Elhuyar aldizkariak diseinua eta formatua berritu ditu, eta abenduko zenbakian ikus daitezke berrikuntza guztiak. Lehen baino txikiagoa da aldizkaria. Garbiagoa eta erosoagoa dela nabarmendu dute fundazioko arduradunek, «irakurtzeko eta eskuetan ibiltzeko atseginagoa».
Edukia ere eraberritu dute, neurri batean. Zientziaren eta teknologiaren munduan gertatzen denaren berri ematea da helburua, ohiko moduan. Baina hemendik aurrera, zientzialariek berek izango dute lehentasuna. Aitziber Agirre aldizkariko zuzendariak esan du diseinuak bazituela urte batzuk, eta berez zegokiola aldaketa. «Gizonezkoak izan dira zientziaren publikorik ohikoena tradizionalki, baina gu sinetsita gaude emakumeon interesa ere badela. Inolako zalantzarik ez dugu horretan. Eta haiei luzatu nahi diegu eskua». Abenduko zenbakian, Eva Poveda birologoarekin egin dute elkarrizketa nagusia. Ikertzaileek bidalitako ikerketak gehiago zainduko dituzte hemendik aurrera.
Diseinu berria Eragin.com-eko diseinatzaileek egin dute. «Nazioarteko zientzia dibulgazioko aldizkarien bilakaerari begiratuta, baina neurri handi batean euskal hedabideen bilakaerari erreparatuta egin dute. Bien nahastura bat da», azaldu du Agirrek.
Formatu txikiagoa izateak, bestetik, irakurleari abantailak ekarriko dizkiola uste du aldizkariko zuzendariak: «Poltsan edo motxilan erraz sartzen da orain, eta edozein tokira eramateko erraztasuna emango du. Horrela, aldizkariak Euskal Herri osoan bidaiatuko du, alderik alde».
Kalitate handiko argazkiak
Kolorezko argazki ikusgarriak ditu aldizkariak bere orrialde guztietan. Ikusmira atalean, bestalde, kalitate handiko zientzia argazkiak argitaratuko dituzte. «Guretzat, garrantzitsua da zentzumen guztiak elikatuko dituen aldizkaria egitea. Aldizkaria jaso, eta lasaitasunez papera gozatu ahal izatea. Gaur egun, informazioa pantailan, berehala eta doan eskuratzera ohitu gara, eta leku txikia du plazer horrek». Baina Elhuyar Fundazioko lagunak sinetsita daude badagoela horrela gozatzen duen jende asko.
Aldizkariko harpidedunek urtean hamasei euro ordaindu behar dituzte. Trukean, aldizkaria etxean jasotzen dute, zuzenean. «Gaurkotasun zientifikoa eta teknologikoa izango du eskuetan harpidedun egiten denak. Zientziaren inguruko iritziak eta analisiak, albiste laburrak eta erreportaje sakonak». Urtean lau zenbaki argitaratzen dituzte. Agirreren arabera, «zainduak» eta «mimo handiz» eginak. Webgunean, berriz, zientziari lotutako albiste esanguratsuenak jasotzen dituzte astero, denentzat doan.
Egun Elhuyar-ek 1.560 harpidedun ditu. Kopurua kuantitatiboki handitzea ez dela erraza ohartarazi du Agirrek: «Euskarazko hedabideak nahi baditugu, nolabaiteko babesa eman beharko diegu herritarrok. Internetez doan egiten den informazio kontsumoa aintzat hartu beharko dugu, eta harpidetzeko aukera aztertu, behintzat». 2018an zientzia plazara eramatea jarri dute helburutzat. «Aldizkaria leku guztietara iritsi dadila».
'Elhuyar' aldizkariak formatua aldatu du, «edonora eramateko»
Diseinua berritu dute, nazioarteko zientzia aldizkarien eta euskal hedabideen bilakaera begiratuz

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu