EITB taldeak 211.890.673 euroko aurrekontua izan du aurten. Datorren urterako, berriz, 6,7 milioi euroko hazkundea izango duela espero da —218,6 milioi euro—. Hala jasotzen du, behintzat, aurrekontuak; EITBko administrazio kontseiluko kideek aste honetan onartu dute datorren urterako aurrekontu hori. Bestetik, administrazio kontseiluko ordezkariak ere aldatu edo berritu egingo dituzte laster, baina oraindik ez dago datarik horretarako, eta Eusko Legebiltzarraren bi hereneko gehiengoa behar da ordezkariak izendatuak izateko. Talde politiko nagusien arteko negoziazioak izango dira tartean.
Aurrekontuan hainbat datu ageri dira. Deigarriak dira horietako batzuk. Datorren urteko aurrekontuko zirriborroaren arabera, pertsonal gastuak 90,5 milioi eurokoak lirateke, eta funtzionamendu gastuak, ia 110 milioikoak. Ikus-entzunezko obretan inbertsioek, ordea, beherantz egingo dute 2024tik 2025era: 9,25 milioi eurotik 8,7 milioi eurora —550.000 euroko murrizketa—. EITB talde publikoak 1.300 langile inguru ditu, eta soldatetan gastua 67 milioi ingurukoa da. Horretan ez da alde handirik izango aurtengo eta datorren urteko kopuruak begiratuz gero.
Gaztelaniazko hedabideentzat sos gehiago
Funtzionamendu eta pertsonal gastuak batuz gero EITBko hedabide bakoitzak duen kostua jasotzen du aurrekontuak. Horretan jasotzen denez, ETB2 katearen gastua 69,25 milioi eurokoa da. Txikiagoa da ETB1ena: 68,58 milioi eurokoa. Horrenbestez, EITB taldeak 669.990 euro gehiago gastatzen du gaztelaniazko katean euskarazkoan baino. Kontuan hartu behar da, bestalde, ETB1 katean kirolak pisu oso handia duela, eta horretan inbertsio handia egiten duela taldeak. Funtzionamendu gastuak produktuetan taulari begiratuz gero, 2025ean kirolek 10,2 milioi euroko gastua eramango dute, aurten baino milioi erdi handiagoa. Kopuru horrek nabarmen gainditzen du albistegiei eskainitako kopurua: aurten 7,88 milioi euro, eta datorren urtean 853.750 euro gutxiago. ETB4 kateak, bestalde, 75.676 euroko gastua du.
Irratiei dagokienez ere, gaztelaniazkoak gastu handiagoa du euskarazkoak baino: Radio Euskadik 12.787.913 euroko kostua izango du 2025ean —funtzionamendu eta pertsonal gastuak aintzat hartuta—, eta Euskadi Irratiak, 12.215.479 eurokoa. Hartaz, 572.434 euroko aldea dago gaztelaniazkoaren eta euskarazkoaren artean. Gaztea irrati formularen gastuak 2.341.714 eurokoak dira.
Aintzat hartu behar da azkenaldian EITB plataformen aldeko apustua egiten ari dela. Plataforma horietan egindako inbertsioa handitu egingo du taldeak datorren urtean: Makusi plataformak eta klubak 2,6 milioi euroko gastua izan dute aurten, eta 678.873 euro gehiago izango du datorren urtean; Primeran plataformak 4.856.248 euroko gastua izan du produktuetan aurten, eta 202.750 euro gehiago izango du datorren urtean; eta EITBren podcast eskaintzak eta Guau audio plataforma berriak —hilabete gutxi barru jarriko dute martxan— 400.000 euroko inbertsioa izan dute aurten, eta 600.000 eurokoa izango dute 2025ean. Guau izeneko plataforma horrek EITBko irrati guztiak gune berean entzuteko aukera emango du, eta, horrez gain, podcastak eta bestelako audio produktuak bilduko ditu.
Egoitzetako obrak
Datozen urteei begira, Donostiako Miramongo egoitzan eta Gasteizko egoitza berrian obra handiak egingo ditu EITBk. Aurrekontuaren zirriborroaren arabera, honako sos hauek joango dira horietarako: Miramongo proiektuak milioi bat euroko inbertsioa izango du 2025ean, 5,5 milioi eurokoa 2026an, eta 3,5 milioi eurokoa 2027an. Gasteizko egoitza berriaren egokitzeak, berriz, 1,55 milioi euroko inbertsioa izango du 2025ean, eta 1,45 milioi eurokoa 2026an.
Egoitzetako obra guztiak aintzat hartuz gero, EITBk 3,5 milioi euroko inbertsioa egingo du datorren urtean, 7,75 milioi eurokoa 2026an, 5,65 milioi eurokoa 2027an, eta 2,4 milioi eurokoa 2028an. Teknologian ere hainbat inbertsio egingo ditu talde publikoak datozen lau urteetan.