Sakelako telefonoekin grabatua eta sakelakoan ikusteko beldurrezko websaila da Sorgina. Ene zelako gaua!-k, berriz, antzerkia eta Alfred Hitchcocken intriga uztartzen ditu. Euskarazko bi fikzioak atzo arratsaldean estreinatu zituzten, Bilbon, Seriesland nazioarteko jaialdian. Bilborock aretoan izan ziren bi fikzioetako sortzaileak eta aktoreak, eta ikus-entzuleek lehen aldiz gozatu ahal izan zuten websail berriez.
Mozorro jai batean girotua dago Ene zelako gaua!. Hilotz bat izozkailuan ezkutatuta dago, eta horrek askotariko egoerak sorraraziko ditu. A Film To Kill For Bizkaiko ekoiztetxearenak dira bi websailak: sortzaile eta ekoizleak Rose of Dolls eta Oliver Mend dira. Rose of Dollsek gogora ekarri du websaila egun bakar batean grabatu zutela: «Atal bakoitza plano sekuentzia bat da, eta eszena batzuk Hitchcocken intrigazko klasikoetan inspiratuta daude. Badago ikusleak dakien zerbait, baina pertsonaietako batek ez dakiena». Izozkailuan ezkutatuta dagoen hilotza deskubrituko duten ala ez, hor dago misterio nagusietako bat. «Aktoreen lan bikainari esker egin ahal izan genuen modu horretan». Aktoreen artean Iñaki Torralbo eta Iker Zarate daude.
Sorgina websailean, Maialen neska protagonistak kazetaritza ikasketak amaitu berri ditu. Iragarki bati erantzungo dio: euskal mitologiari buruzko dokumental batean egin beharko du lan. Dokumentalaren arduraduna Koldo da, sorginak eta euskal mitologiako kondairak benetakoak direla sinesten duen gazte bat. Maialen, laster konturatuko da Koldok berarekin obsesio arriskutsua duela. Fikzioak Found footage teknika erabiltzen du: testuingurutik kanpo ateratako materiala aurkeztean datza —The Blair Witch Project filma, kasurako—.
Sorgina-ren atal bakoitza 5-7 minutu artekoa da. Rose of Dolls ekoizleak nabarmendu du «erronka handia» izan zela fikzio osoa sakelako telefonoekin grabatzea. «Formatu bertikalean koadratzea guztiz desberdina da, zinemaren historian egin izan ohi denaren aldean oso bestelakoa». Hala ere, formatu horretan grabatzeak bat egiten du istorioarekin: «Narratiba bertikala primeran zihoakion beldurrezko dokumentalaren istorioari». Aktore protagonista Sofia Zallio da.
Ostiralean, sari banaketa
A Film To Kill For ekoiztetxeak, bestetik, Her name is body websailaren trailerra aurkeztu du. Fikzio hori Alemaniako Dobago Films ekoiztetxearekin batera egiten ari dira, eta emakumeen salerosketaren ingurukoa da. Alemaniako Hesse estatuan ari dira filmatzen.
Sorgina eta Ene, zelako gaua! ez dira aurtengo Serieslandeko euskarazko fikzio bakarrak. Sail Ofizialean aurreneko aldiz euskarazko lan bat lehian da: Daniel /a/ —Gaztearen Youtubeko kanalean ikus daiteke osorik—. Sari nagusirako ez ezik, hautagaia da kategoria hauetan: dramarik onena, zuzendaririk onena, taldeko aktore emakume onena eta taldeko gizonezko aktore onena. Sariak ostiralean banatuko dituzte, Guggenheim museoan.
'Ene, zelako gaua!' eta 'Sorgina' websailak estreinatu dituzte Bilbon
Telefonoekin grabatu dute 'Sorgina'. Plano sekuentziak dira 'Ene zelako gaua'-ren hamar atalak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu