Etxeratze garaian, kirolarekiko afizioa eta komunikaziorako grina batzeko ideia piztu zitzaien Ane Urkiri kazetariari eta Maddi Garmendia ikus-entzunezko teknikariari. Segituan konturatu ziren Euskal Herrian ez dagoela emakumeen kirolaren hutsunea guztiz betetzen duen hedabide edo euskarririk, eta xede horrekin sortu zuten Kirolari gaittun Youtubeko podcast saioa.
«Kirolaren inguruko emakumeek beren bizipenak lasai asko kontatzeko gunea». Horrela definitu du Urkirik sortu duten proiektua. Izan ere, kirolean dagoen generoen arteko arrakala bistaratzen dute, «goi mailan dauden emakumezko kirolariak eta emakume taldeak egon badauden arren». Bikoiztasun hori agerraraztea da, besteak beste, haien jomuga: «Hedabideek zerbait irabazten dutenean bakarrik erreparatzen diete emakume kirolariei; hortik kanpora, ez zaie ematen ikusgaitasunik, eta hori ez da bidezkoa», dio Urkirik.
Edozein egitasmo abian jartzeko garai zailak direla jakitun, Urkiri eta Garmendia «elkarlanik oinarrizkoenean» hasi dira lanean. Hain zuzen ere, Garmendiaren soinu mahaia erabili dute, eta, horrela, orain arteko elkarrizketak toki ezberdinetan egin dituzte. Horrekin, diotenez, «elkarrizketatua ez dugu derrigortzen toki jakin batera joatera, eta erraztasunak ematen dizkiogu».
Eskarmentua abiapuntu
Irrati plato mugikorrarekin eta tonaka ilusiorekin, Maitane Urbieta kirol esatariak bataiatu du saioa. Bi aurkezleentzat, «pisu handiko norbait» da Urbieta: «Ez dago pertsona hoberik gure proiektua jendeari erakusteko, Maitane Urbieta, egun, boladan dagoen kazetaria baita». Europa Ligako partiden narrazioak egiten dituen emakumezko esatari bakarra da Urbieta, eta Urkiri eta Garmendiaren proiektuaren «isla garbia». «Unibertsitatean hasi nintzenetik jarraitzen dut; gutxienez, duela hamar urtetik», dio Urkirik.
Irratsaio pilotuko esperientzia «biribilaren» ostean, bi gurpilen gainean jarri dira esatariak Irene Caminos trail txirrindularitzako Europako txapelduna elkarrizketatzeko. «Umiltasuna eta naturaltasuna» igarri dituzte Caminosengan: «Izandako lorpenak eta oztopoak modurik xumeenean kontatu zizkigun, eta horrek, esatari gisa, asebete egin gintuen». Euskal Herrian, trail txirrindularitza kirol minoritarioa da, eta hori ere bada borroka bi esatarientzat: kirol minoritarioentzako eta izen handirik gabeko kirolari gazteentzako plaza izan gura dute. «Guk erreferenteak sortu nahi ditugu, eta isileko eredu den emakumezko kirolari orori ahotsa ematea dugu helburu. Caminos Europako onena da, baina aitortu zigun mutilekin entrenatzen hasi behar izan zuela, Euskal Herrian emakumezko trail txirrindulariaren noziorik ez dagoelako».
Gazteen plaza izateaz gain, eskarmentuarena ere izan nahi dute Garmendiak eta Urkirik: pentsatzen ari dira haientzat erreferente izandako kirolari ohiak mikrofonora ekartzea, «eskarmentuak ere gauza interesgarri mordoa baitu esateko».
Datozenei so, aurreratu dezaketen bakarra da euskal jatorriko kirolekin eta futbolarekin lotutako pertsonak elkarrizketatuko dituztela. «Horietako bat txapeldun izan berri da, gainera», Urkiriren berbetan.
Jendearengana iristea lortu duenaren poza nabari zaie biei, saioak jasotako harrera beroaren zantzu. «Ez nuen uste nire kuadrillakoek podcasta entzungo zutenik», dio Urkirik, irribarretsu. Elkarrizketatuek ere aitortu diete eroso egon direla; «helburuak betez doaz, beraz». Solasaldiak amaitzeko, galdera bera egiten diete gonbidatuei: «Hurrengo elkarrizketatua emakumea eta kirolaria dela bakarrik jakinda, zer galdetuko zenioke?». Urkirik argi du zer itaunduko liokeen: «Zein izan da jaso duzun mezurik frustragarriena?».
Berriak genero analisirik eta generoaren araberako diskriminazio positiborik gabe landu ahal izatea dute amets, «hori, behingoz, berdintasun informatiboaren adierazle izango litzatekeelako».
Emakume kirolarien plaza
'Kirolari gaittun' sortu dute Ane Urkirik eta Maddi Garmendiak: emakumeei eta kirolari buruzko Youtubeko podcast saioa. Jada abian dira: lehenengo bi elkarrizketak egin dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu