«Enbata-ren 50 urteak ez ditugu nostalgiarekin begiratzen, baizik eta soa gerorantz itzulirik», dio Jean Noel Etxeberri Txetx kolaboratzaileak. Logika horri segituz eta gaur egungo errealitatera egokituz, haien eskaintza Interneten ere zabaltzeko hautua egin dute www.enbata.info gunea sortuz. Irakurle berriak eta, batez ere gazteak, bereganatzeko dute numerikoaren parioa egin. Paperezko eskaintzari dagokionez, hemendik aitzina hilabetekaria izanen da; orain arte astean behin ateratzen zuten.
Enbata-rentzat idazten dabiltzan bospasei kolaboratzailek eman zuten eskaintza berriaren berri atzo, Baionan duten egoitzatik. Bertan egon ziren, besteak beste, Jakes Abeberri, zeina hastapenetik idazten dabilen; Mixel Bidegain azken urteetako kolaboratzaile sutsua, eta Xabier Harluxet, zeinaManu Robles-Arangiz fundazioaren eta Enbata-ren arteko elkarlana gauzatzen dabilen.
Lau ataletan banaturik dute webgunea: ulertu, iritzia, eztabaida eta Tartaro. Lehen atalean, ager daitezke egunerokotasun sozio-politiko-ekonomiko eta kulturalari buruzko informazioak. Bigarrenean, izenak dioen gisara, iritzi artikuluak irakur daitezke. Gai berezi batez eztabaidatzeko aukera ematen dute hirugarrenean. Adibidez, abertzale izateaz haien gogoetak plazaratu dituzte hainbat eragilek. Marrazki, ohar edota bitxikeriaz osatuko dute azken atala. «Ez gara azken gertakaria berehala aipatzearen helburuarekin, guk analisiak eta bildumak proposatuko ditugu, beti abertzaleen mugimendua azkartzeko xedearekin», azaldu du Harluxetek.
«Proiektu berriaz gogoetatzen ari ginela, hainbatek erran ziguten paperezkoan irakurri nahizutela Enbata». Horiei begira dute hogei orriko aldizkaria plazaratuko hilabetean behin. Gainera, artikulu batzuen luzetasuna edota sakontasuna kontuan harturik, idatzi mota batzuk paperezkoan errazago irakurtzen direla uste dute. Nahiz frantsesa nagusitu, ele bitan dira hilabetekaria eta webgunea.
Azken lauzpabost urteetan idatzitako artikuluak ere kausi daitezke webgunean. Poliki-poliki, aldizkari guztien mamia bertaratu nahi dute. «Militanteentzako eta kazetarientzako hemeroteka aberats bat izatea nahi dugu», zehaztu du Txetxek.
Enbata, aldizkaria aitzin, Embata komunikabidea izan zen, izen bereko mugimenduak izan aldaketei segi. 1951n sortu zuten Embata mugimendua, eta 1956an aldizkaria. Baina laster aldatu zuten izena.
1960az geroz, 2.272 aldizkari
Abertzaletasunaren ildoan sakondu nahi zutenek atxiki zuten mugimenduaren izena, m-aren ordez n-a ezarriz. Abertzaletasunaren oinarria sortu zen Ipar Euskal Herrian. Mugimendu politikoa indartzearekin batera, hilabetekaria plazaratzen hasi ziren berriz ere. Geroztik bide egin du eta hilabete honetan ateratakoak 2.272. zenbakia du.
1974. urtean Raymond Marcellin Frantziako Barne ministroak legez kanpo ezarri zuen Enbata, eta, ondorioz, aldizkaria gelditu behar izan zuten. Bederatzi hilabeteren buruan berriz plazaratzen hasi ziren. Hilabetean behin ez baizik eta astean behin ateratzen hasi ziren 1968. urtean.
Komunikazioa
'Enbata' aldizkariak webgunea sortu du, eta hilabetekaria izanen da
Irakurle berriak eta batez ere gazteak lortu nahian dute sortu 'www.enbata.info' webgunea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu