Ari dira korapiloak askatzen. Ez dakit den konfiantza transmititzen diedalako edo zer, baina konexio polita lortzen dut gonbidatuekin. Ez dakit laguntzen dien antzeko egoera batetik pasatutakoa naizela jakiteak». Iñigo Antsorregi gidoilaria (Azkoitia, Gipuzkoa, 1994) Korapiloak tartearekin eta podcastarekin bizitzen ari denaz mintzo da. ETB1eko Biba zuek! magazinean, buru osasunarekin lotutako gai bat lantzen du asteartero. Elkarrizketa bat egiten du, lekukotza eman nahi duen gonbidatu batekin. Platoan laguntzaile izaten ditu Maitane Ormazabal aholkularia eta Idoia Madarieta psikologoa. Eta Korapiloak podcast bat ere bada, elkarrizketa «intimoak» EITB Podkast atarian entzuteko.
Hain zuzen ere, Agifes Buru Osasuneko Arazoren Bat Dutenen eta Senideen Gipuzkoako Elkarteak podcast hori saritu du berriki —ETB2ko Necesito ayuda saioari ere eman diote sari bat—. Antsorregik «poz handiarekin» hartu du saria. «Ezustekoa izan da, oso polita». Gidoilari eta elkarrizketatzaileak sarri jotzen du Agifes elkartearen webgunera, informazio bila. «Nire heldulekuetako bat da». Eta elkarteak sariaren berri eman aurretik topatu zituen bere izena eta argazkia elkartearen webgunean.
Biba zuek! programak uztailera arte sinatua du kontratua Euskal Telebistarekin. «Ez da gutxi. Baina egunean egunekoa, hala ere». Aste honetan, nahasmendu obsesibo-konpultsiboa landu dute. «Kolaboratzaile profesionalei esker, gaitz bakoitza zer den jakin ahal izaten dugu».
Bestelakoa izaten da podcasta, hartan soilik lekukotza entzuten delako. «Telebistan ez du denborarik ematen elkarrizketa oso-oso sakona egiteko, eta podcastak askatasuna ematen dit elkarrizketatuarekin nahi adina denbora egoteko, patxadaz aritzeko». Gidoilariaren iritziz, telebistako atalaren «osagarri bat» da podcasta.
Depresioa bizitakoa
Korapiloak tartea Antsorregik gidatzea —aurkezlea ez ezik, gidoilaria ere bada, eta produkzio lanak egiten ditu— ez da kasualitatea, nahiz eta gertatu den kasualitateren bat. Nire minaren etxean liburuan kontatu du Antsorregik suizidioaren ideia hoska izan zuela bolada batean. Bizitako depresioaren harira, Biba zuek saioko lankideek elkarrizketa egin zioten iaz. «Elkarrizketak oihartzun handia izan zuen. Eta aberasgarria izan zen». Liburua iazko maiatzean idatzi zuen, eta urrian argitaratu zuen Elkarrek. Liburua idatzi eta gutxira, iazko ekainean, proposamen bat jaso zuen buruko osasunari buruz atal bat egiteko telebistan eta podcast formatuan. Irailean hasteko, alegia. «Kasualitate handiak izan dira».
Antsorregik nabarmendu du Korapiloak atala primerakoa dela bere burua elkarrizketatzaile gisa probatzeko. Gako batzuk aipatu ditu: «Enpatia handia izan behar da: enpatia ariketa bat egiten aritzen gara. Hitz egiten utzi behar diozu elkarrizketatuari; askotan, entzun baino ez duzu egin behar». Iruditzen zaio elkarrizketatzaileak bigarren mailako rola jokatu behar duela. «Protagonista elkarrizketatua da. Eta beste gako bat morbotik ihes egitea da». Esan duenez, suizidioaren gaia lantzean, adibidez, ez zaio garrantzirik eman behar suizidatzeko moduari edo metodoari. «Ingurukoen sufrimendua garrantzitsuagoa da. Morboak ez du ezer onik ekartzen».
Liburuan, Antsorregik umorea erabiltzen du tarteka. Podcasteko elkarrizketetan ere bai, zenbaitetan. Horren erakusle da Egon hadi ixilik! tartetxoa. «Banekien umorea ezingo nuela atal guztietan eta elkarrizketa denetan egin. Baina Egon hadi ixilik! modu bat da sufritzen ari den elkarrizketatu horrek gizartean jasotzen dituen perlak azaleratzeko». Gauzak «filtrorik gabe» esateko modu bat ere bada.
Antsorregik nabarmendu du arlo pertsonalean «oso polita» dela Korapiloak egitea. «Baina aje emozional handia eragiten du. Beste jende bat entzuteak zurea berriro bizitzea ekartzen du». Ondo dago egun, baina horrek ez du kentzen iraganaren «itzala». «Lantzen dudan edukia asko zaintzen dut, baina ariketa handia egin behar izaten dut neure burua zaintzeko».
Enpatia ariketa bat egiten ari dira
Buru osasunaren inguruko tartea da 'Korapiloak'. ETB1eko 'Biba zuek!' saioan ematen dute, eta podcast formatua ere badu. Agifes elkarteak sari bat eman dio berriki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu