Komunikazioa

Ekoizleen garrantzia nabarmenduko du 'Duelo en la cocina' saioak

Gaur estreinatuko dute gastronomia saioa; euskal ekoizleak beste herrialdetakoekin lehiatuko dira

Adrian Garcia.
Donostia
2013ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Gastronomiaren oinarri dira ekoizleak, haiek arduratzen baitira sukaldariek punta-puntako produktuak eskura izateaz. Haatik, itzalean geratu ohi da baserritar eta nekazarien jarduna, sukaldariek behin baino gehiagotan haien garrantzia nabarmendu arren. Ekoizle horien ezkutuko lana azaleratzeko asmoa du Duelo en la cocina saioak. Beste herrialdetako ohiko produktuekin lehian jarriko dituzte euskal produktuak. Sara Gandarak egingo ditu aurkezle lanak, eta Ana Vega gastronomia blogariak eta Sener Gonzalez sukaldariak erakutsiko dute euskal ekoizleen egunerokoa. Gaur emango dute lehen saioa, ETB2n, 22:15ean.

«XX. mendea sukaldariena izan da; XXI.a ekoizleena izango da». Aritz Galarza ETBko Dibulgazio eta Kanpo Programazioko buruak saioaren mamia azaldu du. Ekoizleek ere euskal sukaldariek hartutako sona eta oihartzuna hartuko duelakoan dago. «Gure ekoizleen lan ona erakutsiko dugu».

Euskal ekoizleen maila eta lan egiteko grina erakustea da xedea. «Badakigu gure sukaldaritza punta-puntakoa dela. Baina, berdina esan al dezakegu gure produktuez?», galdetu dio bere buruari Javier Garcia de Bikuñak, saioko zuzendariak.

Beste herrialdeetako produktu izarrekin lehiatuko dira bertako produktuak. Gaurkoan Frantziako foiea, ardoa eta croissantak edukiko dituzte aurkari euskal ekoizleek. Hiru produktu horiek egiten dituzten euskal ekoizleen bila abiatuko dira Vega eta Gonzalez kolaboratzaileak. Sara Gandara aurkezleak aurreikusi duenez, «emozioa, zirrara eta tentsioa» nagusi izango dira.

Epaimahai neutrala

Goi mailako epaimahai batek erabakiko du zein produktu den onena, itsuan egindako dastatzeen ondoren. Azken momentura arte, ez dute jakingo zein herrialdeko produktua dastatu duten.

Saioari neutraltasun puntua ematearren, etxeko eta nazioarteko izen handiko profesionalek izango dute azken hitza; Darren Williamson Ingalaterrako sukaldariak, Bascook jatetxeko Aitor Elizegik, Etxanobe jatetxeko Fernando Canalesek eta Silvaian Larisse sukaldariak osatuko dute epaimahaia.

Saio bakoitzero epaimahaikideak aldatuko dituzte, betiere neutraltasun puntuari eutsiz. Alemaniako produktuekin lehiatzean, esaterako, herrialde horretako kontsula gonbidatuko dute.

Vega eta Gonzalezek Euskal Herria arakatu dute ekoizleen bila. Lehen tartean, ekoizle horien lana erakutsiko dute, Mikel Zeberio adituaren laguntzarekin. Gonzalezi «zirraragarria» suertatu zaio lana. «Haien produktuarentzat bizi diren jende asko ezagutzeko aukera eman dit. Gastronomiaren arima dira». Italiako, Frantziako eta Alemaniako produktu izarrekin lehiatzea «ausardia askoko» ekintza izan arren, adierazi du «ezusteak» egongo direla. «Gauzak benetan ondo egiten dituen jendea dago hemen».

Vega ere txundituta geratu da ekoizleek lanerako erakutsitako grinarekin. «Interesgarriena lanean jo eta ke dabiltzan horien istorioa ezagutzea da. Askok tradizio luzea dute euren lanean».

Herrialdea puntatik puntara zeharkatu dute ekoizleak ezagutzeko. «Izozkiak, ardoa, garagardoa, sagardoa, saltxitxak eta beste egiten dituztenekin izan gara», azaldu du Vegak. Beste herrialdetako ohiko produktuekin lehian aritzeak ez ditu ekoizleak kikildu. «Askotan, gehiegi begiratzen diegu besteei. Euskal sukaldaritza munduko garrantzitsuenetakoa da, eta sukaldariek bertako produktuekin lan egiten dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.