EITBko zuzendaritzakoek euskaraz jakin behar dutela exijitu dute

'EITB euskalduna, zuzendaritzatik hasita!' lelopean, elkarretaratzea egin dute EITBren Bilboko egoitzaren aurrean. EITBko lanpostu guztietan bezala zuzendaritza postuetan ere euskara eskakizuna ezarri eta betearazi behar dela adierazi dute 30 eragilek.

'EITB euskalduna, zuzendaritzatik hasita' elkarretaratzea, gaur, Bilbon. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
'EITB euskalduna, zuzendaritzatik hasita' elkarretaratzea, gaur, Bilbon. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
urtzi urkizu
2025eko otsailaren 25a
17:00
Entzun

EITBko ELA, LAB eta ESK sindikatuek eta Aldatu Gidoia mugimenduak deituta, elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean Bilbon, talde publikoak duen egoitza nagusiaren aurrean. Hainbat taldek eta norbanakok bat egin dute protestarekin. Elkarretaratzea egin dutenean, EITBko administrazio kontseiluko kideak iritsi dira egoitzara, han baitzuten bilera. Eta protestaren deitzaileek EITB euskalduna, zuzendaritzatik hasita!manifestua eman diete haiei. Atxikimenduen orria ere eman diete administrazio kontseiluko kideei.

Fermin Zabaltza Aldatu Gidoia mugimenduko kideak gogoratu du haien egitasmoa hedabideetan euskara indartzeko asmoz sortu zela. «Uste dugu EITBk sekulako garrantzia duela gizartea euskalduntzeko lanean, eta rol are handiagoa izan dezakeela». Era berean, garrantzitsutzat jo du EITB barnetik ere euskalduna izatea. Miren Josu Arrazola ELA sindikatuko EITBko ordezkariak azaldu duenez, EITB barnean elkarrizketen erdiak ere ez dira euskaraz —kanpoko enpresa batek egin du ikerketa—. «Lan asko daukagu egiteko etxe barruan. Arduradunek ez badakite euskaraz, ez dute horretan laguntzen».

Nagore de los Rios EITBko Social Media eta Eitb.eus-eko zuzendari hautatu zutenean, EITBko erredakzio kontseiluek, langile batzordeek eta Euskara Batzordeak salatu zuten «gutxietsi» egin zela euskara eskakizuna. Aldatu Gidoia elkarteak jakin zuen zuzendaritzako beste bi karguduni ere ez dietela C1a eskatu. EITB Mediako zuzendari Jose Luis Roman —lehen beste kargu bat zuen— eta EITBko zuzendari komertzial Ruben Irisarri dira beste biak. «Oso larria iruditzen zaigu. Atzerapauso bat da», dio Zabaltzak.

ELAko ordezkariaren arabera, lan hitzarmenak langileen baldintzak jasotzen ditu, eta ez zuzendaritzarenak. «Baina badugu gordea 2000. urteko dokumentu bat, eta zuzendari nagusiari EGA tituluaren pareko eskakizuna ezartzen zitzaion. Euskara plan bat dugu, zuzendaritzak parte hartu zuen hura lantzen, eta planaren helburua da EITBn euskara sustatzea eta proaktiboki jokatzea». Euskaraz ez dakiten arduradunak izendatzen ari dira, ordea. «Lantaldeari inposatu egiten diote gaztelaniaz hitz egitea». ELAko ordezkariak argi du: «Langileek euskara eskakizuna izan behar dute, noski. Baina zuzendariek eta arduradunek ere bai». Gogoratu du berriki egonkortze prozesu bat egon dela. «Euskara eskakizuna zorrotz bete behar izan da, behar duen moduan». Ez da hala izan, ordea, zuzendaritzako hiru kargudunekin.

'EITB euskalduna, zuzendaritzatik hasita' elkarretaratzea EITBren egoitza aurrean
'EITB euskalduna, zuzendaritzatik hasita' elkarretaratzea egin dute Bilbon, EITBren egoitza aurrean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Duela egun batzuk Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak esandako hitzak gogoratu ditu Zabaltzak: «Lehendakariak esan du hizkuntza gutxitua dela, eta oldarraldi judiziala ikusita ez dutela onartuko atzerapausorik esparru publikoan. Ba, EITBn ikusi dugu hau atzerapauso bat dela, eta ez da epaiketen eskutik iritsi».

Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak EITBko administrazio kontseiluan adierazi zuen orekatu egin behar dituela «profesionala eta hizkuntza». Aldatu Gidoia taldeko ordezkariaren iritziz, «euskararen etsaiek» planteatzen duten «dilema faltsua» dago hor: «Zer nahi duzu, mediku euskalduna ala mediku ona? EITBn profesional ona izateko, ezinbestekoa da euskaraz jakitea. EITBren helburu nagusietako bat euskara sustatzea da; batetik, kargudun horiek behartuko dituzte inguruko guztiak eguneroko lanean gaztelaniaz hitz egitera; eta, bestetik, nola izango da gai euskaraz ez dakien norbait edukiak egokiak diren ala ez ebaluatzeko, euskara egokia duten ala ez erabakitzeko... horren guztiaren doikuntza ezin du egin euskaraz ez dakien norbaitek. Absurdoa da».

Arrazolaren iritziz, euskara egoera «oso zaurgarrian» dago Euskal Herrian. Kezkaz mintzatu da. «EITB komunikabide publikoa izanda, bestalde, botere politikoak indar handia du. Boterean dauden alderdi politikoen artean banatzen dituzte postuak. Eta, azkenean, gauden egoera honetara ekarri gaitu horrek. Ondorio bat hau da».

LAB sindikatuko EITBko ordezkari Eider Jauregik «oso ontzat» jo du protesta: «Ikaragarri poztu gaitu EITBko langileek deialdiari eman dioten babesak. Langile asko jaitsi da elkarretaratzera, eta askok erakutsi dute ez daudela ados gertatzen ari denarekin». Beste alde batetik, euskalgintzak emandako laguntza nabarmendu du LABek: «Euskalgintzarekin eta euskaltzaleekin elkarlanean egindako deialdi bat izan da, eta etorkizunerako lankidetza bide berriak urratu ditugu honi esker. EITBko langileok euskalgintza behar dugu, eta uste dut euskalgintzak ere behar dituela EITBko langileak, EITB nahi dugun bidean jartzeko».

Aldatu Gidoia elkarteko ordezkariak «pozik» azaldu dira deialdiak izan duen harrerarekin. «Oso denbora gutxirekin prestatu dugu, berehalako erantzun bat eman nahi genuelako. Ikusi dugu sindikatuak oso mobilizatuta daudela gai honen inguruan, eta bide judizialetik ere jo nahi dutela. Beharrezkoa da protesta iraunkorra egitea, justiziazkoa dena lortu arte; kasu honetan, zuzendaritzakoak euskaldunak izan arte». Iazko maiatzean manifestazio bat egin zuen Aldatu Gidoia elkarteak, Gasteizen. «Ordutik, egoerak okerrerantz egin du. Gu ez gaude EITBren aurka: guk EITBri lagundu nahi diogu bere jatorrizko helburuei heldu diezaien. Nazioarteko filmak euskaraz ez emateko erabakiarekin ere ez gaude ados, eta euskaltzaleok borrokan jarraitu beharko dugu».

Jauregiren iritziz, izendapenekin sortu den «harrabotsa» ez zuten espero EITBko zuzendaritzakoek. «Honek guztiak, hurrengo erabakiak hartzen dituztenean, pentsaraziko die ezin dutela orain bezala jokatu. Langileok, euskalgintza, eta gizartearen parte handi bat ez daude ados EITBren zuzendaritzaren erabaki horiekin».

'EITB EUSkALDUNA, ZUZENDARITZATIK HASITA' PROTESTARI ATXIKIMENDUA EMAN DIOTEN ERAGILEAK:

  • EITBko erredakzio kontseilua.
  • 'Eitb.eus'-eko erredakzio kontseilua.
  • EITBko Euskara Batzordea.
  • EITBko langile batzordeak.
  • Hizkuntza Eskubideen Behatokia.
  • Steilas sindikatua.
  • AEK.
  • Euskal Herrian Euskaraz.
  • Gazte Euskaltzaleon Sarea.
  • Pantailak Euskaraz.
  • Euskal Eskola Publikoaz Harro topagunea.
  • Ikastolen Elkartea.
  • Sortzen.
  • Ahotsenea.
  • Hau Pittu Hau.
  • Administrazioan Euskaraz taldea.
  • Arnas Dezagun taldea.
  • Aintzat Osasungintza Euskalduntzeko Mugimendua.
  • Jardun euskara taldea.
  • Zaparraie euskara taldea.
  • Irunabar Irungo bertsoaren bilgunea.
  • Gizabanakoen eta Gizarte Eskubideen Babeserako Elkartea.
  • 'Borrokan' aldizkari anarkista.
  • Naziogintza taldea.
  • Legazpi 6 euskaltegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.