Elkarrizketa saio bat estreinatuko du ETB1ek urtarrilaren 14an. K2000 ekoizpen etxeak egingo du programa, eta Fermin Etxegoienek (Oñati, Gipuzkoa, 1966) aurkeztuko eta zuzenduko du. Ostegunetan emango dute programa, prime time ordutegian. Udazken honetan, tarte horretan, euskarazko kateak Baskoniako historia bat dokumental saioa eman du —ikusle datu apalak izan ditu Euskal Herriaren historiarekin lotutako programak—.
BERRIAk jakin duenez, elkarrizketa luzeak eta pertsonalak egingo ditu Etxegoienek. Hasieran, ETBk lau atal ematea adostu du K2000 ekoizpen etxearekin. Lortutako emaitzen arabera, programak jarraipena izan dezake hurrengo hilabeteetan.
K2000 ekoizpen etxeak denboraldi honetan Zuek hor saioa egin du ETB1 katerako, baina 2016. urtean ez du jarraituko Ibon Gaztañazpik eta Marta Elvirak aurkeztutako programak. Ikusle datuak txikiak izan direla aitortu du Iñaki Urdanpilleta programako zuzendariak. Saio horretako lantaldeak, bestalde, Urte berri hor umore saioa prestatu du bihar gauerako —kanpaien aurretik eta ondoren emango dute—.
Etxegoien, gidoilari-esatari
Fermin Etxegoien idazle, kazetari, gidoilari eta irrati-esatariak ez du lanik egin EITBrentzat uztailaren amaieran Eusko Irratiko lan erregulazio txostenaren eraginez Euskadi Irratitik kanpo gelditu zenetik; kontratu mugagabe ez-finkoa zuen 2014ko ekainetik. Euskarazko irrati publikoan Musikatea musika saioa gidatzen zuen, eta harrera ona zuen entzuleen artean. Aurretik, hainbat musika irratsaio egin zituen Gaztea irratiarentzat ere.
ETBn aurreneko aldia da Etxegoien programa baten aurkezle nagusia dena. K2000 ekoizpen etxeak egindako hainbat saiotan gidoilari lanetan aritu da. Programa horien artean daude, besteak beste, Anitzele —Xabier Euzkitzek gonbidatu bat hartzen zuen platoan, eta haren bizitzari begiratubat egiten zioten, hiru elkarrizketatzaileren laguntzaz—, Kalaka —gaurkotasuneko gaien inguruan eztabaidatzen zuten hainbat solaskidek plato batean— eta Bisitaria —Euzkitze pertsona famatu baten bizitzan sartzen zen 48 orduz—.
Etxegoien ez da bakarrik EITB taldearentzat aritu: Bilbo Hiria irratian aurkeztu izan ditu saioak, eta, zutabegilea ere izan da BERRIAn eta Argia-n.
Elkarrizketa saio bat aurkeztuko du ETBn Fermin Etxegoienek
Urtarrilaren 14tik aurrera emango dute saioa, ostegun gauetan.Elkarrizketa luzeak eta pertsonalak izango dira, pertsona ezagunenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu