Eikenek eta EITBk «garai berri bat» abiarazi dute

Metadatuei buruzko proiektu aitzindari bat garatu nahi dute, eta aliantzen aldeko hitzak egin dituzte bi erakundeek, Donostian

Tomas Iriondo (Gaia), Aletxu Etxebarria (Eiken), Lucia Rekalde (Europako Batasuna), Bingen Zupiria (Eusko Jaurlaritza), Jon Insausti (Donostiako Udala) eta Andoni Aldekoa (EITB), atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2023ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Euskal ikus-entzunezkoen sektoreko garai berrietarako atea irekitzeko ekitaldia. Modu horretan definitu zuten Eiken Euskadiko Ikus-entzunezkoen eta Eduki Digitalen Klusterrak eta EITBk atzo Donostiako Tabakaleran egin zuten aurkezpena. Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak eta Aletxu Etxebarria Eikeneko presidenteak aurrera begirako hainbat ildo plazaratu zituzten —hasierako euskarazko agur laburraren ostean, azalpen guztiak gaztelaniaz eman zituzten—. Elkarrekin lan egiteko nahia azaldu zuten biek, eta unea garrantzitsua dela nabarmendu.

EITBko zuzendari nagusiak zortzi erronka nagusi aurkeztu zituen ikus-entzunezko sektorearentzat: «Lehiakortasun ekonomikoaren lehentasunezko sektorea izatea; sektorearen estrategia komuna; enpresen tamaina eta gaitasuna handitzea; finantzaketa hobetzea; kanpoko merkatura ateratzea; giza baliabide aurreratuetarako sarbidea hobetzea; kanpoko plataformekin eta taldeekin aliantzak finkatzea; eta enpresen traktore gehiago izatea».

Gaztelania hutsean, Aldekoak zera esan zuen: «Hizkuntza ez da hesi bat». Hainbat egitasmoren berri eman zuen EITBko zuzendari nagusiak: adibidez, Primeran plataformaren beta bertsioak hilabete eta erdi barru ikusiko du argia; udan «suabe» abiaraziko da, eta irailean «abiadura bizia» hartuko du. Aretoko pantaila batean irakurri ahal izan zen zer izango den Primeran: «Euskal eta euskarazko edukien erakusgarri, kalitatezko eskaintza askotarikoa bermatzeko asmoz sortutako plataforma digital bat, eta euskal munduari zabalik dagoen leiho digitala». Edukien artean, filmak, telesailak, ekitaldien zuzeneko emankizunak, haurrentzako edukiak, dokumentalak eta programak egongo dira. Euskarazko edukien 1.500 ordu baino gehiago. Astero eduki berriak gehituko dituzte.

Ondotik iritsiko da Makusi, euskarazko ikus-entzunezko edukien plataforma, 0 eta 12 urte arteko haurrentzat prestatua. Azpitaldeak sortuko dituzte, adinaren arabera eskaintza hobeto egokitzeko. Batez ere, marrazki bizidunak, filmak eta telesailak eskainiko ditu.

Audio plataforma bat ere iritsiko da hilabete batzuk barru. Guau! Gure Audioa izena jarriko diote zerbitzu horri. Euskarazko audio edukien erreferentziazko gune bihurtzea edukiko du helburutzat, baita erabiltzaile esperientzia egokia eskaintzea ere. Besteak beste, podcastak, irratietako edukiak, beste eragile batzuen audioak eta musika egongo dira entzungai.

Hemendik gutxira, halaber, beste egitasmo bat abiaraziko du EITBk: Orain. Informazio edukiak eskaintzeko zerbitzu bat izango da, bereziki 40 urte baino gutxiagoko herritarrentzat diseinatua. Whatsapp aplikazioan hasiko du bidea, udan.

«Datuak petrolioa dira»

Ikus-entzunezko Edukietarako Europako Datu Partzuergoa sortzeko egitasmoan parte hartuko du EITBk, Europako Irrati-Telebisten Batasunarekin batera. Multimedia datuen gaia garrantzitsutzat jo zuen Aldekoak, eta prestakuntza ikastaroak egingo dituzte profesionalentzat.

Bide beretik, datuak «petrolioa» direla adierazi zuen Lucia Rekalde Europako Batasuneko Hedabide Politikako zuzendari laguntzaile eta Ikus-entzunezko Industriari eta Hedabideei Laguntzeko Programen Unitateko buruak. Edukien marketinean inbertitu behar dela esan zuen, «hartzaileengana iristeko».

Eikeneko presidente Etxebarriak 2023-2024 urteetarako ekintza plana aurkeztu zuen, eta sei lan ildo hauek nabarmendu: «Gizartean eragina izango duten eduki berritzaileak sortzea; ikus-entzunezko metadatuei buruzko proiektu aitzindari bat garatzea; azpiegitura digital berriei buruzko ekoizpen birtuala sustatzea; egiteko komertzialak bultzatzea eta nazioarteko foro eta proiektuetan parte hartzea; sektoreko soslaien gaikuntza garatzea; eta eduki jasangarrien kudeaketa». Etxebarriak garrantzitsutzat jo zuen 2020an klusterra Gaia Jakintza Industrien eta Teknologia Aplikatuen Elkartean sartu izana. «Etapa berri honetan, bultzada bat etorriko da EITBren eskutik», gaineratu zuen Etxebarriak.

Ekitaldian parte hartu zuten Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Jon Insausti Donostiako Udaleko Kultura eta Euskara zinegotziak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.