Mediak nazioartean gehien saltzen diren aldizkariak bildu ditu tabletetarako aplikazio batean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu