EITBk 25 milioi euro inbertituko ditu ekoizle independenteen lanetan

Egoera berrira egokitutako hitzarmen bat sinatu dute EITBk eta ikus-entzunezkoen ekoizleek

Andoni Aldekoa, Marian Fernandez, Carlos Juarez eta Maria Teresa Ruiz de Austri, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2022ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
EITBk eta Ibaia, EPE eta Apika ikus-entzunezkoen elkarteek lankidetza hitzarmena sinatu zuten atzo, Donostian. «Garai oso berezian gaude, eta helburuak oso garrantzitsuak dira», esan zuen EITBko zuzendari nagusi Andoni Aldekoak. Hitzarmenaren foku nagusiak aipatu zituen: «Euskal ikus-entzunezko edukiek hedapen eta kontsumo handiagoa izateko lan egingo dugu. Kontsumo, formatu eta euskarri berrietara egokitu behar dugu, eta horretara bideratu dugu hitzarmena. Emakumeek sustatzen dituzten proiektuen garapenaren alde lan egitea adostu dugu. Zuzendari, gidoilari nagusi edo ekoizle eragilea emakumezkoa dutenak babestuko ditugu». Euskararen munduan indarrak jarri behar dituztela gaineratu zuen Aldekoak: «Kontsumo digital berrietan eskaintza erakargarria egin behar dugu euskaraz. EITBn lan egingo dugu euskarazko bertsioa izan dezaten EITBk lagundutako proiektu guztiek».

Horiek horrela, EITBk datozen lau urteetan 25 milioi euro inbertituko ditu ikus-entzunezko ekoizle independenteen lanetan.

Hitzarmenean, azpimarra berezia jarri dute mota guztietako ikus-entzunezko edukien kontsumoaren hazkunde iraunkorraren eta hedapenaren alde lan egiteko konpromisoan. Eduki horiek denetariko kanaletan zabaldu eta kontsumitu ahal izatea nahiko lukete sinatzaileek, «bereziki plataforma digitaletan». Euskal Herriko errealizadore berriei babesa ematea eta sormen profesionalak ekoizpen independenteetan lan egitea lehenetsiko dute. Euskal ikus-entzunezkoen industria «lehiakorra» indartzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko inbertsioan parte hartzea du helburu hitzarmenak. Nazioarteko koprodukzioen alorra sustatzea adostu dute. Eta lehentasuna emango diote euskal kultura eta euskara nazioartean sustatzeari.

Carlos Juarez EPEko presidente eta ekoizleak parte hartu zuen 2005ean eta 2008an sinatu zituzten lehen akordioetan.Juarezek gogorarazi zuen Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburuak lehen hitzarmen haietan parte hartu zuela.

Zupiria atzoko ekitaldian ere izan zen, eta atzera begiratzeko egun egokia zela adierazi zuen: «2008an, hitzarmena bigarrenez sinatu zenean, Miren Azkarate orduko Kultura sailburuak obligazio bat ezarri zion EITBri, urtero diru sarreren araberako ehuneko bat inbertitzeko ikus-entzunezkoen ekoizle independenteei. Hamalau urte hauetan, 208 ekoizpenetan parte hartu du EITBk». 208 lan horien artean fikziozko film luzeak daude, animaziozko filmak eta dokumentalak, zinema aretoetan estreinatu direnak—208 horietatik 83 eman dituzte euskaraz, eta 70ek izan dute jatorrizko bertsioa euskaraz—.

Marian Fernandez Ibaiako presidenteak, berriz, hausnarketa egin behar dela adierazi zuen: «Erantzukizuna daukagu euskal ikus-entzunezko edukiak eta dibertsitatea defendatzeko. Bide horretan lan egin behar dugu. Halaber, ekoizpen eta kontsumo mota berriei heldu behar diegu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.