EITB Donostiako Zinemaldiaren babesle ofizial bihurtu da

EITBk plato mugikor handi bat izango du Bulebarraren eta udaletxearen artean, jaialdiak iraun bitartean. Euskadi Irratiak Zinemaldiaren inguruko saio bat egingo du egunero, 16:00etatik 16:30era.

Jose Luis Rebordinos eta Andoni Aldekoa, gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
Jose Luis Rebordinos eta Andoni Aldekoa, gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
urtzi urkizu
Donostia
2024ko irailaren 13a
13:00
Entzun

«Garrantzitsua da denak batuta jardutea». Hala esan du gaur Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiaren zuzendariak, EITB jaialdiko babesle ofizial bihurtu dela iragartzearekin batera. Lehendik ere harreman sendoa zuen EITBk Donostiako Zinemaldiarekin, baina beste pauso bat da babesle ofizial bilakatzea. Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak «aurrerapausotzat» jo du, hain zuzen. «EITBk euskal zinemarekin duen konpromisoaren adibide ere bada hori», gaineratu du. «EITBk babes sendoa eman nahi dio Zinemaldiari. Herri honetako eragile garrantzitsu bat gara, eta derrigorrezkoa da EITBk kultur ekitaldi garrantzitsuetan parte hartzea. Bai Zinemaldia, bai euskal zinema, munduan zabaltzeko gure leihoak dira».

EITBko hedabideek arreta berezia jarriko dute nazioarteko zinema jaialdian. Hainbat modutan parte hartuko du taldeak eragile gisa ere. Hilaren 24an, Euskal Zinemaren Gala ekoitziko du EITBk; gala horretan, EITBk Egile Berriak saria emango du, Viktoria Eugenia antzokian. Biharamunean, 25ean, EITB gala ospatuko dute toki berean, eta Itsatsita 2 film musikalaren aurrestreinaldia egingo dute —lehen partea Primeran plataforman dago ikusgai—. Hilaren 27an, Go!azen telesailaren 11. denboraldiko lehen atalaren aurrestreinaldia egingo dute Belodromoan —sarrerak salgai jarri bezain laster bukatu ziren—.  Ekitaldi horietaz gain, EITBk jardunaldi profesional bat ere antolatu du hilaren 24rako, ikus-entzunezkoen sektoreko profesionalekin.

EITBk indartu egin nahi du Zinemaldian duen presentzia. Horiek horrela, plato mugikor handi bat jarriko dute Bulebarraren eta udaletxearen artean, eta hainbat irrati eta telebista saio egingo dituzte han. Gure zinema. Gure leihoa mundura begira leloa jarriko dute EITBren platoan, eta lelo hori erabiliko dute jaialdi osoan.

Euskadi Irratiak, gainera, irratsaio berezi bat egingo du arratsaldero, 16:00etatik 16:30era. Mikel Iarza kazetariak gidatuko du, eta kolaboratzaileak hauek izango dira: Jorge Gil, Bego del Teso, Gaizka Izagirre, Paula Olaz eta Izaskun Arandia. Mailu Odriozola eta Karmele Uribesalgo kazetariak ere jaialdiaren berri ematen ariko dira. Jaialdiaren lehen egunean, Faktoria saioak emankizun berezi bat egingo du hiriaren erdigunean, Iñaki Guridik eta Maider Segurolak gidatuta.

Aldekoak nabarmendu duenez, bestalde, jaialdian ikusiko diren dozena bat lanetan parte hartu du EITBk: hiru film luzetan —tartean, euskarazko Azken erromantikoak—, zazpi dokumentaletan, film labur batean eta bi telesailetan.

'Goenkale'-ko musuak

Ostiralean, Donostiako Zinemaldiaren aurkezpen ofizialean, Rebordinosek aipatu zuen «[Espainiako] estatuko telesailetan» ez zela «homosexualen arteko musurik izan 1999. urtera arte». Sebastiane sariaren 25. urteurrenaren harira egin zuen aipamena. Gaur, berriz, Rebordinosek azaldu du urte hori baino lehen ETB1eko Goenkale telesailean izan zirela bi pertsonaia homosexualen arteko musuak, 1994-1995 urteen bueltan. Hain zuzen ere, urrian beteko dira 30 urte ETB1 Goenkale ematen hasi zenetik, eta euskarazko telesail horri aitortza egin dio Zinemaldiaren zuzendariak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.