Ehun proiektu baino gehiago erakutsiko dituzte Seriesland jaialdiaren hamargarren aldian

Azaroaren 5etik 9ra egingo dute websailen nazioarteko jaialdia, Bilbon. Euskal Herriko sei lan emango dituzte azaroaren 6an Bilborock aretoan.

Makusiren 'Power Up' saioa. A FILM TO KILL FOR
Makusiren 'Power Up' saioa. A FILM TO KILL FOR
urtzi urkizu
2024ko urriaren 30a
05:00
Entzun

Aukeraketa «heterogeneoa» eta «multikulturala» egin dute X. Seriesland-Bilbao International Digital Festival jaialdian, Rose of Dolls antolatzailearen esanetan. Hogei herrialde baino gehiagotako lanak jaso ditu jaialdiak, eta horietatik ehun baino gehiago ikusi ahalko dira azaroaren 5etik 9ra. Egun horietan egingo du websailen nazioarteko jaialdiaren hamargarren aldia. Berrikuntzen artean, Pilotoak kategoria sortu dute, «talentu gazteari eta sortzen ari denari laguntzeko» asmoz. Hau da, proiektuen artean lehen atalik onena dena sarituko dute.

Urtero bezala, doakoak izango dira jaialdiko proiekzioak eta hitzaldiak —60 inguru—. Baina, beste alde batetik, topaketa profesionalak eta sektorearentzako bestelako jarduerak egingo dituzte. Nabarmentzekoa da, halaber, adimen artifizialaren inguruan egingo duten jardunaldia.

Antolatzaileek nabarmendu dutenez, Seriesland jaialdiak zirkuitu komertzialetatik eta plataforma handietatik kanpo sortzen diren sortzaile gazteen azken lanak Bilbon erakusteko «konpromisoari leial» eutsiko dio. «Horrek eduki berritzaileak eta kalitatezkoak ikusteko aukera ematen du», dio Rose of Dollsek. Gainera, jaialdiak bere metabertso propioa sortu du, eta horren bidez adituekin eta jaialdiko parte hartzaileekin modu birtualean harremanetan jartzeko aukera ematen die herritarrei.

Euskal Herriko websailak

Jaialdiari hasiera emateko, azaroaren 5ean Podkast Eguna egingo dute. Gonbidatuen artean, Jose Antonio Gelado, Jose A. Perez Ledo eta Paula Martin izango dira Bizkaiko hiriburuan.

Azaroaren 6an, berriz, Bilborock aretoan Euskal Herriko hainbat ekoizpen proiektatuko dituzte. Euskal Serierik Onenaren Saria eskuratzeko lehian, honako sei lan hauek parte hartuko dute: Chuminadas animadas, Wild China, Explorando el norte, Ardi beltzak, Power Up eta Black Harbour. Sei horietatik, euskarazkoak dira Ardi beltzak eta Power Up: aurrenekoa Xabin Fernandezek sortu du, eta irailaren 12an estreinatu zuten Primeran plataforman. Eta bigarrena Makusi plataforman estreinatu zuten udaberrian, eta orain bigarren denboraldia aurkeztuko dute Bilboko jaialdian. Egun horretan aurkezle lanak Alazne Astorga aktoreak egingo ditu.

Makusiren 'Power Up' saioa.
'Power Up' euskarazko websailaren grabaketa. A FILM TO KILL FOR

Sail Ofizialaren barnean, bestalde, herrialde ugaritako lanak ikusi ahalko dira. Tartean dira, esaterako, Becoming Charlie —gazte transgenero baten trantsizioaren gainekoa—, Sam —Irango hiru emakumeren ingurukoa—, Altitudes dokumentala —Nepalgo emakume xerpak dira protagonista— eta Zyara to Yemen —gerraren ondorioak jasaten dituztenen gaineko Libanoko lan artistikoa—.

Kanada da aurtengo Serieslanden websail gehien aurkeztuko dituen herrialdea. Bost lan ekarriko dituzte sortzaile kanadarrek Bilbora: The Meteorites, Peasantries, I Will Bury You, La terre apelle Mathilde eta Head Shop. Jaialdiko antolatzaileen arabera, agerikoa da Kanadan «sostengu handia» dutela ekoizpen independenteek eta egile hasiberriek.

Aurtengo programazioan, bestalde, House of Switzerland komedia izango da arreta bereganatuko duten lanetako bat. Laneko giroarekin lotutako topikoei egiten die trufa, baita Suitzako klixe askori ere.

Aurrerapen teknologikoak

Azaroaren 8an, Basqueguna izeneko jardunaldi berezia egingo dute Getxoko (Bizkaia) Biscay eraikinean. Ekitaldi horrek helburutzat izango du aurrerapen teknologikoek ikus-entzunezko eta sorkuntza industriari eskaintzen dizkioten aukerak aztertzea. Hizlariak Manuel Balsera (AMC eta TMT enpresen aholkularia), Felipe Jimenez (Banijai Iberia ekoiztetxea), Janet de Nardis (Digital Media), Csongor Dobrotka (Die Serialde jaialdia), Pedro Levati (Flixxo), Dipu Bhattacharya (Web Series World Cup) eta Silvia Popescu (ekoizle eta zuzendaria) izango dira. 

Sariak banatzeko ekitaldia azaroaren 9an egingo dute, Guggenheim museoan. Sail Ofizialeko epaimahaia hamahiru lagunek osatzen dute, eta horien artean daude Mariia Eliseva websailen sortzaile eta Mayak jaialdiko programatzailea eta Bryan Thompson Miami Web Fest jaialdiko (AEB) zuzendaria. 30 sari banatuko dituzte, sei kategoriatan banatuta. Eta lehen aldiz emango dute pilotu onenaren saria.

Seriesland jaialdiaren hamargarren aldiaren trailerra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.