Maiatzean, ekainean, uztailean eta abuztuan ETB1ek ez zuen zinemarik eman, film bakar bat ere ez. Irailaren 6an argitaratu zuen datua BERRIAk, eta kritikak egin zituzten orduko hartan Administrazioan Euskaraz eta Zinemak Euskaraz talde euskaltzaleek. Azkeneko asteetan, berriz, ETB1ek emititu ditu pelikula batzuk —gehienak, 23:30ean—. EH Bildu taldeak egoera horren inguruan galdetu du Eusko Legebiltzarrean, eta EITBko zuzendari nagusiak nabarmendu du komunikabide linealean zinema emanaldien kostuak merkatzeko neurri bat dela.
Andoni Aldekoak zera iragarri du idatzizko erantzunean: «EITBn fikziozko eta zinemako edukien liburutegi bat osatzen ari gara, 2023an argia ikusi nahi duen Primeran plataforman eskaintzeko». Plataforma hori elebiduna izango dela azaldu zuen Aldekoak duela hilabete batzuk.
Zuzendari nagusiak adierazi du EITBk une honetan lehenengo emisio leihoa digitala izatea lehenesten duela: «Emisio linealak oso ikus-entzule datu txikiak ditu, eta erreserban du aldi batez».
Era berean, Aldekoak zera ohartarazi du: «EITB euskarazko edukiak lehenesten ari da, eta, politika horri jarraituz, lanean ari da euskal gizarteari alternatiba bat eskaintzeko zinema eta fikzio kontsumo masiboaren arloan, batez ere plataformetan».
Ez da hori gertatzen gaztelaniazko zinemarekin. ETB2k batez beste hilean 30 film inguru ematen ditu. Gainera, EITB Nahieran plataforman askoz film gehiago ikus daitezke gaztelaniaz euskaraz baino; astez aste ETB2n emititzen dituzten pelikuletako batzuk Interneteko plataforman gaineratzen dituzte.
Administrazioan Euskaraz taldearen iritziz, EITBk EH Bilduren galderari emandako erantzuna «lausoa» eta «zehaztugabea» da, «eta inolako konpromisorik gabekoa».
Zinemak Euskaraz herritar taldeak —Pantailak Euskaraz-eko partaidea da— Aldekoaren erantzunen aurrean adierazi du egoera «negargarria» dela. «Berriro ere, ikusi dugu euskara ez dagoela EITBren erdigunean; ez dago primeran, eta, gainera, argi adierazten dute erreserban daukatela».
ETBk lagundutako lanak
EH Bilduk, beste alde batetik, Eusko Legebiltzarrean informazioa eskatu du jakiteko iaztik hona EITBk eskuratutako filmetatik zenbat diren euskaraz eta zenbat gaztelaniaz, eta jakiteko EITBk parte hartu duen filmen artean zenbat ekoitzi diren euskaraz eta zenbat gaztelaniaz.
Ekainaren 15ean, EITBk eta Ibaia, EPE eta Apika ikus-entzunezkoen elkarteek lankidetza hitzarmena sinatu zuten ekitaldian, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburuak esan zuen azken hamalau urteetan 208 filmetan parte hartu duela EITBk. «208 horietatik 83 eman ditu ETBk euskaraz, eta 70ek izan dute jatorrizko bertsioa euskaraz»