Azkeneko urteetan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan administrazio publikoan egonkortze prozesuak izan dira, legeak hala aginduta. EITB taldean, ordea, langileen ordezkariek salatu dute hainbat gabezia daudela, eta kritikak egin dizkiote zuzendaritzari. «Benetako negoziaketa orain! Langileoi errespetua» lelopean, elkarretaratzea egin dute gaur, Bilbon, EITBren administrazio kontseiluko bilera hastear zela, eta haien eskaerak jasotzen zituzten oharrak banatu zizkieten ordezkariei.
«Gauza asko gertatu dira lan hitzarmena negoziatu gabeko hamabost urteetan», salatu dute ohar bateratuan ELA, LAB eta ESK sindikatuetako EITBko ordezkariek. «Ikus-entzunezko komunikazioaren mundua aldatzen ari da, eta horrekin batera, gure lan errealitatea ere bai. Baina atal asko zaharkituta dituzten lan hitzarmenak ditugu oraindik ere; zuzendaritzak muturreraino bihurritu ditu, eta negoziazio kolektibo oso baterako eskubidea ukatu digute».
Langileen ordezkariek diote ezin dutela soldata igoera negoziatu. «Lakuakoek inposatzen digute. Eta haiek inposatzen digute egungo erronkei aurre egiteko zenbateko lantaldea behar dugun ere. Horrez gain, zuzendaritzak lanpostuen definizio berria zehazteko lana kanpoko enpresa baten uztea erabaki du, eta horrek guztiz baztertzen du soldatak berrikustea». Langileen ordezkariek salatu dute negoziaziorako ateak itxita daudela datozen bi urteetarako.
Gainera, sindikatuetako ordezkariek salatu dute hainbat kolektibori lan txandak etengabe aldatzen dizkietela EITBn. «Garapen profesionalerako aukerak ukatzen zaizkie, eta guztiok uste dugu ez dagoela interesik negoziazio oso bat egiteko».
EITBko langile batzordeek talde publikoaren zuzendaritzari bi aldeen artean adostutako negoziazio bat eskatu diote, «urte hauetan eskatutako gai guztiak barne hartuko dituena, ezer kanpoan utzi gabe». Egoeraren inguruan oso kexu dira langileen ordezkariak: «Zuzendaritzaren gelditasunak konpontzen zailak diren egoerak sortu ditu, eta ekiteko ordua da».