EITBk Miramonen (Donostia) duen egoitzan, hainbat makillatzaile eta ile apaintzaileren enplegua kolokan da. Hala jakinarazi du ELA sindikatuak, eta ohartarazi du zerbitzua azpikontratatzean EITBk ez duela subrogazio betebeharra txertatu, eta Imagenmania enpresak ez duela hori bermatzen; enpresa horren esku egongo da makillatzaileen eta ile apaintzaileen zerbitzua apirilaren 14tik aurrera.
Horrenbestez, ELAk deituta, «subrogazio eskubidearen alde eta lan baldintzak hobetzearen alde», greba mugagabeari ekingo diote langileek hilaren 25ean.
Enpresa berriak ez du langileak subrogatzeko borondaterik azaldu, ELAren aburuz, eta langileen lanpostuak «kolokan» daude.
EITBk ez zuen subrogatzeko beharra aipatu zerbitzua adjudikatzeko prozesua martxan jarri eta pleguak prestatzerakoan. «Alde batetik, harrigarria da, ikusita prest dagoela egoera berean dauden eta lan zentro berean aritzen diren beste azpikontrata batzuekiko eskubidea bermatzeko. Bestetik, akats larria da, langile talde horri aplikagarria zaion EAEko akordio markoak espresuki jasotzen baitu subrogazio eskubidea», adierazi du ELAk.
Sindikatuak jakinarazi du bilerak izan dituztela enpresa berriarekin, zerbitzua utziko duen enpresarekin eta EITBrekin. «Eta ez dute egin langileen subrogazioa bermatzen duen proposamenik». ELAren aburuz, aplikazio hitzarmenak ezartzen duen derrigorrezkotasuna urratzeaz gain, gatazka ebazteko «borondate falta argia» erakusten du jarrera horrek.