Ekologismoa, adarrez adar

Iñaki Barcenak eta Josu Larrinagak 'Hauxe gure Lurra' saioa egiten dute Bilbo Hiria irratian

Iñaki Barcena, Hauxe gure Lurra podcastaren sortzailea. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
jakes goikoetxea
2022ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Adar eta hosto asko ditu ekologismoak. Abstraktuagoak batzuk; lurtarragoak besteak. Badira eztabaidak eta ikuspegi ezberdinak ere. Joera berriak. Bizitzaren arlo guztiei eragiten die gizakiaren eta naturaren arteko harremanak.

Ez da erraza ekologismoaren adar eta hosto horiei guztiei buruzko informazioa eta gogoeta aurkitzea komunikabideetan. Euskal Herrian, ordea, badago aukera bat behintzat: Bilbo Hiria irratiko Hauxe gure Lurra saioa, podcast gisa eskainia.

Eskarmentu handiko eta ibilbide luzeko bi adituk egiten dute: Iñaki Barcenak eta Josu Larrinagak. EHUko irakasleak biak. Bata Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultatekoa; bestea Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia fakultatekoa. Ekopol ikerketa taldeko kideak. Unibertsitate irakasleak bai, baina baita gizarte mugimenduetako kide eta ekintzaile ere bai. Bitxikeria bat: Larrinaga Barcenaren ikasle izan zen.

Kolaboratzaile gisa hasi ziren Bilbo Hiria irratian, duela hogei bat urte. Geroago saio propio bat egiteko proposamena egin zieten Bilbo Hiria irratitik bertatik. 2017ko irailean egin zuten lehenengoa; nola ez, AHT abiadura handiko trenari buruzkoa.

Bilbo Hiria irratiaren webgunean Zientzia atalaren barruan daude Hauxe gure Lurra-ren saioak. «Zientzia dibulgazioa egiteko eskatu ziguten hasieratik, eta eta hori egiten saiatzen gara», azaldu du Larrinagak.

Ordu erdi inguruko saioak dira. Bietako batek gai bat aurkezten du, eta gero besteak galderekin edo komentarioekin osatzen du. Bukatzeko, gaiarekin lotutako kanta bat jartzen dute.

Gaitegi zabala

Orain arte landutako gaiak errepasatuz gero, denetarik dago: ekosozialismoa, ekofeminismoa, hondakinak, antropozenoa, Lynn Margulis zientzialaria, Lemoiz gelditu murala, hizkuntzak eta ekologia, prometeismoa, ekonazionalismoa, ekoanarkismoa, Gaia hipotesia, ekokapitalismoa, Lurra babesten dutenen kontrako erasoak, animalismoa, publizitatearen debekua...

Barcenak uste du hori dela programaren ekarpena, berezitasuna, «gizartearen eta naturaren arteko harremanen konplexutasunaren dimentsio ezberdinak erakustea eta azaltzea». Dibulgazio ikuspegiarekin. Akademiatik kalera: «Saiatzen gara gai potolo horiek Euskal Herriko errealitatera, euskal gizartearen parametroetara jaisten».

Ez dira normalean komunikabideetan jorratzen diren gaiak. Are gutxiago komunikabide publikoetan. «Bilbo Hiria irratian egiteak, irrati libre batean egiteak, autozentsurarik gabe aritzea ahalbidetzen du», Barcenaren arabera.

Komunikabideetan —publikoetan batez ere— faltan ematen ditu ekosozialismoaren edo ekologismo ezkertiarraren planteamenduak: «Hutsune hori ikusi dut beti, eta horrek ere animatzen nau irratsaio hau egitera».

Horrez gain, Larrinagak azaldu duenez, askotan saiatzen dira beste diskurtso ideologiko batzuk, «komunikabide konbentzionaletan egia santu gisa saltzen direnak, deseraikitzen». Produktibismoaz, prometeismoaz... ari da. «Halako marko sinbolikoak edo kognitiboak oso barneratuta ditugu eta oso barneratuta daude komunikabideetan. Horiek deseraikitzea ere bada gure zeregina».

Euskal Herrian errotuta eta zabalduta dago mugimendu ekologista. Urte askotako tradizioa du. Sarri ateratzen da kalera. Borroka molde ezberdinak erabiltzen ditu. «Borroka ekologistak era diskurtsiboan, era sinbolikoan ere borrokatu eta irabazi behar dira», Larrinagaren iritziz. Horretarako ekarpen bat egiten saiatzen diraprogramaren bidez.

Barcenak eta Larrinagak egiten dute programa, baina saioan entzuten ez den hirugarren lankide bat aipatu dute: Bilbo Hiria irratiko Josu Zabala. «Soinu teknikaria, editorea, eta esaten diguna zer egiten dugun ondo eta zer gaizki».

Irratiko saio bat da Hauxe gure Lurra. Etorkizunean dibulgazio liburuxka ere bihur daiteke. Pentsatu dute saio batzuk liburu batean biltzea: gaiak hartzea eta idatziz lantzea, edukia moldatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.