Urtez urte zorrak pilatzen ari zen Zeta komunikazio taldea —2018. urtea 100 milioi euroren zorrekin amaitu zuen—. Azkeneko hilabeteetan, taldea saltzeko negoziaziotan aritu dira, eta, azkenean, Prensa Iberica komunikazio taldeak erosi du El Periódico de Catalunya egunkaria argitaratzen duen enpresa. Erosketarako beste hautagai nagusia Mediaproko Jaume Roures zen —abenduan erosketa egina zuela zabaldu zen—, baina Javier Moll buru duen taldeak hartu dio aurrea; atari digital batzuek argitaratu dutenez, 40 milioi inguru ordainduko ditu Prensa Ibericak erosketagatik. Zeta taldeko Sport kirol egunkaria ere Prensa Ibericaren esku egongo da aurrerantzean.
Prensa Iberica taldea 1984. urtean sortu zuten, Kanariar Uharteetan (Espainia). 1986an, Galiziako Faro de Vigo egunkaria erosi zuen; 1991n, Diario de Mallorca eta Diario de Ibiza (Balearrak, Herrialde Katalanak); 1996an, Diari de Girona (Katalunia); 2000an, La Opinión A Coruña (Galizia) sortu zuen... Gaur egun, hemezortzi egunkariren jabe da. Zeta taldeko biekin, hogei izango ditu, beraz. Taldearen egoitza nagusia Bartzelonan dago, eta Madrilen beste egoitza bat dauka alor komertzialerako. Egunkariez gain, taldeak irrati batzuk ditu Ibizan, Palman, Valentzian eta Kanariar Uharteetan. Baita tokiko telebista kate batzuk ere —esate baterako, Manresan (Katalunia)—.
Iaz, 135 langile kalera
El periódico de Catalunya Antonio Asensiok sortu zuen, 1978an, eta haren seme Antonio Asensio Mosbah da gaur egun presidentea. Egunkariak bere aurreneko bi hamarkadetan gaztelaniazko bertsioa izan zuen soilik. 1997tik, berriz, bi bertsio ditu: gaztelaniazkoa eta katalanezkoa. Zeta taldearen datuen arabera, katalanezko salmentak guztien %40-45 inguru dira. Azkeneko urteetan, egunkariaren salmentek beherantz egin dute nabarmen.OJDren iazko txostenaren arabera, El Periódico-k 32.818 ale saltzen ditu kioskoan egunero, eta azkeneko urtean harpidedunen %38 galdu ditu. Egun, 6.500 harpidedun ditu.
Langileen baldintzak okerrera egin dute; 2017ko maiatzaren 16an ez zuten argitaratu kazeta, langileen greba baten eraginez. Kaleratze mehatxuak zirela eta, beste greba egun bat egin zuten iazko udaberrian. Apirilean, lana erregulatzeko txostenak 135 langileri eragin zien. Zeta taldearen krisiaren beste ondorio bat Interviu eta Tiempo aldizkarien itxiera izan zen. Iaz itxi zituzten biak.
El Periódico de Catalunya-ko zuzendaria Enric Hernandez da. Duela aste batzuk ezagutarazi zen RTVEko administratzaile Rosa Maria Mateok TVEko zuzendari kargua eskaini ziola. Baina Espainiako Kongresurako bozak aurreratu izanak eta Zetaren salmentak bertan behera utzi dute Hernandezen pausoa.
Azkeneko urteetan, kazetaren ildo editoriala Kataluniako prozesu independentistaren aurkakoa izan da.
'El Periódico de Catalunya' erosi du Prensa Iberica komunikazio taldeak
Zeta taldeak 100 milioi euroren zorrak ditu. 'Sport' kirol egunkaria ere erosketaren parte da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu