EITBko Euskara Batzordeak kezka eta gaitzespena adierazi ditu azkeneko hilabeteetan EITBren zuzendaritza postuetarako egin dituzten hautatze prozesuak direla eta, «gutxietsi egin baita euskaraz jakiteko eskakizuna»: C1 mailarik ez duten hiru pertsona hautatu dituzte hiru «postu garrantzitsu» hartzeko.
![341870cbf1159546 341870cbf1159546](/uploads/s1/70/97/73/3/341870cbf1159546_49_1000x666.jpeg)
Batzordeak gogoratu du EITBren zuzendari nagusiaren eskumena dela zuzendaritzako kideak hautatzea eta izendatzea. «Horren bitartez, EITBren historian ez dira gutxi izan euskaraz jakiteari begiratu ez zaion kasuak». 2013. urtea mugarritzat jo du batzordeak, orduan onartu baitzen EITBren lehen euskara plana. «Ordutik hona izan diren euskara plan guztietan, EITBk konpromiso irmoa agertu du euskararen sustapenarekin, eta zuzendaritza nagusiak kontsekuenteki jokatu izan du».
Konpromiso horren erakusgarri, 2023-2027ko euskara planean bi helburu nagusi ezarri zituzten —Euskara Batzordeak, EITBko zuzendaritzak eta langileen ordezkariek adostu zituzten—: EITBren barnean euskararen erabilera sustatzea maila guztietan; eta EITBk euskal gizartearen aurrean «proaktiboki» jokatzea euskararen sustapenean.
Aurreko planean, EITBko lanpostu guztiei euskara eskakizuna egokitu zitzaien. Batzordearen arabera, eskakizunak 2014tik aplikatu dira langile berriak hautatzeko prozesuetan; baita 2022-2024ko egonkortze prozesuetan ere. «EITBtik kanpo geratu dira, enpresan ibilbide luzea izan arren, euskara maila egiaztatu ez duten hainbat langile». Hala gertatu da urte luzez Radio Euskadin lan egin izan duten kazetari batzuekin.
Testuinguru horretan, EITBren zuzendaritzak euskaraz C1 maila eskatu du zuzendari berriak hautatzeko azken urteetako deialdietan, lantaldeko langileen eskakizunen parean. «Hiru postu garrantzitsutan, ordea, hautatutakoek ez dute betetzen baldintza hori: EITB Mediaren zuzendaritza, zuzendaritza komertziala eta EITB Social Mediaren eta Eitb.eus-en zuzendaritza», zehaztu du batzordeak. Azken ardura hori betetzen duena, hain zuzen, abenduan izendatu zuen zuzendaritzak: Nagore de los Rios. Izendatze horren aurkako kritika zorrotzak egin zituzten urtarrilaren 16an EITBko erredakzio kontseiluek.
Eskatzen diren baldintzetan urraketa gehiago badirela salatu du EITBko Euskara Batzordeak: «Atera berri diren deialdietan, atzeranzko urrats handiagoa egin da, ez baita C1 mailarik eskatzen. Baldintza 'gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez jakitea' da, gehiago zehaztu gabe». Lansarean-en wegunean, adibidez, Primeran plataformako edukien arduradunaren lan deialdia zabaldu zuten duela egun batzuk; betekizunen arloan, «euskara eta gaztelania maila altua; ingelesa baloratuko da» zegoen jasoa hizkuntzei zegokienez.
Egoera salagarria dela esan du EITBko Euskara Batzordeak, euskara planean ezarri ziren helburuak «zapuztu» egin direlako: «Batetik, euskaraz moldatzen ez den taldeburu batek gaztelaniaz eginarazten ditu bere talde barruko harremanak, eta gaztelania ezartzen du bere ardurapeko gaien kudeaketan. Bestetik, EITBk euskara gutxietsi eta baztertzen duen irudia zabaltzen da gizartearen aurrean».
EITBko, ETBko, Radio Vitoriako, Radio Euskadiko, Euskadi Irratiko eta Gazteako eta EITB.Net-eko langile batzordeek bat egin dute euskara batzordearen adierazpenarekin. Bat egin dute taldeko hedabide guztien erredakzio kontseiluek ere. EITBko organoen erabakietan atzera egiteko eskatu diote horiek guztiek zuzendaritzari, «eta berriz abiarazteko prozesuak euskara kolokan utzi den postu guztietan, EITBko lanpostu guztietan bezala, maila akademikoari dagokion euskara betekizuna ezarriz eta betearaziz».
Andoni Aldekoaren erantzuna
EITBren administrazio kontseiluak bilera egin zuen atzo, Bilbon. Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiari galdetu zioten auziaz, eta hark erantzun zuen zuzendaritza postuetarako ez dagoela euskara eskakizunik. «Gu saiatzen gara euskaldunak lortzen zuzendaritzarako, baina beti ezin da», adierazi zuen, euskaraz. «Erabakietan oreka izan behar dugu profil profesionalaren eta hizkuntzaren artean. Gauza bat argi dago: euskara errespetatzea izan behar du helburuak eta espirituak». Nabarmendu zuenez, zuzendari batzuek ez dute euskara eskakizunik, «baina esperientzia profesional izugarria» dute. «Sentitzen dut orekatu behar dudala profesionala eta hizkuntza».
Euskararen aldeko apustuaz ere mintzatu zen EITBko zuzendari nagusia: «Etxe honetan euskara erdigunean dago, eta zuzendaritza guztiak beteko du betebehar hori. Baina batzuetan gauza batzuk galtzen ditugu beste gauza batzuk irabazteko. Garrantzitsua da zuzendaritzako guztiek argi izatea euskara erdigunean dagoela; eta hori beteko dugu. Ahaleginak egingo ditugu zuzendaritzako partaide guztiek euskaraz jakin dezaten. Beteko dugu hori».