EITBko 200 langile arituko dira Tourraren etapen emanaldietan

Ander Izagirreren 'Mallot horia, Bilbotik Baionara' dokumentala estreinatuko dute hilaren 29an

EITBk Frantziako Tourrean egingo duen jarraipenaren berri emateko, aurkezpena egin zuten atzo Bilbon. EITB.
urtzi urkizu
2023ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Frantziako Tourraren lehen hiru etapetan EITBk ahalegin handia egingo du. Bilbotik, Donostiatik eta Baionatik irtengo dira lehen hiru etapa horiek, eta talde publikoak hedatze plan berezia prestatuko du: 200 langile baino gehiago arituko dira beharrean lasterketa emateko —haien artean 40 kameralari eta 50 kazetari—. Gainera, hamahiru unitate mugikor erabiliko dituzte zuzeneko emankizunak egiteko.

EITB hedabide laguntzailea izango da Tourraren lehen hiru etapa horietan. Txirrindularitza lasterketaren antolakuntzarekin elkarlanean arituko da.

Esate baterako, hilaren 29an txirrindulari taldeen aurkezpen ofiziala Bilboko Guggenheim museoan egingo dute. Munduko 200 herrialdetan ikusiko da Euskal Telebistaren seinalea, eta horretarako bost unitate ibiltari erabiliko dituzte. Xabier Usabiaga arituko da aurkezle lanetan.

Hilaren 30ean, berriz, ETBko albistegiak Deustuko Unibertsitateko kanpoaldean egingo dituzte, han jarritako plato batean. EHUren Bizkaia Aretoko terrazan beste set bat prestatuko dute, eta han egingo dituzte ETB2ko En Jake eta Nos echamos a la calle programak.

Uztailaren 1ean, 2an eta 3an, ETB1ek On Tour saio berezi eta luzea egingo du: 12:00etatik 18:30ak arte, lasterketaren zuzeneko emanaldia eskainiko dute. Analisiarentzat tartea ere izango dute. ETB1en Gaur Egun albistegia ematen ari den orduan, bestalde, lasterketa ETB2n ematen arituko dira. Lasterketaren kontakizuna Fermin Aramendik, Xabier Usabiagak, Pedro Mari Goikoetxeak eta Alfonso Arroiok egingo dute.

Uztailaren 3an, Baionatik egingo dute On Tour saioa, 13:00etatik 18:15era. Biba zuek! arratsaldeko magazina ere Lapurdiriko hiriburutik aurkeztuko dute egun horretan Xabier Sukiak eta Maddalen Arzallusek.

Euskadi Irratiak eta Radio Euskadik ere lasterketa zuzenean emango dute uztailaren 1ean, 2an eta 3an. EITBk, gainera, Instagram sare sozialean minutuz minutuko kontakizuna egingo du InstaLive bidez. Eta egun horietan sortzen diren eduki guztiak EITBren webgunean jarriko dituzte.

Bestelako edukiak ere bai

Tourraren bueltako bestelako edukiak ere zabalduko ditu datozen asteetan EITBk. Ander Izagirre kazetariak, esate baterako, Mallot horia, Bilbotik Baionara dokumentala egingo du, eta hilaren 29ko gauean estreinatuko du ETB1ek. Euskal Herrian egingo diren hiru etapetako leku esanguratsu eta bide zailenak aztertuko ditu Izagirrek, eta garai batean Tourrean parte hartu zuten txirrindulariekin hitz egingo du: besteak beste, Miguel Mari Lasa, Julian Gorospe, Marino Lejarreta, Fede Etxabe, Iban Mayo eta Joane Somarriba elkarrizketatuko ditu.

Beste alde batetik, aste honetan bertan Tandema podcasta estreinatu du EITBk. Mikel Astarloza txirrindulari ohiak egiten ditu aurkezle lanak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.