Azkeneko asteetan EITB bere hedabideetan eta sare sozialetan—propio ordaindutako mezuetan— nabarmentzen ari da 2018. urtea izan duela historiako onena Interneteko erabiltzaile datuei dagokienez. Baina erabiltzaileen artean zenbat dira euskarazko orrialdeak bisitatzen dituztenak? EITBk berak jakinarazi duenez, webgune osora euskarazko edukiek egiten duten ekarpena %9 da. 2016. urtean, %11 izan ziren euskarazko orrialdeen bisitak, eta 2017an, %10. Ehunekoaren tamaina arrazoitzeko, EITBk honako hau adierazi du: «Bisiten hazkundearen zati garrantzitsu bat gaztelaniazko edukietan ematen da estatutik kanpo; ezin da ahaztu Googletik datorrela audientziaren zatirik handiena».
2016tik 2018ra euskarazko orrialdeek Eitb.eus webgunearen barnean duten ehunekoa jaitsi baldin bada ere, erabiltzaileen kopurua handitu egin da; 2018an, hilero, batez beste, 300.000 herritar sartu ziren euskarazko edukietan, 2016an baino %20 gehiago. Datu horiek guztiak OJD Interactivak emandakoak dira, Google Analyticsen oinarrituta.
EITBren informazioaren arabera, iaz apirilean, maiatzean eta ekainean lortu zuten Interneteko erabiltzaile gehien. «El conquistador saioari, Euskal Herriko Itzuliari eta Italiako Giroari esker, besteak beste, lau milioi erabiltzaile lortu zituen atariak hiru hilabete horietan».
EITBren albisteen atariko euskarazko edukiei dagokienez, arrakasta gehien izan zutenakbertsolaritza txapelketei buruzkoak izan ziren.
Irratietan, euskara aurretik
Interneteko erabiltzaileekin alderatuta, oso bestelakoa da EITB taldeko irratietan euskarak duen pisua: CIES Centro de Investigacion y Estudios Sociales zentroak abenduan eman zituen datuen arabera, EITBren irrati entzuleen %54k euskarazko edukiak aukeratzen dituzte. 265.000 entzule batzen dituzte euskarazko bi irratiek —Euskadi Irratiak, 142.000, eta Gazteak, 123.000—. Gaztelaniazko irratien entzuleak, berriz, 225.000 dira —Radio Euskadik, 202.000, eta Radio Vitoriak, 23.000—. Horrenbestez, aldea nabarmena da: irratietan du euskarak pisurik handiena, Internetekin eta telebistarekin alderatuz gero.
Kantar Mediak emandako datuen arabera, bestalde, 2018an ETBn euskarazko telebista ikusleak %22,5 izan ziren, eta gaztelaniazkoak, %77,5. ETBko lau kateek lurreko telebista digitalaren %11,5eko ikusle kuota bereganatu zuten; %2,6 izan ziren euskarazko edukien ikusleak (ETB1 eta ETB3).
Beraz, euskarazko ikusleak ez dira lautik batera iristen ETBn. Urte osoko oreka da hori, baina, astegun batzuetan, gaztelaniazkoikusleak askoz gehiago izaten dira. Herenegun, adibidez, desoreka esanguratsua izan zen: El conquistador del Pacifico saioak %24,2ko kuota lortu zuen (160.000 ikus-entzule), eta ETB2k egun osoan %12,3ko batez bestekoa bereganatu. Aldiz, ETB1ek egun osoan %1eko kuota baino ez zuen izan, eta, gaztelaniazko reality-a ematen ari ziren orduan, Camera obscura filmak %0,3ko kuota izan zuen (2.000 ikusle). Asteburuetan, ETB1en pisua handitu egiten da; batik bat, pilota partidei esker.
EITBren webean bisitatutako orrien %9 dira euskarazkoak
2016tik 2018ra, euskarazko edukien bisitak %20 hazi dira. Euskarazko kontsumoa ETBn %22,5 da, eta EITBko irratietan, %54
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu