Podcastak

EITB Podkastek 'Eden' soinu fikzioa estreinatuko du gaur

Fikzioa hamabost minutuko sei atalez osatua dago. Astearte goizean sareratuko dute atal bakoitza. Gaztetxoentzat pentsatua dago.

Anartz Zuazua, Oier Aranzabal, Angela Lopez eta Julen Castillo. ULU MEDIA
Anartz Zuazua, Oier Aranzabal, Angela Lopez eta Julen Castillo. ULU MEDIA
urtzi urkizu
Lasarte-Oria
2024ko maiatzaren 7a
05:00
Entzun

Naroa da Eden soinu fikzio berriaren protagonista. Ikasturte hasiera zaila izan ohi da beti, baina Naroarentzat are zailagoa da aurten. Gurasoak banandu eta amak lan berria topatu du Gasteiztik kanpora, enpresa farmazeutiko batean. Hiritik herri txikira aldatu behar izan du Naroak bizitzera. Haserre dago, batez ere amarekin. DBH egingo duen institutua txikia da, eta berria harentzat, beste ikasle guztiek elkar ezagutzen duten arren. Kapitaleko pija deitzen diote, gainera, eta ez da goxoa egoera. Biologiako talde lan bat tarteko, Oierrekin eta Becarekin, aspaldian utzita dagoen lantegi bat nola biziberritzen ari den aztertzera joan dira. Han, Gexan ezagutu dute, animalia itxura hartzeko gaitasuna duen adinkidea. Zientzia fikziozko istorio hori kontatzen du EITB Podkast atariaren soinu fikzio berriak. Gaur estreinatu dute lehen atala, eta hurrengo asteetan asteartero sareratuko dituzte hurrengoak. Hamabost minutuko sei atalez osatuta dago ekoizpena.

Gaztetxoentzat pentsatutako lana da Eden; ikastetxean nerabeen arteko gertakariak jasotzen ditu. Pertsonaia nagusiak Irabazi arte telesaileko hiru aktorek egin dituzte: Sua Enparantzak, Angela Lopezek eta Ibai Ugartek. Haiekin batera, Sara Cozar eta Asier Hormaza aritu dira. Julen Castillok, berriz, animalia bihurtutako Gexanena egiten du (Go!azen-en bi denboralditan aritu zen Castillo).

Eden Ulu Mediak ekoitzi du EITBrentzat. Oier Aranzabalek gidatu du proiektua, eta Xabier eta Martin Etxeberriak egin dute gidoia. Aktore zuzendaria Anartz Zuazua izan da. Musika Rafa Ruedarena da.

'Stranger Things'-en kutsua

Angela Lopez aktoreak Alaitzen rola jokatzen du Irabazi arte telesailean. Erronkatzat hartu du soinu fikzioa: «Ez nuen ezagutzen formatu hau. Inoiz ez nuen lan egin audioarekin soilik. Baina askeago sentitu naiz bikoizketan baino. Hau ez da aldez aurretik dagoen pertsona bati ahotsa jartzea; askatasun handiagoa ematen du, zerorrek lantzen baituzu pertsonaia», esan du lehen atala entzun berritan. «Motza eta polita»  iruditu zaio entzundakoa. «Gazteak entzutera animatzen ditut. Liburuetan gertatzen den bezala izan daiteke, eta irudikatu egiten dituzu irudiak».

'Eden' soinu fikzioaren kartela.
Eden soinu fikzioaren kartela. EITB

Lopezek jokatzen duen pertsonaia ez-binarioa eta etorkina da: Beca. «Gidoi osoa irakurrita, bere identitatearekin erronkak zituela ikusi nuen. Bizitza errealean baditut inguruan erreferenteak ez-binarioak direnak. Kontu handiz eta errespetuz landu dut. Gainera, Beca Guatemalakoa da, eta zaila egin zait». Bestetik, Eden-en bullying-aren gaia lantzen da. «Normatibitatetik ateratzen diren pertsonekiko arrazismoa eta matxismoa ageri ohi da gazteen artean. Institutuetan bullying-a ez da amaitu, argi dago».

Julen Castillori hitz egiten duen animaliarena egitea egokitu zaio. «Bitxia izan da. Nire ahotsarekin egin dut, eta postprodukzioarekin aldatu dute gero. Edizioaren magia». Castillorentzat ere bere lehen soinu fikzioa da. «Eta oso pozik nago. Prozesuarekin gozatu dut». Lopezen moduan, Castillok gaztetxoak entzutera animatu nahi ditu. «Intriga eta misterio handia dauka. Badu zerbait gaztetxoak kateatuko dituena. Arina da, atalak laburrak dira, ez da pisutsua egiten. Polita da irudimena lantzea, norberak bere pelikula sortzea». Aktoreak laburbildu du «bidaia bat» dela Eden, «sentsazio desberdin pila bat» sortzen dituena.

Oier Aranzabal Eden-en zuzendariak azaldu duenez, fikzio berriak badu Stranger Things telesailaren kutsua. «Institutu bateko gazte kuadrilla da protagonista, eta zientzia fikzioa badu. Hitz egiten duen animalia bat aurkituko dute. Gero konturatzen dira ume bat dela animalia bihurtua».

Ulu Media ekoiztetxeko ordezkariak azaldu duenez, Holobiontea fikzioaren bigarren denboraldia ere grabatu dute. «Edizioan sartuko gara laster». Hasitako bideari jarraipena emateko gogotsu daude Ulu Median. «Nahiko genuke euskarazko soinu fikzioa egiten jarraitu. Euskarazko soinu fikzioa estrategikoa da guretzat».

Eden soinu fikzioaren trailerra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.