Hitzetik Hortzera bertsolaritzaren inguruko saioak 30. sasoiari ekingo dio gaur, 15:00etan, ETB1n. «Iaz, formatu berri batekin eta gidoilari berri batzuekin egin genuen sasoia; eta, gustura gaudenez, talde bera arituko gara aurrerakoan», esan du Eider Perez saioaren aurkezleak. Aurreko sasoian marrazkiekin urratu zuten saioaren ildoa. Oraingoan, maleta gorri bat izango da protagonista.
Zergatik maleta? Ganbara batekin irudikatu zuten aurrekoan bertsozaleen aterpea. Gaurtik aurrera, ordea, ez dute leku fisiko egonkorrik edukiko, eta eurak ibiliko dira bertsoen bila, herriz herri. «Bertsoz eta objektuz beteko dugu maleta». Izan ere, gonbidatu bakoitzari objektu bat eskatuko diote, bertsoarekin nolabaiteko lotura daukana. «Sasoiaren amaieran, maleta hori objektuz beteta egongo da».
Sasoiko berrikuntzarik handienetako bat emakume bertsolarien historiari buruzko tartea izango da. Oraindik guztiz zehaztua ez badute ere, printzipioz tarte bat emango diote emakumezko bertsolari bati, urtarriletik aurrera. Zazpi atal izango dira, eta zazpi bertsolari.
Tartearen 30. sasoia ospatzeko, beste hainbat atal berriz hornitu dute saioa, «horrenbeste urtekdagokien sendotasuna eta indarra izan dezaten». Horietako bat Kutunak izango da. Jende ezagunari eskatuko diote azaltzeko zein duen bertso sortarik kutunena. Aitziber Garmendia izango da lehena.
Umorea atalean, berriz, esketx laburrak egingo dituzte bertsolariekin eta bertsozaleekin.
Bertsoa eta beste arteak
Bertsolaritza margoarekin, dantzarekin eta musikarekin uztartu dute. Sei bertso sorta hartu dituzte —ezagunak eta ez horren ezagunak—, eta bi dantzariri, bi musikariri eta bi margolariri eskatu diete horiek euren artearekin adierazteko.
Hitzetik Hortzera berriak agenda bat edukiko du, txapelketak nola doazen eta zein bertso saio egingo diren iragartzeko.
Beste berrikuntzetako bat Zu bai zoom atala izango da. Horretan, bertsozaleei eskatuko diete sakelako telefonoekin saioren bateko bertsoren bat grabatzeko, eta tartean emango dute. «Leku askotara ez gara iristen, saio asko egoten delako. Horregatik erabaki dugu horiei ere aukera ematea telebistan agertzeko; hau da, jendearen zaletasuna erabiltzea, ekarpena egin dezaten». Txakur Gorria sortzaile taldeak jarraituko du gidoiak egiten.
Gaurko saioan, trenean bidaiatuko du Eider Perezek, maleta gorriarekin. Elorriora (Bizkaia) joango da, Maite Berriozabal gai jartzailearekin elkartzera. Eibarko (Gipuzkoa) bertso saio musikatua prestatuko dute. Arrateko (Eibar) bertso afaria eta Galdakaoko saioa (Bizkaia) ere emango dituzte, baita ikusleek Ibarran (Gipuzkoa) sakelakoarekin grabatutako Miren Amurizaren bi bertso ere.
Emakume bertsolarien historia landuko du 'Hitzetik Hortzera'-k
Gaur zabalduko du 30. sasoia bertso tarteak. Ikusleek grabaturiko bertsoak erabiliko dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu