EITBk makina bat proiektu ditu esku artean

Datozen hilabeteetan, Guau audio plataforma estreinatuko du talde publikoak, 'Eitb.eus' webgunea berrituko du, eta obrak hasiko ditu Donostian eta Gasteizen.

EITBko unitate ibilitari berria. AITOR KARASOTORRE / FOKU
EITBko unitate ibilitari berria. AITOR KARASOTORRE / FOKU
urtzi urkizu
2024ko uztailaren 12a
05:00
Entzun

Hainbat berrikuntza aurkeztu ditu azkeneko hilabeteetan EITB talde publikoak: tartean, Primeran eta Makusi plataformak, eta Orain Albisteak marka. Uda ostean, berriz, ez dira gutxi izango martxan jarriko dituen egitasmoak. Esate baterako, datorren denboraldian jarriko du abian Guau audio plataforma. Urtea amaitu baino lehen aurkeztu nahi dute.

Maite Goñi EITBko Audio eta Digitaleko zuzendariak iazko otsailean iragarri zuen BERRIAn plataforma hori sortzeko lanean hasiak zirela. EITBren informazio ofizialaren arabera, podcast edukien estrategia finkatuko dute, «Euskadiko audioaren erreferentziazko plataforma izateko» asmoz. Adimen artifiziala plataforman baliatuko dute, EITBren arabera, «transkripzioetan, laburpenetan, etiketak jartzeko lanetan...». Eta funtzionalitate berriak aztertuko dituzte egitasmo horretan. Baita entzuleen datuak bildu eta aztertu ere. Taldeko irratiak eta podcastak bilduko ditu plataforma berri horrek.

Taldearen beste egitasmo bat Eitb.eus webgune berritua izango da. Honako helburu hauek dituzte jasoak webgunearen bueltan: «Esperientzia digitalaren plataforma eta edukien kudeatzailea ezartzea; produktuak pixkanaka merkaturatzea; lan egitura berria osatzea, eta lidergorako promozioa egitea». Pentsatzekoa da orain arte bezala telebista konbentzionaleko kateen zuzeneko emisioa ere webgune horretan ikusi ahalko dela. «ETB Nahieran berria» ere jasoa dago egitasmoen artean.

Gaztea irratiaren inguruan, berriz, «irrati bisuala» indartzen jarraituko dute. Plataforma digital bat izango da Gaztea.eus, eta bertan «ikus-entzunezko luzapenak» izango dituzte.

Kirolek, beste alde batetik, egitasmo propioa izango dute Interneten. Tartean, kirolen eta kluben arabera, komunitate digitalak sortzea dago taldearen asmoen artean. Kirolen inguruan honako hau ere badio taldearen informazio ofizialak: «Eduki digitalak sortzeko estrategia berria [izango du], ekitaldietatik edo albistetatik harago, ibilbide luzeagoa izan dezaten». EITBk Kirolak atalaren irudi eta formatu berria martxan jartzeko asmoa du irailerako. Era berean, «ekitaldiak esparru digitalari gehiago lotzea eta irratira zabaltzea» dute xede. Gainera, talde publikoak iragarri du emakumeen presentzia areagotu eta horretan sakondu nahi duela pantaila aurrean eta atzean.

Miramongo obrak

EITBren Donostiako Miramongo egoitzan azkenaldian langile askoren ahotan dabil obren gaia. Taldeak esana du obra horiek 2025. urtean hasiko direla. Noiz amaituko diren jakitea ezinezkoa da gaur egun. Obra horiek eragina izango dute ekoiztetxeen eguneroko lanean. Kontua da EITBk epe luzerako proiektu bat duela Donostiako auzo horretan: Miramon Faktoria. EITBk iragarria du haren kudeaketa berriz diseinatuko duela.

Mihiluze programa bereziak grabatu dituzte haurrekin ETBn
Miramongo errealizazio gela bat. JON URBE / FOKU

Beste hiriburuetan ere izango dira obrak: Bilboko egoitzan 1.000 metroko plato bat egingo dute. Eta Gasteizen, berriz, egoitza berria egiteko obrei ekingo diete datozen hilabeteetan: Berpizkundearen plazan 2.400 metro koadro baino gehiagoko multimedia erredakzioa irekiko du EITBk 2025ean, telebista, irratia eta baliabide digitalak hartzeko.

ETBk aldaketa gehiago egingo ditu datozen hilabeteetan eta urteetan. Esaterako, ETB3, ETB4 eta ETB Basque kateen «birkokatze estrategikoari» ekiteko asmoa du.

Negozioen garapenari dagokionez, «etorkizuneko lankide komertzialak aktiboki bilatzea» dute xedeen artean. «ETB Originals» estrategia ere iritsiko da. Haur produkzioari eta fikzioari dagokionez, «nazioarteko posizionamenduaren estrategia» landuko dute. Frankiziak sortzea ere negozio garapenaren adarretan jasoa dago. Baita ekitaldien estrategia ere.

Urtea amaitu aurretik, beste berrikuntza bat espero da kontsumitzaile datuei lotua: «Ikus-entzule digitalei buruzko datu berria, EITBren ekosistema digital osotik egunero duplikatua».

Aipatutako egitasmoetan jasoa ez dagoen arren, datozen hilabeteetan EITBk administrazio kontseilua berritu beharko du —Eusko Legebiltzarreko taldeek ordezkari berriak proposatu beharko dituzte—. EITBko zuzendaritzan aldaketarik baden ere ikusi beharko da, baina argi dago Ibone Bengoetxeak EITBko zuzendaritzan betetzen zuen tokia beste norbaitek hartuko duela, bera baita Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu berria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.