EITBren elkartasun maratoiak asteak daramatza askotariko ekitaldiak antolatzen eta bideoak zabaltzen. Baina egun bat izaten da maratoiaren klimaxa, eta gaur izango da egun hori. EITBren Bilboko egoitzan dei gune berezia jarriko dute, eta 09:00etan hasiko dira deiak jasotzen. Herritarren deiak jasotzen 150 lagunek baino gehiagok parte hartuko dute.
Minbiziaren ikerketaren aldeko dohaintzak eta ekarpenak egiteko deia egin die EITBk herritarrei. Telefono dei bidez, banku transferentzia bidez eta Bizum bidez egin litezke diru ekarpenak. Telefono bidez ekarpenak egiteko aukera egongo da bihar eta etzi ere. Bideoak bidaltzen jarraitzeko deia ere egin dute.
Bestetik, elkartasun maratoiari bultzada emateko, hamasei orduko lasterketa solidario etengabea antolatu dute. Xabier Salillas atletaren laguntza izango dute horretarako. Hain zuzen ere, Salillas 09:15ean irtengo da EITBren Bilboko egoitzatik, irrati-telebista publikoaren kiroletako taldeko zenbait kiderekin. Bilboko beste toki batzuetan, hainbat talde, ikastetxe eta elkarte batuko zaizkie lasterketara. Proba zuzenean jarraitu ahal izango da EITBren webgunean eta Youtubeko kanalean.
Saio bereziak gauean
EITBk egun osoan emango du elkartasun maratoiaren berri irratietan, telebistetan eta Internet bidez, egun handia baitu gaur maratoiak. Gauean, berriz, saio bereziak egingo dituzte ETB1en eta ETB2n. Euskarazko katean, Miren Nogalesek eta Julen Telleriak Gora Bihotzak! berezia aurkeztuko dute, 22:15ean hasita —datorren astetik aurrera astean behin emango dute programa—. ETB2 katean, berriz, Esto no es normal programaren edizio berezia egingo dute. Hainbat gonbidatu izango dituzte bi programetan, eta amaieran esango dute zenbat diru bildu duten.
En Tol Sarmiento taldearen Aukera berriak kanta erabili dute aurten elkartasun maratoiarentzat. Abesti hori askotariko ekitaldietara eraman du EITBk. Horrez gain, taldeko kazetari eta aurkezleak azaldu dira abestia kantatzen. Eusko Legebiltzarrean ere kanta hori abesten azaldu dira legebiltzarkideak. Bideoak bidal daitezke oraindik —bideo bakoitzeko 50 euroko ekarpena egiten diote dohaintzen kopuruari—.
EITBk eman duen informazioaren arabera, minbiziak eragiten ditu heriotza gehien Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 2013 eta 2017 bitartean, 70.746 minbizi kasu diagnostikatu zituzten. Elkartasun maratoian jasotako dirua BIOEF fundazioaren bidez bideratuko dute ikerketa proiektuetara.