Egunkari bat komunitatearena

Ainara Lasa
2023ko azaroaren 23a
05:00
Entzun

«Ezer ez da betirako», dio esamoldeak, baina gu gabe ere biziko den egunkaria egitea da gure eguneroko motorra. Ez gara 2003ko berberak, ezta BERRIA ere. Egunkariaren azaleran joan zaigu azala zimurtzen langile eta irakurleoi, eta etorri dira lankide berriak, haize freskoa eta irakurle berriak. Elkarrekin egin dugu bidea, eta ez da erraza izan. Haize kontra ibili gara beti, batzuetan oso kontra. Eta jendea izan dugu beti alde.

Ezaren kontra baietza sortuz eman zituen lehen pausoak euskarazko egunkari nazionalak. Bortizkeria basatiz itxi zuten Euskaldunon Egunkaria, eta orduan ere jendea alde, gure alde, egunkari bat komunitatearena birsortzen.

Egunkariak irakurtzeko euskarriak eta moduak, bistan da, izugarri aldatu dira hogei urteotan, eta egunkarien negozio eredu estandarrak ere bai. BERRIAk eutsi egin zion 2011n webgunean edukiak libre eta doan eskaintzeari; ordainpeko hesien gainetik, euskaldun guztientzako euskarazko informazioaren zoru eta zeru nazionala, hizkuntzaren hedapen eta biziberritzerako estrategikoa zela pentsatzen zuelako.

Ikusi gehiago

BERRIAren eginkizuna ez da aldatu, eta aldi berri honetan ere ateak eta leihoak zabalik izango ditu berriak irakurle guztientzat. Pentsa lezake jendeak BERRIAk sendo dagoelako egin duela jauzi hau. Guk esango dizuegu sendo egon nahi dugulako egin dugula jauzia. Ez daukagu aldi konplexu honi erantzungo dion ahalik egunkaririk onena egitea beste biderik, hizkuntza hedatzen, irakurleak sortzen eta herria trazatzen segituko badugu. Horretarako, orain ere jendea alde beharko dugu; 3.000 babesle berri behar ditugu, etorkizuna eta independentzia bermatuko digutenak.

Egunkaria eskuetan hartu eta egin ezazu zu ere bazaren gu horren alde. Gu gabe ere biziko den egunkariaren antzinako aztarnak induskatuko dituzten arkeologoek ikusiko dute jendeak eutsi ziola proiektu honi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.