Gaurtik aurrera, Eider Hurtadok aurkeztu eta zuzenduko du Radio Euskadiko Boulevard goizeko albistegia, 06:00etatik 10:00etara. Izan ere, Xabier Garcia Ramsden EITBko kazetariak agur esan dio Radio Euskadiko goizetako etapari. Hurtado gaztelaniazko irratiaren arratsaldetan ari zen, eta aurrerantzean Itsaso Guemesek aurkeztuko du Distrito Euskadi programa.
Hain zuzen ere, Boulevard saioan abiatu zuen Eider Hurtadok bere ibilbidea EITBn, eta hortik aurrera bide luzea egin du irratian zein telebistan. Besteak beste, 360 grados, Aquí y Ahora eta El Cambio programak aurkeztu ditu ETB2n, eta ikerketa eta datu kazetaritza, gaurkotasuna, politika eta analisia jorratu ditu. 2023ko irailetik irratiari lotuta dago berriro ere, denboraldi honen hasieran Distrito Euskadi programa hartu baitzuen bere gain. Gaur, berriz, Boulevard gidatzeari ekin dio. Boulevard goizero ikusi ere egin daiteke ETB2n eta eitb.eus-en, 07:00etatik 10:00etara.
Maiatzaren 20tik aurrera, Xabier García Ramsden ETB2ra itzuliko da, eta Quédate magazina aurkeztuko du hilabete batzuetan. Ostiralean Radio Euskadin hala iragarri zuen Garcia Ramsdenek: «Gaur hiru urteko etapa bat itxiko dut Boulevard-en, eta nire bigarren etxe profesionalera itzuliko naiz, ETB2ra. Maiatzaren 20tik aurrera, Quédate arratsaldeko programa aurkeztuko dut hilabete batzuetan».