EHUko irakasle eta ikerlaria eta Euskal Hedabideen Behategiko koordinatzailea da Libe Mimenza (Elorrio, Bizkaia, 1988).
Doktore tesian ondorioztatu duzunez, analitika hastapeneko praktika baino ez da euskarazko hedabide gehienetan. Hastapen horretan zer pauso eman behar dira?
Ikerketa zientifiko bat egin nahi izan dut, doktore tesi bat, baina baita ekarpen teknologiko bat ere. Euskaraz ikertzeak esan nahi du komunitate batentzat ikertzea. Eta eman diren lehen pauso horiek izan dira: urratsak egitea euskarazko komunikabideek Interneten dituzten atarietako sartu-irten eta ekintza guztiekin sortzen den datu multzoa baliagarri egiteko. Baliagarriak egitea hedabideentzat, haien egunerokoan. Baina baliagarria egitea baita taldearentzat ere, euskarazko komunikazioa hobeto ezagutzeko.
Zehazki zer egin duzu?
Diagnostiko bat, jakiteko euskal hedabideak zer egoeratan zeuden gai honetan. Eta, gero, ekintzarako proposamen bat.
Zein izango da ekintzarako proposamen hori?
Oinarri moduan hartu dut batez ere euskarazko hedabideentzako neurketa sistema komun bat proposatzea: euskarazko hedabideek Interneten duten aktibitatearen edo ekintza multzoaren sistema komun bat. Zertarako? Audientzia nolakoa den jakiteko, eta euskarazko hedabideen edukien inpaktua nolakoa den jakiteko. Horretarako, datuak biltzeko moduak estandarizatu behar dira lehenik; datuak jasotzeko plataforma bat eraiki behar da; eta, azkenik, datuak aztertu eta erabili egin behar dira. Hiru urratseko prozesu moduan definitu dut.
Nola doa prozesu hori?
Lehen bi urratsetan ari gara orain lanean. Aurten bertan prest izango dugu azterketarako lehen datu multzoa. Doktore tesia ikerketa ekintza aplikatua izan da. Horrek esan nahi du pilotu bat egin dela komunikabide batzuekin —euskarazko zortzi hedabiderekin—, gero euskarazko hedabide guztietara zabaltzeko —60 inguru—. Ikerketa ekintza izan da, komunikabideekin batera garatu direlako diseinatutako urratsak.
«[Nire doktore tesia] Ikerketa ekintza bat izan da, komunikabideekin batera garatu direlako diseinatutako urratsak»
Analitika sistema elkarrekin garatu behar dute hedabideek orduan, ezta?
Bai, sistema hori elkarrekin pentsatu eta eraiki behar da, zalantzarik gabe. Datu mordoa dago sarean, eta datu gehienak egituratu gabe daude. Datuak hartu eta ordenatu egin behar dira, eta informazio bihurtu; ondoren, informazio hori ezagutza gisa aktibatu behar da. Ezagutza hori aktibatzeko, etengabeko prozesuak jarri behar dira martxan. Prozesu horietan lagundu ahal dute datuek, hau da, analitikak.
Horrek esan nahi du amaieran soilik datuekin lan egitea?
Ez. Datu horiek lagungarri izango dira aurretiaz dauden intuizio, helburu edo hedabideen misioei begira. Azken horiek aplikatzeko lagungarri izango dira datuak. Elkarrekin ari gara, halabeharrak bultzatuta; izan ere, sarearen handitasun horretan elkartuta, aplikazio eta soluzio hobeetara iritsi gintezke. Baina, batez ere, uste dut sistema hori baliagarria izan daitekeela euskarazko komunikazioa aztertzeko. Beraz, datu ekosistema bat osatu beharko genuke: euskararen datu digitalen ekosistema.
«Aukera bat da duela 40 urte sortu zen euskarazko komunikabideen sektore hori kultura digital garaikiderantz astintzeko»
Hedabideetara mugatuko al litzateke?
Lehenik, euskarazko komunikabideetan abiatuko litzateke. Baina, bigarren urratsean, euskararen datu digitalen ekosistema osora zabalduko litzateke. Elkarrengandik ikasteko egingo genuke hori, eta hizkuntzaren subiranotasun teknologikoan urratsak egiteko. Elkargune bat sortuta, euskararen osasun digitalaren azterketa ahalik eta zabalena egin ahalko genuke. Hor euskarazko hedabideak zentroan daude, baina hortik irradiatu egin daiteke. Euskalgintzak erronka digitalari kosk egin behar dio, eta norabide honetan urrats batzuk egin.
Hedabideetan ez al dira falta giza baliabideak halako gaiei heltzeko?
Bai, ezagutza sortu edo ekarri egin behar da. Bai baterako eta bai besterako, baliabideak behar dira, horrelako berrikuntza prozesuak aktibatzeko. Ezagutza horrek alfabetatze baten bidez etorri behar du, eta profesional berriak integratuz, baina, bi baldintza horiek betetzeaz gain, datuen kultura behar da. Datuen kultura bat aktibatu behar da, eta horrekin zera esan nahi dut: digitalizazioari erantzuten aritu dira hedabideak, eta, bi hamarkadako ibilbidean, marketin alorreko analitika begiradak sartu dira azken urteetan, baina analitika ez da zabaldu enpresa egitura osora. Horren hastapenetan gaude, baina ezin da esan hori praktika orokortua denik. Ez, behintzat, euskarazko komunikabideetan. Beste sektore batzuetan, datuak eta analitikak lehen lerroan daude gaur egun.
Datuak, komunikabide batean, gauza askotarako erabil daitezke: hasteko, audientzia ezagutzeko —nor sartzen den, zer atal ikusten den gehien, zer edukitan pasatzen den denbora, zer nabigatzaile edo gailurekin iristen den gugana, harpidetza botoian klikatzen duten...—. Eta portaera horiek erabili daitezke erabaki editorialetarako, kanpainen jarraipenerako eta enpresen plan estrategikoetarako. Hor kultura aldaketa bat egin beharra dago. Komunikabideen sektorearentzako digitalizazioa hil edo biziko erronka bat da, eta aukera bat ere bada duela 40 urte sortu zen euskarazko komunikabideen sektore hori kultura digital garaikiderantz astintzeko. Eta kultura horretan ez ditut kokatzen soilik datuak, adimen artifiziala eta sareak, baizik eta baita egiteko moduak, lidergo askotarikoak eta abar ere. Kazetaritza ulertzeko eta egiteko beste era bat, azaletan eta prime time-tan oinarrituko ez den beste era bat.
Baina hori ezingo da egin sosik gabe, ezta?
Horretarako, profesionalak behar dira, eta dirua behar da. Soluzio kolektibotan ere pentsa daiteke, datuak hartu, aztertu eta aplikagarri izango den ezagutza bihurtu behar dira-eta. Hori hedabide baten lantaldean egin daiteke, baina taldean antolatuta egin daiteke, eta denontzat baliagarri izango den ekarpen gisa. Datafikazio garai hau prozesu global bat da, eta horri modu kolektiboan erantzun beharko diogu. Euskal Hedabideen Behategia bide erraztaile bat egitearen aldekoa da, eta horretan jarraituko dugu datozen hilabeteetan. Unibertsitateek ere lagundu dezakete, eta badagokie horretan laguntzea. Big data-n trebatzen ari direnek ere pentsatu behar dute aukera bat dela arlo hori komunikazio arloan lantzea.