Ene Kantak taldekoek marrazki berriak eskatu dituzte ETBrako

Ene Kantak-ek bat egin du Pantailak Euskaraz egitasmoarekin. Babes handia jaso du egitasmoak

3 Ene kantak saioko aurkezle eta pertsonaiak. ETB1en eta ETB3n ematen dute. ETB.
urtzi urkizu
2021eko urriaren 27a
00:00
Entzun
Ez da ohikoa izaten ETBrentzat ari den lantalde batek publikoki eskaerak egitea Euskal Telebistari. Baina Ene Kantak taldea ez da kikiltzen den horietakoa: egunero ETB3 katerako 3 Ene Kantak saioa egiten du —ETB1 katean ere ematen hasi dira, 08:00etan—, eta Pantailak Euskaraz egitasmoari atxikimendua emateko bideoan, ez da epelkerian geratu. Marrazki bizidun berriak eskatu dizkio telebistari.

Babesa emateko bideoan, Satorjator pertsonaiak hartzen du hitza: «Baina Urbi, zergatik ikusten dugu beti berdina? Eta marrazki bizidun hauek zaharrak dira». Urbik erantzuna: «Zaharkituta daude; ni txikia nintzenean ikusten nituenetakoak, ezta? Berriak behar ditugu». Beste eduki batzuk euskaraz behar direla aldarrikatu dute Ene Kantak taldekoek; horregatik eman behar zaiola «play euskarari», eta horregatik egin dutela bat Pantailak Euskaraz egitasmoarekin.

Maddalen Arzallus bertsolari eta ETB1eko Biba zuek! saioko aurkezleak —programak %7,3ko ikusle kuota lortu zuen aurreko ostiralean— ere babesa adierazi dio Pantailak Euskaraz-i. Hala dio Arzallusek, taldearen elastikoa jantzita: «Sare sozialetan, telebistan, Interneten eta ahal den toki guztietan, ni ere Pantailak Euskaraz ekimenaren alde».

Euskal kulturan erreferenteak diren pertsonaia ugarik eman diote babesa Pantailak Euskaraz taldeari azkeneko asteetan. Alex Aginagalde Pantailak Euskaraz-eko bozeramailea eskertuta mintzatu da: «Gure mugimenduarentzat bultzada handia izaten ari da euskal kultur ekosistemako pertsonaia erreferenteen aldetik jasotzen ari garen babesa. Atea jo diegun telebista, antzerki, bertsolaritza, kultura... arloko profesional ia guztiek laguntzeko prestutasuna agertu dute».

Pertsonaia horien artean dago, adibidez, Itziar Ituño aktorea. «Izugarria izan zen Donostiako Zinemaldian Ilargi guztiak filmaren aurkezpenera Itziar Ituño gure elastikoarekin agertzea», aipatu du Aginagaldek.

Telebistako ikus-entzuleentzat ezagunak diren beste pertsona batzuek ere grabatu dute bideoa Pantailak Euskaraz-en alde: Xabier Euzkitzek, Anabel Arraizak, Maitena Salinasek, Sara Cozarrek, Gaizka Arangurenek... Hau ohartarazi du Arangurenek bere mezuan: «Euskara erdigunean jartzen ez badugu, nekez izanen dugu euskaldun izateko aukera etorkizunean. Jar ditzagun pantailak gure zereginen erdigunean, eta jar dezagun euskara pantailen erdigunean».

Pantailak Euskaraz mugimendua ekainaren 8an sortu zuten talde hauek: Netflix Euskaraz, Disney Plus Euskaraz, Tinko euskara elkartea eta Bieuse bikoiztaile euskaldunen elkartea. Game Erauntsia batu zaie gero. «Euskalgintzarekin lotura duen sare oso bat osatu dugu», esan du berriki Oarso Bidasoko Hitza-n Xabier Alkiza ordezkariak. «Herri egitasmoa da Pantailak Euskaraz, sektorearen eta euskararen erabileraren ikuspegitik sortutakoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.