Azkeneko hilabeteetan EITB taldean landu duten egitasmo berri batek urtarrilaren erdialdean ikusiko du argia: Guau audio plataformak. EITBren administrazio kontseiluko kideei egitasmo horren berri eman zieten atzo. Plataforma berri horrek bilduko du EITBko audio eskaintza osoa: irratiak, podcasta, audio liburuak eta beste erakunde batzuekin landuko dituzten audio egitasmoak.
Maite Goñi EITBko Irrati eta Audio zuzendariak BERRIAri azaldu dio plataformak «publiko berria erakartzea» izango duela helburu nagusietako bat. «EITBren aldetik apustu oso sendoa dago plataformetan, audientzia berrietara iristeko; bereziki, euskaraz. Oso argi dago euskararen aldeko apustu sendoa egingo dugula».
Iazko irailean, EITBk Primeran plataforma jarri zuen martxan; aurtengo apirilean iritsi zen Makusi, haurrei zuzendutako plataforma; Orain informazio zerbitzua ere abiarazi zuen taldeak; eta urtarrilean ikusiko du argia Guau audio plataformak. «Guau EITBren ekosistema digital berria borobiltzera dator», azaldu du Goñik. Duela egun gutxi berritu dute, halaber, Gaztearen webgunea.
Goñik, era berean, zehaztu du EITBren eskaintza zabaltzea bermatu nahi dutela: «Teknologia teknologia da, baina horren atzetik dagoena gure ekoizpena, gure edukiak, eta horiek jende gehiagorengana iristea nahiko genuke». Haren ustez, irratiak publiko jakin batengana iristen dira gaur egun. «Eta beste publiko bat dago bestelako gailuetan eta kontsumo moduetan. 'Nik nahi dudana entzuten dut nik nahi dudanean', eta hori eskainiko dugu».
Guau izenari dagokionez, hainbat aukera izan zituzten buruan. «Baina zerbait gogorarazteko erraza nahi genuen». Gure audioa hitzen hasiera hartu dute izena osatzeko. «Modu bat da gure asmoak zabaltzeko, publiko berriengana iristeko: modu berria eta freskoa».
Jon Garate kaleratu dute
Beste alde batetik, administrazio kontseiluko bilea berean, EITBko zuzendari nagusi Andoni Aldekoak atzo jakinarazi zuen Jon Garate Primeran plataformako eduki arduradun eta ETBko arlo burua kaleratu dutela. Harekin «konfiantza galdu» dutela adierazi du Aldekoak. Gaineratu duenez, datorren hileko administrazio kontseiluko bileran jakinarazi zein izango den Garateren tokia beteko duen pertsona.
EITBko arduradunek Euskal Telebistako datozen hilabeteetako programazioaren berri ere eman dute administrazio kontseiluan. Aste honetako aldaketa nabarmenetako bat izan da ETB1eko gauen ordutegi aldaketa: Mihiluze 20:50ean hasten da orain, eta prime time-ko saio nagusiak 21:45ean. Esaterako, Klaudio Landak aurkezten duen 11 Entzuteko saioa 21:45ean emango dute gaurtik aurrera. Ane Gabarain aktorea eta Pello Reparaz musikaria elkarrizketatuko dituzte gaurko saioan. Biba zuek saioan ere elkarrizketatuko dute gaur arratsaldean Reparaz.
Hain zuzen ere, 11 entzuteko programa amaitzen denean, ETB1ek Zetak, hau ez da kontzertu bat dokumentala estreinatuko du gaur, 23:05ean. Mitoaroa izeneko ikuskizun berezia ari da prestatzen Reparaz eta Zetak taldea —Iruñeko Nafarroa Arenan eskainiko dute, urtarrilean—. Baina horren aurretik, irailean, Unanun (Nafarroa) kontzertu berezi bat eman zuen taldeak; Aaaztiyen azken lanaren inspirazio ere bada Sakanako Unanu herria. Gaurko dokumentalean, Reparazek bere intimitatearen ateak ireki, eta alde pertsonal eta profesionalean izan dituen hainbat gorabehera kontatuko ditu. Haren lankideak, senideak eta lagunak ere azalduko dira. Unanun eman zuten kontzertuaren prestaketa lanen irudiak ikusiko dira, baita ondorengo momenturik ikusgarrienak ere.
Dokumental hori Primeran plataformara iritsiko da abenduaren 4an.