Sanferminak

Entzierroak Garaterekin ETBn, eta Iantzirekin TVEn

ETB1ek eta TVEk sanferminetako txupinazoa emango dute bihar, zuzenean. BERRIAk hainbat orrialde argitaratuko ditu egunero Iruñeko jaien inguruan.

Sanferminetako txupinazoa, iaz. IÑIGO URIZ / FOKU
Sanferminetako txupinazoa, iaz. IÑIGO URIZ / FOKU
urtzi urkizu
2024ko uztailaren 5a
05:00
Entzun

1845. urtean irailean ospatzen zituzten Iruñeko sanferminak. Baina uztailean dira orain, eta bihartik hilaren 14ra arte, sanferminen gaineko askotariko edukiak zabalduko dituzte hedabideek audio, testu eta bideo formatuan. Esaterako, txupinazoa ETB1en eta TVEn zuzenean ikusi ahalko da bihar goizean. Euskarazko katean 11:00etan hasiko dute emankizuna: Burguen plazan ariko dira Ilaski Serrano, Iban Garate eta Martxelo Sotes. Maite Eskarmendi berri emailea, berriz, Udaletxeko plazan ariko da konexioak egiten, eta Gazteluko plazan ibiliko dira Joana Lasheras eta Jon Garate. Hamaika telebistak ere txupinazoaren inguruko zuzeneko saio berezia emango du, eta hori bera BERRIAren webgunean ikusi ahalko da.

Euskalerria Irratiak, bestalde, jaiei hasiera emateko saio berezia egingo du, 10:00etatik 12:30era. Reyes Ilintxetak eta Juan Kruz Lakastak zuzenduko dute, Udal plazatik bertatik, Seminario Etxetik. Miren Mindegiak kale konexioak eginen ditu. Pello Argiñarena eta Haritz Pascual, kale konexioak egiteaz gain, udaletxe barruan izanen dira, elkarrizketak egiten. Festako hainbat protagonistaren hamaiketakoekin konexioak eginen dituzte: Duguna dantza taldea, Pamplonesa musika banda, Erraldoien Konpartsa, Peñen Federazioa, Herri Sanferminak, Laba, Zaldiko Maldiko, Oinez Txokoa, Katakrak... BERRIA egunkariak, berriz, bideo berezi bat egingo du txupinazoarekin.

Entzierroak goizero ETB1en eta TVEn ikusi ahalko dira zuzenean; hirugarren urtez jarraian elkarlan hitzarmena egin dute bi telebista publikoek. Iban Garatek gidatuko du entzierroen saioa goizero, 07:45ean. Horrez gain, programan lau berriemaile izango dituzte: Anabel Arraiza, Iñigo Ziganda, Iñaki Ainziburu eta Albina Stardust. TVEko emankizunean, berriz, Julian Iantzi ariko da, Ana Pradarekin eta Teo Lazarorekin batera (07:15ean hasiko dute emankizuna). EITBko irratiek ere zuzenean egingo dute entzierroen kontakizuna: Iñaki Berastegik eta Patxi Irigoienek, Euskadi Irratian; eta Aritz Agirrek eta Aitor Perezek, Radio Euskadin eta Radio Vitorian.

'Sanfermintza' irratsaioa

Euskalerria Irratiak egunero Sanfermintza magazin berezia egingo du, Zaldi Zuriaren zokoko ostatuko terrazatik, 10:00etatik 14:00etara. Miren Mindegia, Reyes Ilintxeta, Pello Argiñarena eta Juan Kruz Lakasta ariko dira esatari lanetan. Haritz Pascualek eta Nerea Garcia Valenciak kale konexioak eginen dituzte, hainbat zokotatik. Horrez gain, Euskalerria Irratiak bideo erreportaje ugari egingo ditu datozen egunetan: bihar, Duguna dantza taldearen hamaiketakoari buruzkoa; etzi, prozesioaren ingurukoa; hilaren 8an, German Rodriguezen omenaldiaz; 9an, Ziudadelako su festen gainekoa... Bideo horiek Euskalerriairratia.eus webgunean eta irratiaren sare sozialetan ikusi ahal izanen dira. Haritz Pascualek eta Nerea Garcia Valenciak eginen dituzte.  

BERRIAk ere bideo berezi batzuk zabalduko ditu: Curia kaleko gorabeheren ingurukoa, erraldoien eta buruhandien agurrarena... Edonola ere, BERRIAn izango da zer irakurri sanferminen inguruan: Udagiro sailaren barnean, 6-7 orrialde argitaratuko ditu jaiaren inguruan: kronikak, elkarrizketak, entzierroen kontakizuna, egitarauak eta giroko argazkiak argitaratuko dituzte. Testu horiek Berria.eus webgunean ere irakurgai izango dira.

EITBn, bestalde, datozen egunetan izanen dira sanferminen inguruko bestelako kontuak. Albistegietan emango dute jaien berri, eta hainbat saiotan presentzia nabarmena izango dute: ETB1eko Biba zuek! eta Gora bihotzak programetan eta ETB2ko En jake eta Quédate saioetan. Navarra Hoy albistegiak jaien 24 orduei buruzko atal berezia eskainiko du hilaren 12an.

EITB.eus webguneak sanferminen inguruan sorturiko edukiak bilduko ditu webgune berezi batean; bestalde, EITBlive-ren eskutik, jaien ekitaldi nagusiak streaming bidez emango dituzte.

Hilaren 14an, Gaixoa ni ekitaldia zuzenean emango du ETBk. Ekitaldiaren kontakizuna Ilaski Serranok eta Martxelo Sotesek egingo dute. Egun berean, ETB1ek San Fermin pilota txapelketako finalak emango ditu. Egun bat lehenago, hilaren 13an, Puro Relajok sanferminetan emandako kontzertu bat ikusi ahalko da ETB1en.

1845era itzulita, urte hartako Jean Martin Hiribarrenen bertso batzuek (Iruñeko bestak 1845) hala zioten 124. estrofan: «...Ni banintz erregetarik, ez litzateke zezenarik». Zezenketen eta zezenak festan erabiltzearen gaineko eztabaidak ere izango baitu lekua hedabide batzuetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.