Luze irauteko asmoarekin hasi zuten DBH umore saioa joan den azaroan, eta, ikus-entzuleen erantzun ona ikusita, baliteke ala izatea. Hainbat irakasleren gorabeherak kontatzen ditu. Horietako bat antzezten du Asier Sota aktoreak (1974, Donostia).
Irakasleek, oro har, kopetilun fama izaten dute. Saioarekin irudi hori aldatu nahian zabiltzate?
Etxe guztietan denetik dago. Nik ezagutu ditut DBH-koen antzeko irakasleak, umore asko dutenak. Saioak irakasle bakoitzaren ezaugarri esanguratsuenak nabarmentzen ditu. Gizartekoa garraztuta bizi da; soinketakoa tonto hutsa da, kirola egitean bakarrik pentsatzen duena... Oso estereotipatuta daude pertsonaiak alde horretatik. Baina saioa oso motza da, 10 minutuko pildoratxoak, eta, horregatik, dena zuzen eman beharra dago. Ikusleak ez du pertsonaiaren izaeraren sakoneko azterketa bat egiteko denborarik.
Umore hutseko saioa da.
Erabat. Helburua une dibertigarri bat pasatzea da, lau barre egitea hamar minututan.
Hilabete pare bat darama martxan saioak. Ikus-entzuleen harrera nolakoa izan da?
Ona, oso ona. Lantaldearen artean behin baino gehiagotan komentatu dugu inori ez diogula kritika txarrik entzun. Batzutan gertatzen da jendeak esaten dizula: «Bueno... bai... ez dakit zer baino hobea zen...». Konparazioetara jotzen dute. Baina saio honekin ez. DBH-rekin jarrera da: «Ikusi nuen saioa; a ze barreak!». Nik oraindik ez dut aurkako iritzirik entzun.
Saioarekin aurrera egiteko nahikoa ilusio duzue, beraz.
Bai, hasteko lana delako eta, bestalde, oso talde polita bildu garelako. Giro ederra dago aktore, teknikari eta arduradunen artean.
Iñigo Urkullu lehendakaria ere irakasle izana da. Noren rolean jarriko zenuke zuk?
Erantzun zaila du horrek. Nik espero dut Urkullu irakasle ona izatea eta dagozkion etxeko lanak ongi egitea.
Ekoizpen eredu berezia du telesailak: kamera bakarra dago, eta hori beti finko. Zer berezitasun du horrek?
Sekuentzia bakoitza jarraian grabatzen da; hala, bi minutu-edo segidan egin behar dira, eta plano bakarretik gainera.Antzerkiaren antz handia hartzen diot nik lan egiteko garaian. Ez da bakarrik testua buruz gogoratzea eta ondo esatea, eszenografia barneko posizioak ere oso garrantzitsuak dira, eta ondo kontrolatu behar dira. Lekuz apur bat mugitzen bazara, gero puntu zehatz batera itzuli behar duzu. Gainera, antzerkian bezala, sekuentzia jarraian egin behar da hasieratik bukaerara, eta, noski, akatsen bat eginez gero osorik errepikatu. Horregatik, sekuentzia bat askotan errepika daiteke; beste batzutan, borobil-borobila ateratzen da berehala.
Bi formatutan lan egin duzu: antzerkian eta telebistan. Zeintzuk dira bakoitzaren ezaugarri nabarmenak?
Hizkuntza ezberdinak dira oso. Antzerkiak artisautzarekin lotura dauka, nolabait. Denbora asko pasatzen duzu prestaketa lanetan. Antzezlana aurkeztera jada bagaje batekin iristen zara, bi edo hiru hilabete entseatzen arituta. Telebista, ordea, oso azkarra da. Edukiak oso kontzentratuta egoten dira, ziztu bizian emateko erakutsi nahi den hori.
Une honetan, DBH saioaz gain, beste zerbaitetan bazabiltza?
Bai, Borobil antzerki taldearekin nabil, Ali baba eta 40 lapurrak lanean murgilduta. Formatu oso berezia du antzezlanak: 3x3 metroko alfonbra bat eta hiru lagun bertan. Beste ezer gabe. Harrera oso ona izan du, eta astebururo herriz herri gabiltza.
Zer eskatzen diozu urte berriari?
Ez dadila asko alda. Urte hau ona izan da niretzat. Egia esan, ez dut asko eskatzen, austeritate puntu hori badaukat. Gutxirekin konformatzen naiz.
Zer lan ez zenuke egingo telebistan?
Ba, adibidez, ez nuke aurkezle lanik egingo. Ez dut neure burua horretan ikusten. Eta, oro har, ez nuke egingo gustura egiten ez dudanik. Oso fidela naiz horretan.Usai ona hartzen badiot, aurrera. Bestela, alde batera uzten dut. Ez naiz dena probatzen duen horietakoa. Agian, batzutan, hanka sartzen dut.
EITBren geroa hizpide da azkenaldian. Nola ikusten duzu zuk?
Inork ez daki zer gertatuko den etxe horretan.Nik espero dut norbait ausarta sartzea eta apustu duinak egitea. Batetik, telebista publikoaren aldeko apustua. Eta, bestetik, euskararen aldekoa, dudarik gabe. Euskal Telebistak euskara hutsean izan behar luke. Nik espero dut berpiztea; hori eskatzen dut.
Krisiak bultzatuta atzerrira ari dira joaten gazte ugari lan bila. Joango ote zinateke zu?
Ez behintzat krisiak bultzatuta. Zerbait gustagarria agertzen bada, orduan bai, baina ez betiko. Niri Euskal Herrian lan egitea gustatzen zait, eta ahalegin guztiak egingo ditut horretarako. Noski, ateak itxi gabe.
Komunikazioa. Asier Sota. ETB1eko 'DBH' saioko aktorea
«EITBn apustu duinak egingo dituen norbait sartzea nahi nuke»
Plastikako irakasle xelebrearen papera egiten du 'DBH' umore saioan, eta ilusioz beteta dago ikus-entzuleen erantzun ona ikusirik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu