Komunikazioa. Vicent Partal. 'Vilaweb'-eko zuzendaria

«Epaiketa irabaziko dugu, baina jazarpena hor egon da»

'Vilaweb.cat' epaitu egingo dute hilaren 29an eta 30ean, Bartzelonako udaltzainburuaren bertsio ofiziala zalantzan jartzeagatik.

LLUIS BRUNET.
urtzi urkizu
2011ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Vilaro auziaren erruz «tentsioan eta presiopean» aritu behar izan du lanean azkenaldian Vicent Partalek (Betera, Herrialde Katalanak, 1960).

Zer gertatu zen 2008ko ekainaren 30eko gauean Bartzelonan? Eta zer gertatu zen Xavier Vilaro udaltzainburuarekin?

Espainiako futbol taldeak Eurokopa irabazi zuenean, istiluak izan ziren Bartzelonako Espainia plazan. Mossoak oldartu egin zitzaizkien bertan zeudenei. Udaltzainburua ospitalean zegoela jakin zen, eta udalak bost egunetan ezkutatu egin zuen hori. Gero, udaltzainburuaren zauriak mossoen pilota kolpe baten erruz izan zirela esan zuten. Ikertzen hasi ginen, eta dokumentu frogek adierazi zuten hura ez zela horrela gertatu. Hau da, udaltzainburua ez zela zauritu goma pilota bategatik eta une hartan ez zegoela Espainia plazan.

Ikerketa egin ostean, zer argitaratu zuen Vilaweb-ek?

Guk baieztatu genuen karga egon zenean Vilaro ez zegoela plazan eta, ondorioz, ez zuela pilota kolperik jaso. Dokumentazioa genuen hori frogatzeko. Baldintzapean bi aukera azaltzen genituen: bata, eskuin muturreko batzuek jipoitu zutela, eta bestea, jipoia gaueko klub batean jaso zuela. Ospitaleko txostenak azaltzen zuen barrabiletan kolpeak zituela Vilarok. Ondoren, 2009an mossoen txosten ofizial bat atera zen esaten zuena Vilaroren bertsioa ez zela egiazkoa. Ospitaleko medikuek, berriz, barrabiletako kolpeen berri eman zuten. Beste fase bat hasi zen orduan, baina udalak ez zuen kereila kendu.

PSC alderdia bakarrik dago kereilaren kontuarekin, ezta?

Bai, hala da. Joan den astean, Bartzelonako Udaleko beste lau alderdiek (PP, CiU, ERC eta ICV) alkateari eskatu zioten Vilaweb-en aurkako kereila kentzeko. Baina alkateak ez du halakorik egin.

Zer espero duzue datorren asteko epaiketaz?

Pentsatzen dugu prozesu honetan guztian justizia gure alde dagoela, eta ez dugu zalantzarik irabaziko dugula. Baina gure hedabidearen aurkako jazarpena argia da. 200.000 euroko isun eskaeraz hitz egiten ari gara. Nire aurkako espetxe zigorraz ere hitz egin zuten, baina, azkenean, horretan atzera egin zuten. Harrigarria da udaleko alderdi guztiak, PSC salbu, kereila kentzearen alde badaude, nola ez duten ikerketa batzorde bat sortu jakiteko Vilaro gau horretan non zegoen.

Sententzia zuen aldekoa izango balitz ere, Vilaro auziak zer kalte egin dio Vilaweb-i?

Jazarpena eta tentsioa hor egon dira, eta epaiketarako gure baliabide ekonomikoak utzi behar izan ditugu. Orain, pozik nago egon den erreakzioarengatik, bai alderdi, bai sindikatu, bai kazetari guztiengatik. Ez dugu ahotsik entzun Vilaroren alde. Baina horrek ez du kentzen auzian indar handia jarri behar izan dugula. Nahiz eta irabazi, egoera zaila da.

Nola baloratzen duzu epaiketa adierazpen askatasunaren ikuspegitik?

Adierazpen askatasunaren aurkakoa da, mehatxu erabatekoa. Instituzio batek jartzea kereila, gainera, gehiegizkoa da. Ez du zentzurik. Gure bertsioa froga dokumentatuekin egina da. Eta gauza batzuk harrigarriak dira. Esate baterako, PSCko zinegotzi batek bideo batean esaten du Vilarok soilik barean zuela zauria. Gero, berehala ospitaleak barrabiletako zaurien berri eman zuen. Vilaweb-en aurkako kereilak eragina izan zuen beste hedabide batzuetan, uko egin baitzioten udaltzainburuaren bertsioa zalantzan jartzen zuen informazioa emateari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.