Komunikazioa

Erantzukizun bera, apustu bera

ETBko Kirol zuzendari Mikel Olazabalek argi du krisi egoeran beharrezkoa dela kateak dituen baliabideak egoki kudeatzea. Ikusleen kopuruei, hala ere, gertutik erreparatzen die, eta, adierazi duenez, asko eragiten die euskal taldeen emaitzek.

2013ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Inor gutxik ezagutzen dituMikel Olazabal baino hobeto Euskal Telebistaren barrenak. 30 urte igaro dirazarauztarra kate publikoan lanean hasi zenetik, eta kirol saioetako aurkezlerik ezagunenetariko bat bihurtu da. Egun, ETBko Kirol zuzendaria da, eta denboraldi berriko programazioaren gainean aritu da solaseanBERRIArekin. Argi du ikus-entzuleen aurrean erantzukizun osoz jokatu behar duela: «Nik ETBko kamiseta daroat soinean, eta ETB Euskal Herria da».

Hiru hitz esan orduko, baina, bata bestearen atzetik bota ditu aurrerantzean ere katearen ikur izango diren kirol emankizunak: txirrindularitza, saskibaloia, pilota, boxeoa... Nabarmentzeko, Realaren inguruan Europan barrena egingo dituzten saio bereziak, eta ETBk emango dituzten Txapeldunen Ligako Bera Beraren eskubaloi partidak.Olazabalek ez du futbolaz gehiegi hitz egin nahi, baina ulertzen du batek baino gehiagok zapatu gaueko partiden falta sumatzea: «Garai haiek guretzat izugarriak izan ziren, ETB bera kate gisa sendotzeko balio izan zigulako, baina baita euskararen hedapenari begira ere. Lehen, Espainiako kate autonomiko guztiok diru-poltsa bat osatzen genuen Ligaren eskubideak erosteko, baina ikusi besterik ez dago hainbat kate autonomiko zein egoeratan dauden».

Ez dute zapatuko ligako partida horiek bakarrik sortzen kirolzaleen oroimina. Gipuzkoarrak zerrenda zabal bat atera du: 1 Formula, NBA edo eta tenisari dagokionez, Wimbledom eta AEBetako irekia. «Orduko hartan oso merke zeuden, baina begira gauzak zenbat aldatzen diren! Guk erne ibili beharra daukagu, ehiza txakurraren pare, unean uneko eskaintzarik onena erosteko»,gaineratu du.

Bigarren mailako partidak ere ez dira merkeak zarauztarrarentzat, baina goraipatu egin du ETBren ahalegina, esparrurik zabalenari produktu interesgarri bat eskaintzeko. Hala, zilarrezko maila-ko Alaves eta Eibarren 25 partida emango ditu ETBk. Bigarren B mailako partidak ere emango dituzte larunbat arratsaldero.

Hainbeste euskal ordezkarirekin, talde bateko zaleek bekaizkeriaz begiratzen dituzte auzoko taldeari ETBk eskaintzen dizkion minutuak. Olazabalek, baina, argi du kateak ez diola talde bati ere tratu berezirik ematen: «Iruñean, zoritxarrez, oztopoak dituzte ETB ikusteko, baina Bilbon, Donostian eta Gasteizen bestearenarekin kexatzen badira, ondo ari garen seinale da. Gainera, horrek esan nahi du gure saioak ikusten dituztela». Hala ere, ez dio berdin euskal talde batek galdu ala irabazi. «Emaitzak eta kirol saioetako ikusleen kopuruak lotuta doaz. Jendeak albiste txarrak baino ez ditu ikusten telebistan, eta, norberaren futbol taldeak partida galtzen badu, zapping egin, eta beste zerbait bilatzen saiatzen da. Jendeak albiste onuragarriak behar ditu».

Futboletik at, apustu sendoa

Albiste txarren harira, Euskaltel-Euskadiren egoera. Kolpe latza izan arren, ez luke programazioan aldaketarik eragingo: «Akaso, izar handi bat falta dugu, probarik garrantzitsuenak irabaz ditzakeen Euskal Herriko txirrindulari bat. Dopin kontuek ere eragina izan dute kirol horren sinesgarritasunean, baina guk datorren urteko klasikorik garrantzitsuenak lotuta ditugu. Baita Italiako Giroa ere, badakigulako jendeak hori ikusi nahi duela».

Saskibaloirik ere ez da faltako denboraldi hasi berrian. Berriro ere, Endesa ligari gertutik erreparatzeko aukera izango dute ikus-entzuleek. «Aurten, bi ordezkari izango ditugu, gainera, Europan lehiatzen —Laboral Kutxa Euroligan eta Bilbao Basket Eurocupen—, eta gure asmoa da eurekin akordio bat lortzea. ETB telebista txikia izanagatik ere, Euroliga bera ere beti akordatzen da gurekin. Negoziazio bat proposatzen dutenean beti daude harremanetan gurekin», aldarrikatu du. «Boxeoa, arrauna, pilota, gutxiengoen kirolak... Nahi duen orok badaki hemen leihotxo bat duela beti».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.