Martxan da Guau-Gure Audioa, EITBren audio unibertso osoa eta euskal komunitatearen audio eta podcasten produkzioak eskainiko dituen doako streaming plataforma berria. Entzunezko edukia «modu errazean eta erakargarrian» eskura jarri eta zabaltzeko helburua du EITBren apustu digital berri horrek, «audioaren euskal ekosistema bildu eta bultzatzeko, eta euskara kontsumo berriak dauden lekuetara irits dadila bermatzeko». Jada jaitsi daiteke Guau aplikazioa, doan.
Audioarekin lotutako eskaintza oparoa izango da plataforman: EITBko irratiak zuzenean eta irratsaioak nahieran, aktualitatea klip laburretan, podcastak eta bideopodcastak, audioliburuak, zuzeneko emanaldi bereziak eta eduki esklusiboak eskainiko ditu, «dibertsitatea» oinarri hartuta: formatuari, generoari, gaiei eta kontsumitzeko moduei dagokienez. Edukiak euskarazkoak zein gaztelaniazkoak dira.
Jada aukera dago Guau plataforman EITBren sei irratiak zuzenean entzuteko —Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria, Gaztea, EITB Musika eta Euskal Kantak—; gainera, ehun irratsaio baino gehiago entzun daitezke nahieran. Abiapuntu bezala, 150 podcast baino gehiago eta hemezortzi bideopodcast bildu ditu plataformak, eta katalogoa handituz joango da datozen hilabeteetan. GUAU Originalak deiturikoak ere ez dira faltako plataforma berrian. Informazioa eta aktualitatea, kultura, osasuna eta ongizatea, zientzia eta teknologia, kirola, musika, umorea... Guztira, hamalau kategoriatan bilduko dituzte edukiak.
Estreinaldia ospatzeko, ekitaldi berezia egingo du EITBk gaur, Bilboko egoitzako 5. platoan, 19:30ean. Antton Telleriak gidatuta, musika, umorea eta podcastak zuzenean gozatzeko aukera izango da; tartean, Benetan Zabiz eta Ganbara Negra. Kolaboratzaileek ere hartuko dute parte, eta Mirua taldeak zuzenean joko du. Ekitaldia streaming bidez eskainiko dute Eitb.eus webgunean.
Plataforma berria jada eskuragarri dago Guau.eus webgunean, Play Store eta App Store denda digitaletan aplikazioa jaitsita (Android eta iOS), eta chromecast bitartez (telebistan, bozgorailu adimendunetan). Laster egongo da Hbbtv-etan (botoi gorria sakatuz), eta, hemendik hilabete batzuetara, ibilgailuetan ere bai, sakelakoa sistemaren pantailara konektatuz.
Guau doakoa da, eta, edukiez gozatzeko, nahikoa da erregistratzea. Primeran eta Makusi plataformetako erabiltzaileek ez dute berriz ere erregistratu beharrik, eta zuzenean sar daitezke plataforma horretara beren kontuarekin.
Izan ere, Primeran eta Makusi plataformen ildotik sortutako EITBren marka digital berria da Guau. «Kontsumo berrietara egokitzeko EITBren estrategia sendoan beste pauso bat da», adierazi du EITBk. «Euskal gizartearentzako audio plataforma erreferentzial bat abiatuta, audio eduki digitalen ekoizpen eta banaketaren buru izan nahi du EITBk, eta, oraingoan ere, euskal kultura eta errealitatea guretik harago zabaldu, ahalik eta entzule kopuru handienera iritsita».