Harrera beroa izan zuen ETB2ko El lector de huesos saioaren lehen denboraldiak. Pello Sarasola saria jaso zuen joan den hilean, FORTAko telebista kate autonomikoen saio onenari ematen zaiona. Beste telebista batzuen aitortza jaso dutela azaldu zuen atzo Donostian Blanca Baenak, K2000 ekoizpen etxeko fikzio zuzendariak. Ondorioz, Paco Etxeberria eta Dani Alvarez elkartu dituzte berriro, bost atal grabatzeko. Atal sorta berria astelehenetik aurrera ikusi ahalko da ETB2n (22:30).
Bigarren denboraldiko lehen atalean, hegazkin istripuak eta biktimen identifikazio lanak izango dituzte hizpide, Yak-42 hegazkinaren auzia oinarri hartuta. 2003. urtean, Turkian behea jo, eta 62 militar hil ziren bertan. Ertzaintzaren laguntza eskatuko du Etxeberriak, hegazkin istripu bat antzeztuko dute, eta gorpuak identifikatzeko modu zuzena azalduko dute. Beste istripu bat ere ekarriko dute gogora: Oiz mendian (Bizkaia) 1985. urtean gertatu zena. 148 bidaiari hil ziren orduan. Guillermo Portero auzi medikuak identifikatze lanetan parte hartu zuen, eta asteleheneko saioan azalduko da hizketan.
Igor Zabala saioko zuzendariak atzo nabarmendu zuen El lector de huesos-en ekintza eremua zabaldu egin dutela denboraldi berrian: «Ez gara mugatuko biktima bakar bati eragiten dioten krimenetara. Harago joango gara, eta saiatuko gara beste gertaera mota batzuk kontatzen, tartean istripuak eta tragediak. Irakurketa lehen baino anbiziotsuagoa izango da». Zabalaren arabera, atal bakoitza «abentura ezberdin bat» izango da.
Ataletako batean, ETAk duela 30 urte Hipercorren egin zuen atentatuaren inguruan ariko dira —21 pertsona hil ziren, eta 46 zauritu ziren—. Alvarez biktimekin eta senitartekoekin elkartuko da. Artezilari adituekin ere egongo da, hainbat lehergailu probatzeko.
Salvador Allende Txileko presidentearen heriotza aztertuko dute beste atal batean. Juan Carlos Aguilarrek Bilbon hil zituen bi emakumeen auziaz ere ariko dira. Halaber, Alcasserko (Herrialde Katalanak) hiru nerabeen hilketaz ariko dira. Azken kasu horretan, bitxikeria bat gertatu zitzaien, grabatzera joan zirenean. Hilobiaren zentimetro gutxira, hortz bat aurkitu zuten. Etxeberria konbentzituta dago hildako neska haietako baten hortza dela—Polizia probak egiten ari da norena den jakiteko—.
Alvarezek azaldu zuen «esperimentazioan muturreraino» joan dela atal berrietan: «Atal bakoitzean, pare bat aldiz mozorro batekin agertuko naiz: lehergailuak desaktibatzeko jantziarekin, suhiltzailez edota eraso errifle batekin». Telebistan aurretik egin gabeko «eszena berritzaileak» iragarri ditu Baenak.
Etxeberriak nabarmendu zuen saioak «bokazioak pizteko» balio behar duela. Alde horretatik, pozik dago, aurreneko denboraldiko saioak prestakuntzarako erabiltzen ari direlako.
'El lector de huesos' saioa astelehenean itzuliko da
Atal berrietako aurrenekoan, Yak-42 hegazkinaren istripuaz ariko dira. Telebistan aurretik egin gabeko «eszena berritzaileak» iragarri dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu