Ene Kantak taldeak saio bat egingo du egunero ETB3n, irailetik aurrera

Musika eta umorea izango dira ardatz, eta ikastetxez ikastetxe joango dira bideoklipak egitera

Urretxuko (Gipuzkoa) Gainzuri eskola publikoan egin zituzten atzo saioko grabaketak. ENE KANTAK.
urtzi urkizu
2019ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Ene Kantak Nafarroako taldeak makina bat ikuskizun, disko eta DVD sortu ditu azkeneko urteetan, Euskal Herriko neska-mutikoen gozagarri. Irailetik aurrera, berriz, ETB3 katerako saio bat egingo du: Hiru Ene Kantak. Aste bakoitzean gai bat aukeratuko dute, eta horren inguruko istorioak, margolanak, jokoak eta eduki pedagogikoak moldatuko dituzte. Musika eta umorea izango dira saio guztien ardatza. ETB3k hamar minutuko programa emango du astegunetan, goizetan. Arratsaldekoak, berriz, 25 minutu iraungo du, eta 2-8 urteko haurrei egongo da zuzendua.

Ene Kantak taldeko Urko Oskoz, Nerea Urbizu eta Oihane Iarza abesti eta dantza ikuskizun jostagarriak eskaintzen arituko dira programa berrian, Astonauta eta Satorjator pertsonaiekin eta Astotxiki eta Satortxiki panpinen konpainian.

Oskozek egingo ditu programaren zuzendari lanak, eta nabarmendu du ekoiztetxe bat sortu behar izan dutela proiektua aurrera eramateko. «ETB etorri zen gure bila. Ezezkoa eman genien hasieran, irakasle lanean eszedentzia eskatu beharko genukeelako. Proposamen zehatz batekin etorri ziren geroago; gureak onartu zituzten, eta azkenean animatu ginen».

hasiak dira ikastetxeetan grabaketak egiten neska-mutikoekin. Euskal Herri osoko 40 ikastetxetan ibiliko dira, eta haurrekin bideoklip bat prestatuko dute astero. Ostiraletan emango dute bideoklipa, eta, esker moduan, eskolan bertan Ene Kantak Dantzan emanaldia egingo dute. «Ikastetxeetan gozatzen ari gara, baina aurreko hilabeteetako bulegoko lana oso itsusia eta nekeza izan da», esan du Oskozek.

Saioko atalen artean, Oskozek berak «neurozientzia» erakutsiko die neska-mutikoei, «umore asko erabiliz». Gidoilari lanetan, bestalde, Sustrai Colina, Julio Soto, Jon Barberena, Josu Goienetxea eta Txakur Gorria taldeko kideak arituko dira.

Telebistako eguneroko emankizunaz gain, Interneterako eduki bereziak prestatuko dituzte: aurrerapenak, estrak, ezkutukoak, making of-ak... «Telebistako saiotik kanpo gelditzen diren eduki politak jarriko ditugu Interneten».

'3txulo'-k egin du berea

Ene Kantak taldeak jendaurreko emanaldiekin jarraituko du datozen hilabeteetan; hilaren 16an, adibidez, ikuskizuna eskainiko dute Araba Euskarazen. «Guk haurrengandik ikasi eta haiekin egon nahi dugu. Ea telebista saioa jendeak gustuko duen. Guk zerbait polita egin nahi dugu euskal telebista publikoan».

ETB3n, bestalde, 3txulo programak ez du jarraituko. Herenegun izan zuten grabazioko azken eguna Miramonen. Hiru urte eta erdiren ostean, hilaren 21ean emango dute azkeneko atala. Amancay Gaztañaga izan da urteotan saioko aktoreetako bat, Iker Galartzarekin eta Zuriñe Hidalgorekin batera, eta hala idatzi du Facebook-en: «Gogorra izan da agurra, baina bihotza beteta amaitu dugu. Ez adiorik, gero arte baizik. Gora 3txulotarrak!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.