Maitasuna, anbizioa, boterea, ahalduntzea eta thriller generoaren osagai ugari ditu Las Pelotaris 1926 telesailak. Izenburuko urte horretan dago girotuta, Mexikon eta Euskal Herrian, eta hiru erraketista dira protagonistak: Idoia, Itzi eta Txelo. Euskal Herrikoak dira aurreneko biak, eta Mexikokoa hirugarrena. Izan ere, Donostiaren eta Mexiko Hiriaren artean tartekatzen dira telesailaren erraketisten inguruko tramak. Mediapro ekoiztetxearen eta Vix plataformaren arteko koprodukzio bat da —Televisaren laguntzarekin—: Mexikoko Vix plataforman estreinatu zuten duela hilabete batzuk. Hego Euskal Herrian, Herrialde Katalanetan, Galizian eta Espainian, berriz, uztailaren 5etik aurrera ikusi ahalko da, SkyShowtime ordainpeko plataforman.
Donostian eta Euskal Herriko beste toki batzuetan duela bi urte aritu ziren telesaila grabatzen; Miarritzen (Lapurdi), Pasai Donibanen (Gipuzkoa) eta Artikutzan (Nafarroa) ere grabatu zuten. Marc Cistare telesailaren sortzaileak orduan BERRIAri azaldu zionez, 1940ko eta 1950eko hamarkadetako bigarren belaunaldiko erraketista batzuk elkarrizketatu zituen, eta gaia ikertu duten emakume antropologo batzuekin ere mintzatu zen. Atalen zuzendaria Jesus Rodrigo da. Mexikon dago grabatua, bestalde, telesailaren beste parte handi bat.
Euskal Herriko hainbat profesionalek egin zuten lan ekoizpen horretan. Rol txiki batzuetan ageri dira, esate baterako, Iñigo Aranburu, Iñaki Beraetxe eta Maria Redondo aktoreak; neska-mutiko batzuk ere euskaldunak dira. Hala ere, aktore protagonistak Espainiakoak edo Mexikokoak dira. Zuria Vegak Mexikoko erraketista batena egiten du. Claudia Salasek eta Maria de Natik, berriz, Euskal Herriko bi erraketista protagonisten rola antzezten dute.
Maria de Nati aktoreak makina bat telesailetan egin du lan. Itziren rola antzezten du Las Pelotaris 1926 fikzioan: erraketista da Itzi, haren aita pilotaleku baten jabea da, eta guztiz maiteminduta dago Anerekin (Alejandra Onieva). Baina Ane ezkonduta dago, haurrak ditu, eta haien maitasuna ez da batere erraza izango. Pertsonaia hori interpretatzea «harrigarria» izan zela esan du De Natik: «Duela ehun urteko erraketista bat zen, baina gaur egun neure burua islatuta ikusi dut pertsonaia haien egoera batzuetan. Ez zitzaidan urruneko pertsonaia egin». Aktoreak nabarmendu du gauza asko eraman dituela barnean Itziren pertsonaiatik. «Asko miresten dut pertsonaia nolakoa den; oso inspiratzailea da».
Maider Mendizabal pilotari eta entrenatzaileak aktoreekin asko entrenatu zuen erraketisten jokoa. De Natik dio «errespetuz» ekin ziotela erraketarekin jokatzeari, kameren aurrean. «Ondo jokatzeak urte asko eskatzen ditu, diziplina handia eskatzen du, baina Mendizabalek ederki erakutsi zigun».
Bi emakumeren arteko maitasuna
Telesailean etengabe ari dira gauzak gertatzen: lapurretak daude, hildakoak, indarkeria matxista, debekatutako maitasunak... Itziren pertsonaia ezkonduta dago gizon mexikar batekin, eta gizon hori homosexuala da. Anerekin elkartzea, ordea, ez zaio batere erraza egingo. «Itzi zoragarria da, gauzak argi ditu, eta benetako maitasun horregatik borrokatuko da. Argi dago 1920ko hamarkadan bi emakumeren arteko maitasunak ezkutuan behar zuela». Bi emakume horien arteko maitasunak Mexikon «ongi funtzionatu» duela esan du aktoreak. «Ikusle asko izan ditu telesailak han».
Telesailaren lehen denboraldiaren amaierak aukera uzten du jarraipena izan dezan. De Natik ez daki bigarren denboraldia iritsiko ote den. «Lehenbizi, jendeak gozatu dezala lehen denboraldiarekin. Nahiz eta duela ehun urteko istorio bat izan, ikusle askok beren burua islatuta ikusiko dute telesailean. Pozez zoratzen egongo nintzateke atal berriak grabatzeko aukera izango bagenu: amets bat litzateke».
Euskarazko hitz gutxi batzuk entzuten dira telesailean, baina oso gutxi: agur laburren bat edo beste. Eta, bestetik, une batean Alejandra Onieva euskarazko abesti bat kantatzen agertzen da: Maitia nun zira.
Lantalde teknikoan, bestalde, Euskal Herriko hainbat profesionalek parte hartu zuten. Atal baten kredituetan, Ioritz Apaolaza produkzio laguntzailearen omenezko aipamena ageri da. 2022ko otsailean hil zen Apaolaza, moto istripu batean, Lasarte-Orian (Gipuzkoa). Apaolazak ikus-entzunezko makina bat lanetan egin zuen lan.
Mediaprok ez du argitu telesailak bigarren denboraldia izango duen ala ez. 1926. urtean girotutako telesail bat izanik «postprodukzio lan handia» egon zela azaldu du fikzioaren zuzendariak.