EITB inputatu dute, goizaldeko musika saioetako iruzurragatik

Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko epaileak hamalau telebista inputatu ditu, ustez egile eskubideekin iruzur egiteagatik

Polizia SGAEren egoitza miatzen, 2017ko ekainean. LUIS MILLAN / EFE.
jakes goikoetxea
Donostia
2020ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Gurpilak EITB ere harrapatu du. EITB ere inputatuta baitago telebisten gurpila deitutako iruzurragatik. Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko epaileak 14 telebista inputatu ditu, horietako asko publikoak, ustez goizaldeko musika programetako kanten egile eskubideen iruzurrean parte hartzeagatik. Epaileak negozioetan egindako ustelkeria delitua egozten die telebistei, talde edo antolaketa kriminal baten bidez egina. Telebistek bost egun dituzte abokatua edo prokuradorea izendatzeko.

Fiskaltzaren salaketa 2016koa da. Salaketa publikoa, lehenagokoa. Hainbat elkartek eta SGAE Espainiako Autoreen eta Editoreen Elkarteko kide batzuek egin zuten salaketa. Baita Anton Reixa musikari galiziarrak ere. Reixa SGAEko presidentea izan zen2012 eta 2013 artean.

Hauek dira, EITBz gain, inputatutako telebistak: RTVE Espainiako Irrati-Telebista, Atresmedia, Mediaset, Andaluziako Canal Sur, Extremadurako Telebista, Asturiasko Irrati-Telebista, Galiziako Telebista, Aragoiko Irrati-Telebista, Balearretako Telebista, Telemadrid, Kanarietako Telebista Publikoa, Gaztela eta Leongo Telebista eta Gaztela-Mantxako Telebista.

EITBk 2017ko ekainean utzi zituen bertan behera goizaldeko musika saioak. Espainiako Poliziak operazioa egin zuen orduan, eta informazioa eskatu zien hainbat telebistari. Espainiako telebista kate pribatuek goizaldeetan musika saioak eskaintzen jarraitzen dute: Telecincok, Antena 3k, Cuatrok eta La Sextak.

SGAEren diru iturri nagusia

Iruzurra gurpil bat izango litzateke: telebisten, SGAEren eta musikarien arteko zirkulu bat. Telebistek hitzartutako diru kopuru bat ordaintzen diote urtero SGAEri, telebistan erabiltzen duten musikagatik. Telebistak dira SGAEren diru iturri nagusia. Diru gehiena, gainera, goizaldeko musika programengatik jasotzen du —%70 2015ean—, saio horiek betelana badira ere eta inor gutxik ikusten baditu ere. %1etik beherako audientziak izan ohi dituzte.

Kontua da nork erabakitzen duen zer eskainiko den goizaldeko musika programa horietan. Sare batek milaka kanta erregistratzen zituen, lehendik sortuta zeuden kantak, jatorrizkoari aldaketarik egin gabe, izena soilik aldatuta edo moldaketa txikiren bat eginda. Beren izenean, senideen izenean edota propio sortutako sozietateen izenean erregistratzen zituzten. Pertsona horietako gehienak ez dira sortzaileak, ez dakite ezer musikaz, baina kantak dituzte beren izenean.

Gero, telebistek edo telebistetako ordezkariek musika ekoiztetxeak sortzen zituzten, kanta horiek erosteko eta goizaldeko saioetan eskaintzeko, horrela egile eskubideen diruaren zati bat jasoz. Norberaren kantak, norberaren telebistan, negozioaren zati bat eskuratzeko.

Hala uste du Ismael Moreno epaileak: «Telebista kateek eskaintzen dituzten kantak erregistratzen badituzte, urtearen bukaeran egile eskubideak kobratu behar dituzte, SGAEri ordaintzen dioten kopurua nabarmen jaitsiz». Zenbat jasoko lukete kasu horretan telebistek? Egile eskubideen %50. Horrela itxiko litzateke zirkulua. Iruzurra ehun milioi eurokoa izan da 2006 eta 2011 artean, epailearen arabera.

Iruzurra egiteagatik ikertuak telebista ekoiztetxeetako langileekin esku hartuta aritu zitezkeela uste du, telebistetako ordezkariek, komisioen truke, goizaldeetan ikertuen errepertorioak eskaintzeko.

Telebisten ardura

Epaileak telebistak inputatu ditu, fiskalaren txostenean oinarrituta. Fiskalak uste du delitua ezingo litzatekeela egin «telebistekin jokabidea hitzartu gabe». «Ikertuekin esku hartuta arituko lirateke, haien [telebisten] parte hartzearen helburua urtero ikertuen errepertorioa erabiltzeagatik SGAEri ordaintzen dioten diruaren zati bat berreskuratzea izango bailitzateke».

Telebistetako arduradunek ba al zekiten hori guztia? Epaileak uste du ikertuek eta telebisten izenean negoziatu zutenek izan dezaketen erantzukizun penala telebistei ere zabaldu behar zaiela, «ez baitzuten protokolorik indarrean jarri edo aplikatu delituak egitea saihesteko». «Musika errepertorioak eskaintzea ahalbidetu zuten», jarraitu du, «ez kalitate, audientzia edo legezko beste irizpide batzuekin, baizik eta iruzur egiteko». Nabarmendu du telebistek ez dituztela tresnak halakoak saihesteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.