Entzutekoak direnak kontatuz

10 urte bete dira Info7 irratia jaio zela.«Aurrera begira» jarri nahi dute proiektuko arduradunek

Jon Mikel Fernandez eta Amaia Zurutuza Info7 irratiko esatariak, Urruñako estudioan, atzo. ISABELLE MIQUELESTORENA.
urtzi urkizu
2016ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Entzutekoa da, kontatzeko gaude. Lelo horrekin bete zituen atzo Info7 irratiak hamar urte. Interneten jaio, eta FMra jauzi egin zuen irratiak. Egun Euskal Herriko hirigune nagusietan FM bidez entzun daiteke. Herritarren bultzadaz sortu zuten proiektua, eta irratiko kideek nabarmendu dute herritarren ekarpen eta laguntzari esker egingo dutela aurrera.

Duela hamar urte jarritako helburuak «hein handi batean» bete dituztela nabarmendu du Eider Olazar Azti-begia elkarteko lehendakariak —elkarte horrek sostengatzen du irratia—. «Hamar urteko ibilbidea emankorra izan da, baina aurrera begira jarri nahi dugu. Etorkizun handia eta oparoa duen irratia da Info7». Hartutako konpromisoak indartzeaz gain, «aro berri batean» murgildu nahi du irratiak.

Hamar urte bete izana ondo ospatu nahi dute irratiko kideek. Horretarako, 2016. urte osoan egingo dituzte ekitaldiak. Donostiako eta Urruñako (Lapurdi) estudioetatik zein kaletik egingo dituzte saio bereziak, eta Kale gorrian magazin nagusia hainbatetan ibiltaria izango da. «Abendu bitartean izango dugu presente urteurrena. Hilabetez hilabete joango gara ekitaldien berri ematen», dio Olazarrek. «Kantu bat ere bidean dago, urteurreneko kantua».

Etorkizuneko erronketako bat teknologia berriek eskaintzen dituzten aukeretara egokitzea izango da. «Hasieratik Info7k apustu nabarmena egin zuen teknologia berriekin. Duela hamar urte, adibidez, podcast-ak ez zeuden hain zabalduak», gogoratu du Azti-begiako lehendakariak. Ikasturte honetan webgunea berritu du Info7k. «Hor dugu gailu eramangarrietarako aplikazioa ere, irratia zuzenean entzuteko».

Edukiei dagokienez, Info7k komunikabide handietan entzuten ez diren hainbat ahots zabaltzen dituela iruditzen zaio Olazarri. «Informazio zehatza ematen dugu, baina baita analisiak eta gogoetak ere. Horretan jarraitu nahi dugu ekarpena egiten, bereziki herri mugimenduekin elkarlanean». Egoera soziopolitikoa aldatu egin da hamar urtean, gainera. «Hainbat korapilo daude askatzeko gure herrian, eta horiek askatzen komunikabide gisa gure ekarpena egin dezakegu, dauden ahots anitz entzunaraziz eta egon daitezkeen alternatibak ezagutaraziz».

Komunitatea handitzea izango da Info7ren etorkizuneko beste erronketako bat. Gaur egun 2.000 bazkide baino gehiago ditu. «Horiek dira irratiaren oinarri ekonomiko nagusi». Entzuleen eta saioetako kolaboratzaileen ekarpena ere goraipatu du Olazarrek.

Irrati lizentzien aferan zain dago, bestalde, Info7 irratia. 2012ko lehiaketan hainbat baimen lortu zituzten, baina Eusko Jaurlaritzak atzera bota zuen lehiaketa. Helegitez helegite, Espainiako Auzitegi Gorenean dago auzia orain, eta laster jakingo da erabakia. «Uste dugu arrazoia emango digutela eta lizentzia horiek eskuratu ahalko ditugula. Horrekin beste jauzi garrantzitsu bat eman ahalko dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.