Loiolako (1960) eta Donostiako (1961) Herri Irratiak aitzindariak izan ziren, eta oso garrantzitsuak euskal irratigintzaren ibilbidean. Euskaldun askok gogoa izango dituzte Francisco Francoren diktaduraren urteetan Herri Irratiak egindako emankizunak —euskarazkoei ere ekin zieten, urte gogorretan—. Irrati haren ondarea ahanzturan gelditu ez dadin, Eneko Olasagasti zinemagileak Herri Irratia izan zenaren historia kontatuko du dokumental batean, elkarrizketak eta artxiboko irudiak erabiliz.
Esrec eta Maluta Films ekoiztetxeen babesarekin, grabaketen lehen fasean dira egunotan; orain hamar urte inguru bi ekoiztetxe horiek egindako dozena bat elkarrizketa ere baliatuko dituzte filmean. Izan ere, Herri Irratiko esatari eta kolaboratzaileak izandako aurpegi ezagun horiek izango dira filmeko protagonistak. Elkarrizketatuak, besteak beste, Paco Sagarzazu, Txaro Arteaga, Maria Jesus Garijo, Jose Joaquin Forcada Forki, Joxe Mari Iriondo, Joxemari Otermin, Xabier Otaegi, Maddalen Iriarte, Tito Irazusta eta Iñaki Elorza Txapas izango dira.

2010. urtean, jesuiten esku zegoen irratia Noticias taldeari saldu zioten, eta Onda Vascak hartu zuen Donostian Herri Irratiak zuen egoitza. Loiolako estudioak (Azpeitia, Gipuzkoa) itxi egin zituzten.
Ondo bidean, dokumentala 2026. urtean estreinatuko dute. Irrati bat, herri bat izena izango du lanak.