EITB taldeko ELA, LAB eta ESK sindikatuek eta Aldatu Gidoia mugimenduak manifestu bat plazaratu dute, eta elkarretaratzera deitu otsailaren 25erako, astearterako, EITBren Bilboko egoitzaren aurrean —16:00etatik 16:30era—. EITBko zuzendaritzari eskatu diote zuzentzeko euskararen eskakizuna kolokan utzi duten postu guztietako prozesuak, «EITBko lanpostu guztietan bezala, zuzendaritza postuetan ere dagokion euskara betekizuna ezar eta betearaz dezatela».
EITB euskalduna, zuzendaritzatik hasita! lelopean egingo dute astearteko mobilizazioa. Deitzaileek kezka azaldu dute, EITBko zuzendaritza postuak hautatzeko prozesuetan ez direlako euskararen ezagutzaren eskakizunak betetzen ari. «EITBko zuzendaritzak azkeneko urteetan baldintza gisa ipini du C1 maila izatea zuzendariak hautatzeko deialdietan. Haatik, orain arteko bidean atzera egin zuen iaz, eta hiru ardura postu esleitu dizkie euskara eskakizuna betetzen ez duten hiru pertsonari». EITB Mediako zuzendaritza, EITBko Social Media eta Eitb.eus-en zuzendaritza eta zuzendaritza komertziala postuak dituztenei buruz ari dira. «Atera berri diren deialdietan jada ez da C1 mailarik eskatzen. Baldintza bakarra da «gaztelania, euskara eta ingelesa jakitea», zehaztapen gehiago egin gabe». Hori eskatu diote, esate baterako, Primeran plataformako eduki arduraduna izango denari. «Horiek atera dira azalera azkenaldian, baina lehendik ere gabezia larriak daude hainbat arduradun eta zuzendariren euskara mailan». Honako galdera hau egin dute manifestuaren sinatzaileek: «Gaztelaniaz onartuko al genuke zuzendari nagusiak agerraldi publikoetan euskaraz erakutsi duen maila?».
EITBko Social Media eta Eitb.eus-eko zuzendaria hautatzeko kontratazio prozesuko deialdiaren dokumentua lortu du BERRIAk —gaztelaniaz dago idatzita jatorrian—. Hizkuntzen eskakizunaren atalean, gaztelania, euskara eta ingelesa jakitea eskatzen da, titulaziorik aipatu gabe. Ondotik, ohar hau dago: «Hautagaiak ez dira baztertuko hizkuntza baldintzak osorik ez betetzeagatik. Hautagaiek ez badituzte hizkuntza baldintzak betetzen baina beste baldintza batzuk nabarmenak baldin badira, aintzat hartuko dira, eta globalki hautagaitzarik osoena onartuko da».
Urtarrilean, EITBko erredakzio kontseiluek gogor kritikatu zuten Nagore de los Rios izendatu izana EITBko Social Mediaren eta Eitb.eus-en zuzendari. Zuzendaritzak hartutako erabaki «oker eta onartezin» horren harira, kezka azaldu zuten langileak ordezkatzen dituzten kontseiluek. Kontseiluek azaldu zutenez, langileek gaztelania hutsean izan dituzte lan harreman eta bilera guztiak De los Riosekin. EITBko Euskara Batzordeak, ildo berean, salatu zuen gutxietsi egin dela euskara jakiteko eskakizuna. Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak, berriz, honako hau adierazi zuen administrazio kontseiluan: «Zuzendari batzuek ez dute euskara eskakizunik, baina esperientzia profesional izugarria dute. Sentitzen dut orekatu behar dudala profesionala eta hizkuntza».
«Ezin da profesionaltasunez jardun EITBn euskara menderatu gabe»
Aldatu Gidoia mugimenduak eta sindikatuek antzeko kritikak egin dituzte orain, eta salatu dute zapuztu egin dela 2013tik EITBn indarrean dagoen euskara plana. «Halaber, planaren helburuei ere erasotzen die; alegia, euskararen erabilera sustatzea eta gizartearen aurrean proaktiboki jokatzea euskararen sustapenean».
Datorren asteko protestaren deitzaileek egoera «salagarria» eta «larria» dela deritzote. «Komunikabide publikoa den aldetik, EITBk sorreratik du gizartearen aurrean euskara sustatzeko betekizuna eta erantzukizuna. Helburu hori zenbateraino betetzen ari den hausnartu beharko dugu euskalgintzak, gizarte eragileok eta EITBren gainean ardura duten erakundeek». Tresna eraginkorra izateko neurriak eskatu dituzte. «Bitartean, gutxienekoa da zuzendari eta arduradun guztiek euskara menderatu dezaten eskatzea. Izan ere, erabaki horiekin EITBk euskara eta euskaldunak gutxietsi eta baztertu egiten gaituen irudia zabaltzen da gizartearen aurrean».
Sindikatuek eta Aldatu Gidoia mugimenduak beste ohar bat gaineratu dute: «Ezin da profesionaltasunez jardun EITBn euskara menderatu gabe, euskal kulturaren eta sorkuntzaren ezagutzarako traba handia baita, eta ulergaitza».
Manifestuari eta protestari atxikimendua adierazi diote hainbat eragilek eta norbanakok. Eragileen artean hauek daude: Pantailak Euskaraz, Euskal Herrian Euskaraz, Gazte Euskaltzaleon Sarea, Sortzen, Steilas sindikatua, Ahotsenea, Hau Pittu Hau eta Administrazioan Euskaraz Taldea. Bat egin dute, halaber, Arnas Dezagun taldeak, Aintzat Osasungintza Euskalduntzea mugimenduak, Jardun euskara taldeak, Eskola Publikoaz Harro plataformak, Zaparraie euskara taldeak eta Irunabar Irungo bertsoaren bilguneak. Horiei batu zaizkie, baita ere, AEK, Eitb.eus-eko erredakzio kontseilua, EITBko erredakzio kontseilua eta EITBko Euskara Batzordea. Eragile horiek ez ezik, laurehun norbanakok baino gehiagok adierazi dute atxikimendua.
EH Bilduk eskatu du EITBko Giza Baliabideen zuzendariak agerraldia egin dezala Eusko Legebiltzarrean, EITBko zuzendaritzak EITBko Social Media eta Eitb.eus webguneko zuzendari postuak betetzeko lan eskaintzaren oinarrien aldaketen inguruko azalpenak eman ditzan.