Enrique Urbizu zinemagileak (Bilbo, 1962) Max plataforman estreinatuko du Cuando nadie nos ve (Inork ikusten ez gaituenean) telesaila, etzi. Moron de la Frontera (Sevilla, Espainia) herrian dago istorioa girotuta, Aste Santuko ospakizunen bueltan. Herri horren alboan Ameriketako Estatu Batuetako armadaren base bat dago.
AEBetako armadako agente bat eta Espainiako guardia zibil bat —biak emakumeak— dira istorioaren protagonista nagusiak. Maribel Verdu aktoreak egiten du guardia zibilarena, eta Mariela Garrigak AEBetako militarrarena. Aste Santuan izan diren gertakari bitxi batzuk ikertzen hasiko dira. Honako beste aktore hauek ere parte hartzen dute telesailean: Austin Amelio, Ben Temple eta Dani Rovira.
Zortzi atalez osatua dago telesaila, eta Urbizuk berak Daniel Corpasekin batera sortu du. Gidoilari taldean, bestalde, Arturo Ruiz, Luis Caballero, Jose Antonio Valverde, German Aparicio eta Isabel Sanchez daude.
Urbizuk esan du Cuando nadie nos ve «eguzki betean gertatzen den thriller bat» dela. «Telesailak, gainera, pertsonaien bakardadeari erreparatzeko aukera ematen du».