Podcastak

EITBk 'Nerabeen garrasia' bideopodcasta estreinatuko du gaur

Gazteak zaurgarri egiten dituzten elementuak aztertuko dituzte bideopodcastean Telmo Lazkanok eta Maitane Ormazabalek. Saioak 22 atal izango ditu.

'Nerabeen garrasia' podcastaren aurkezpena, herenegun, Donostian. EITB
'Nerabeen garrasia' podcastaren aurkezpena, herenegun, Donostian. EITB
urtzi urkizu
Donostia
2024ko maiatzaren 16a
05:00
Entzun

Nerabeek egungo gizartean bizi duten zaurgarritasunaren adibideak eguneroko ogia dira, areago pandemia osteko aroan. Aldaketa garaian dauden gazteen antsietate, ezinegon edota elikadura nahasmendu kasu gehiago azaleratu dira. Zergatiak asko izan litezke, eta ez denak nerabeei dagozkienak. Hausnarketa horri bide emanez, nerabeen osasun mentalaren gaiari irudiz eta audioz helduko dio EITB taldearen Nerabeen garrasia bideopodcastak —22 atal izango ditu—. Gaur estreinatuko dute aurreneko atala. EITB Podkast atarian entzun ahalko dira atalak, eta EITBren Youtubeko kanalean ikusi.

Telmo Lazkanok eta Maitane Ormazabalek gazteak zaurgarri egiten dituzten elementuak landuko dituzte; tartean, Interneteko sare sozialak, bullying-a, antsietatea, balioak, elikadura nahasmena, identitatea, neurologia eta autoestimua. Adibide batetik abiatuta eta gai horien bueltan kalean dagoen pertzepzioan oinarrituta, hausnarketa eragitea eta egonezinaren iturburuan sakontzea izango dute helburu Lazkanok eta Ormazabalek. Podcastaren gidariek eskarmentua dute hezkuntzan, terapeuta gisa. Hain zuzen ere, Nerabeen garrasia. Osasun mentala aldaketa garaian izeneko liburua eman zuten argitara iaz.

OnTime ekoiztetxeak parte hartu du bideopodcastaren ekoizte lanean, eta emanaldiaren ekoizlea Joxe Felipe Auzmendi da. Podcasta asteartean aurkeztu zuten, Donostian, Miramongo egoitzan.

'Sara eta Paulen abenturak'

Sara eta Paulen abenturak podcastaren bigarren denboraldia estreinatu berri du EITBPodkast atariak, Sara eta Paul trasnformerrak izenburupean. Bi pertsonaia nagusi ditu: Sara, neska itsua, goi mailako gaitasuna duena eta lagunkoia; eta Paul, eskolan bullyng-aren biktima den mutikoa eta hitz-totela. Guraso dibortziatuen seme bakarra da, mutil dibertsiozalea eta baikorra. Bizikidetza inklusiboa bultzatzeko helburuarekin sortutako edukia da soinu fikzioa. 6-13 urte bitarteko entzule gazteak eurekin identifikatzea lortu nahi du EITBk, eta gizarteak normalean ezartzen dituen «arrakasta ereduetatik urruntzea». 

"Sara eta Paul transformerrak" soinu fikzioa.
Sara eta Paul transformerrak soinu fikzioa. EITB

Bigarren denboraldian, Sara eta Paul nerabezaroan murgilduta daude. Esperientzia eta erronka berriak bizitzearekin batera, lagun berriak dituzte: Izar eta Mario ezagutu dituzte udan; Mario Brasilgoa da, mutiko beltza, eta Izar gitarrista eta abeslaria. Lau lagunek musika talde bat sortzeko ametsa dute, Gazteako Udako abesti onena lehiaketan parte hartu ahal izateko. 

Iñaki Beraetxek, gidoia sortu eta podcasta zuzentzeaz batera, ahotsa jarri dio pertsonaia bati. Aktore taldean daude, halaber, Lorea Intxausti, Itziar Urretabizkaia, Mikel Fernandez, Aintzane Gamiz, Kepa Errasti, Ainhoa Aierbe, Marga Altolagirre, Joxe Felipe Auzmendi, Maider Gorostegi, Carlos Ngema, Mikel Garmendia, Danae Riaño eta David Errasti. Musika, bestalde, Danae Riañorena da. 

Sara eta Paul Transformerrak OnTime ekoiztetxeak eta Azimuth faktoriak ekoitzi dute EITB Podkast atariarentzat. Hamabi ataletan banatuta dago, eta ostiralero sareratuko dute atal bakoitza.

Joan den astean, gainera, EITB Podkast atariak gazteentzako Eden soinu fikzioa estreinatu zuen. Bigarren atala sareratu dute aste honetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.